Aurreko Albisteak

2022KO BIZKAIKO AURREKONTUAK PREST DAGOZ ABENDUAREN 30EKO OSOKO BATZARREAN ALDAKETA BARIK ONARTZEKO

  • Bizkaiko Batzar Nagusiek gaur amaitu ditue zuzenketa-eske parzialak eztabaidatzeko batzordeak, Ogasun eta Finantza Sailaren kontuak eta arau-proiektuaren Testu Artikulaua aztertuta

(Bilbon, 2021eko abenduaren 21ean). Batzar Nagusietako taldeek datorren urterako Lurraldeko kontuen azken zuzenketa-eske parzialak, Ogasun eta Finantza Sailari jagokozanak eta arau-proiektuaren Testu Artikulauari egindako zuzenketa-eskeak aztertu eta bozkatu ditue gaur batzordean. Eztabaidak iraun dauen lau jardunaldietan errepikau egin dan gidoiari jarraituta, Aldundiari eusten deutsien taldeek (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak) ez ditue onartu oposizinoko taldeek (EH Bildu, Elkarrekin Bizkaia eta Talde Berezia-PP Bizkaia) Aldundiko sail horri aurkeztutako 27 zuzenketa-eske parzialak, ezta Testu Artikulauaren aurrean aurkeztutako beste hogeta hamar zuzenketa-eske inguru be.

Bizkaiko 2022ko aurrekontu-proiektua urriaren 29an erregistrau eban Bizkaiko Parlamentuan Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantza diputatuak, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariaren aurrean, eta, holan, hilebete bi iraun dauen Parlamentuko izapidetzeari ekin jakon. Diputatuen azalpenak entzun eta dokumentua herritarren alegazinoei zabaldu ostean, Batzar Nagusietako taldeek osoko zuzenketa-eske bi (EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia) eta 475 zuzenketa-eske parzial erregistrau ebezan. Foru Aldundia babesten daben talde biek guztiak baztertu ditue.

Aurrekontuen erespena, beraz, aldaketa barik helduko da Gernikako Batzar Etxean abenduaren 30ean egingo dan urteko azken osoko batzarrera, hau da, 8.886,1 milioi euroko kontuak izango ditu, eta horreetatik 1.459,8 milioi Foru Aldundiaren gastu erabilgarriari jagokoz. Aldundiko bederatzi departamentuek 2021ean baino 101 milioi gehiago izango ditue, hau da, arlo guztietako partiden igoeretan islatzen dan % 7,4ko igoerea. Ogasun eta Finantza Sailaren erespenak Bizkaiko Batzar Nagusietarako 9,4 milioi euroko aurrekontua bideratzea ekarriko dau osoko batzarrera, aurtengo zenbateko bera.