Aurreko Albisteak

BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK 2022KO LURRALDEKO AURREKONTUAK ONARTU DITUE

  • Batzar Nagusietako Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeetako ordezkarien 33 botoei esker, Aldundiak 1.459,8 milioi euro kudeatu ahal izango ditu, aurton baino ehun milioi euro inguru gehiago.

  • Oposizinoko hiru taldeek (EH Bildu, Elkarrekin Bizkaia eta Talde Berezia-PP Bizkaia), foru arau proiektuaren kontra bozkatu dabe, proiektu horrek ez dauelako jasoko gaurko osoko bilkurarako erreserbautako 474 zuzenketa-eskeetako bat bera be ez.

(Gernikan, 2021eko abenduaren 30ean). Datorren urterako Bizkaiko Lurralde Historikoaren Aurrekontu Orokorrak behin betiko onartu dira gaur goizean Gernikako Batzar Etxean egindako osoko batzarrean. Foru Arau Proiektuak Foru Aldundiari eusten deutsien talde bien babesari esker urten dau aurrera. Euzko Abertzaleek eta Euskal Sozialistek 8.886,1 milioi euroko kontuak babestu ditue. Horreetatik 1.459,8 milioi euro kudeaketa propiorako izango dira, aurreko urtean baino % 7,4 gehiago. Lurraldeko Kontuak Batzarretan erregistrau eta hilebete bira, Batzar Nagusien babesa jaso dabe, oposizino osoaren (EH Bildu, Elkarrekin Bizkaia eta Talde Berezia-PP Bizkaia) ezezkoagaz. Gaurko erreserbautako 474 zuzenketa-eske parzialetatik bat bera be ez da onartu.

Bizkaiko Parlamentuko bost taldeek euren jarrerak defendidu ditue, txanda bitan. Ordu biko eztabaidaren ostean, Kontuen bozketea egin da, eskua jasota. Unai Rementeria buru dauen Gobernuaren seigarren aurrekontuak Bizkaiko Parlamentuaren behin betiko oneritxia jaso dau, sail bakotxaren kontuen erespenak onartzeko bederatzi bozketa egin ostean, eta beste bat testu artikulaua berresteko, guztiak emaitza beragaz: aldeko 33 boto eta kontrako 17 (ordezkari bat falta zan).

Ogasun eta Finantzetako Batzordeak Foru Arau proiektuaren ganean emondako erespena Batzar Nagusietako taldeek erreserbautako 474 zuzenketa-eske parzialegaz iritsi da urteko osoko azken bilerara. Zuzenketa-eske guztiok atzera botata egozan orain dala egun batzuk, abenduaren 16tik 21era bitartean, egindako zortzi batzordeetan. EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak aurkeztutako osoko zuzenketa-eske biak bertan behera geratu ziran abenduaren 13an. Oposizinoak gaur ikusi dauenez, datorren urterako gastuaren egiturea aldatzeko asmoa eukien proposamen guztiak atzera bota ditue.

PARLAMENTUAREN “% 66KO” BABESA

Aldundiari eusten deutsien talde biek euren gobernu-ituna defendidu dabe, eta, horregaz bat, baita Unai Rementeriaren bigarren agintaldiko bigarren aurrekontuak be.

Juan Otermin Batzar Nagusietako sozialisten bozeroalearen berbetan, aurrekontu hori “altua eta batez be soziala” da, eta bere eretxiz “susperraldiarena” izango dan urteagaz bat dator. Hori dala eta, kontuek “azeleragailua zapaltzea” daukie helburu, “personentzat” pentsauta dagoz, euren helburu nagusia “arazoak konpontzea” dala ahaztu barik. Ildo horretan, gastuaren “euro bitik bat gehien behar dauenari” emoten jakola azpimarratu dau. Zehatzago esanda, Gizarte Ekintza eta Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun sailek “671” milioi euroko aurrekontua daukie. Otermin jaunak tamalgarritzat jo dau EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak (osoko zuzenketa-eskeak aurkeztu ebezan taldeek) “akordioetara heldu gura ez izatea”; “izan be —ganeratu dau Oterminek— zuek, medioetan letra handiz agertzeko aukerea emongo deutsuezan titularrakaz eztabaida sustatzea behar dozue”, eta hori “justifiketako” zuzenketa parzialak geitzen dituzue.

Ildo horretan, Mikel Bagan, Batzar Nagusietako Euzko Abertzaleak taldeko batzarkideak, aurrekontuek udalak finantzetako “969” milioi euro bideratuko dituela defendidu dau, hau da, aurton baino “112” milioi euro gehiago. Aurrekontuek susperraldia bultzatzeko, ekonomia suspertzeko, enpleoa sortzeko eta Aldundiak hasitako trantsizino estrategikoak (soziosanitarioa, trantsizino jasangarria, digitalizazinoa eta energetikoa) sustatzeko balioko dabela azpimarratu dau Baganek. Oposizinoak aurkeztutako zuzenketa-eskeetan planteautako partiden “minorizazinoa” kritikau dau; izan be, “askotan, gizarteak eskatzen dituan zerbitzu publikoetatik edo aurreko ekitaldietan konprometiduta egozan partidetatik dirua kentzea planteatzen dabelako”.

“ARRABOL PARLAMENTARIOA”, OPOSIZINOAREN ERETXIZ

Beste alde batetik, EH Bilduk, Elkarrekin Bizkaiak eta Talde Berezia-PP Bizkaiak bat egin dabe Kontuen aurkako jarreran, eta Foru Aldundiari eusten deutsien taldeei zuzenketa-eske parzial guztiak atzera bota izana leporatu deutse, “arrabol parlamentarioa” dala eretxita. Hirugarren urtez jarraian, “koma bat be ez da mobidu”, kexau da Bea Ilardia EH Bilduko bozeroalea.

Eduardo Andrade Talde Berezia-PP Bizkaia taldeko ordezkariak edegi dau eztabaidea, Batzar Nagusietako Taldeen jarrerari kritika eginez, pandemiak sortutako krisiak baldintzatutako une “berezi” honetan “proiektu komun” baten alde ez egiteagaitik. Era berean, adierazo dau gobernuko taldeek ez dabela saritu bere taldeak osoko zuzenketa-eskerik aurkeztu ez izana. Andrade jaunak ganeratu dauenez, Foru Gobernuaren “etxearen marka” bihurtu dan jarrera horri ekinez, “Popularrek aurkeztutako 142 zuzenketa-eske parzial guztiak (54 milioi euroko balioa daukie) errefusau ditue”.

Elkarrekin Bizkaia taldetik, Eneritz de Madariaga bozeroaleak kritikau dauenez, Aurrekontuak “ez dau susperraldia guztiengana iristea ahalbidetzen, eta ez deutse herritarrei erantzuten, interes pribaduei baino”; hori dala eta, bere taldeak “164 zuzenketa-eske parzial” aurkeztu ditu, “hobetzeko eta ekarpenak egiteko”. “Kalidadezko” enpleo publikoko politiketan eragiteko eta pribatizazino politiketatik iges egiteko nahia aitatu dau de Madariaga andreak, baita babes sozialeko mekanismoak indartzekoa be gain. Era berean, 2022rako erreforma fiskalaren planteamentua aitatu dau, Urkullu lehendakariak Ondarearen ganeko Zergaren aldaketea aztertzeko erakutsi dauen asmoa gogora ekarriz. “Ikusiko dogu zein norabidetan”, esan dau.

Beste alde batetik, Bea Ilardia EH Bilduko bozeroaleak Aldundiaren gobernantza modua deitoratu dau, aurrekontuak hobetzeko “aukera galdua” dalako. Jeltzaleen eta sozialisten jarrerea “paripetzat” jo dau, “alkarlanean aritzeko gaitasunik ez dabelako eta akordioak lortzeko ohiturarik ez daukielako”. “Lerroen itxiera” horren ondorioz, Aldundia babesten daben taldeek ez dabe onartu koalizino abertzaleak aurkeztu dituan “147 zuzenketa-eske parzialetatik” bat bera be, ezta testu artikulauari aurkeztutako beste 11 zuzenketa-eskeak be. “Eztabaidarik be ez da izan”, esan dau. Zerbitzu publikoak sendotzeko, trantsizino ekologikoa eta mobikortasun jasangarria bultzatzeko, bardintasuna sustatzeko, enpleoaren “duintasunerantz” aurrera egiteko edo finantzaketa “bidezkoagoa eta solidarioagoa” lortzeko aldaketak sartzeko aukerea galdu da barriro, bere berbetan.