Aurreko Albisteak

BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK BAZTERTU EGIN DITUE EKONOMIA SUSTAPENA ETA IRAUNKORTASUNA ETA INGURUNE NATURALA SAILETAKO AURREKONTUEN AURREAN AURKEZTUTAKO ZUZENKETA-ESKE PARZIALAK

  • Ogasun eta Finantzetako Batzordean gaur egindako bilkura biak ixteko, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek oposizinoaren 152 zuzenketa-eske baztertu ditue

(Bilbon, 2021eko abenduaren 17an). 2022ko Bizkaiko Aurrekontuen zuzenketa-eske parzialen eztabaidak bigarren jardunaldia bete dau gaur Bizkaiko Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantzetako Batzordean. Atzo gertatu zan moduan, aldundia babesten daben taldeek, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak, baztertu egin ditue oposizinoko hiru taldeek (EH Bildu, Elkarrekin Bizkaia eta Talde Berezia-PP Bizkaia) Ekonomia Sustapena eta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala sailetako kontuak aldatzeko aurkeztu dituen zuzenketa-eske guztiak. Sail horreek 79,6 eta 67,3 milioi euro izango ditue, hurrenez hurren, datorren urtean.

Lehenengo saioan, Batzar Nagusietako taldeek Ainara Basurkok zuzentzen dauen saileko aurrekontuak jaso dituan 98 zuzenketa-eskeak eztabaidatu eta bozkatu ditue. Horreetatik heren bat Talde Berezia-PP Bizkaiak aurkeztu ditu, “10 milioi euroko, guztizko zenbatekoaren % 31,7ko” eraginagaz, Bizkaia eraldatzeko eta “euspeneko aurrekontu izatetik suspertzeko aurrekontu” izatera igaroteko.

“Beharrezkoagoak” diran beste zeregin batzuetarako baliabideak lortzeko asmoz, Elkarrekin Bizkaiak BECerako, Ekintzailetza Zentrorako, Urduliz Torreko Bizkaia 42 proiekturako, Energy Inteligence Centerrerako (EIC), Nagusi Intelligence Centerrerako edo Meatzaldea-Ezkerraldea Parke Teknologikorako partida ekonomikoak murrizteko edo ezabatzeko eskatu dau, saltoki txikiak suspertzeko laguntza barriak emonez.

Eta EH Bilduk, kanpoan turismoa sustatzeko eta ekitaldi handiak bultzatzeko partiden murrizketan jarri dau arretea, gertuko turismo jasangarrira bideratzeko, besteak beste. EICren aurrekontua murriztean be zentrau da, enpresa txiki eta ertainetarako eta enpresa ez-teknologikoetarako laguntzak sendotzeko. Eskualdeko garapenerako, talde moreagaz bat etorriz gizarte-enpresak sortzeko, eta ostalaritza eta merkataritza digitalizetako baliabide gehiago bideratzearen aldeko apustua be egin dau.

Modu berean, momentuz, Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Sailaren aurrekontu-erespenak ez dau aldaketarik jasango, Batzar Nagusietako taldeek 54 aldaketa proponidu dituen arren. Adibidez, Talde Berezia-PP Bizkaiak Gaztelugatxerako, abeltzaintzari otsoen erasoengaitik emon beharreko laguntzetarako edo basozaintzako prestakuntzarako eta ekipamendurako diru gehiago emotea proponidu dau. Basurdeen eta orkatzen uxaldiak areagotzeko edo Gorlizko fauna berreskuratzeko zentroa jentearentzat edegiteko eskatu diran partidak be ez dira onartu.

Beste alde batetik, Elkarrekin Bizkaiak energia-eraginkortasuneko eta klima-aldaketaren kontrako proiektuetarako partidak handitzea eta Aldundiaren esku dagozan basoen kontserbazinoa sustatzeagaz zerikusia daukienak handitzea proponidu dau. Modu berean, Karpinerako 200.000 euro emotea eskatu dau, eta Karrantzan araztegi bat eregiteko eta Errementarien tunela bide berde moduan berreskuratzeko prozesuan parte hartzeko partidak sortzea. Jeltzaleek eta sozialistek ez deutse uko egin Sopuerta eta Castro Urdiales lotzen dituan galeria finantzeteari; izan be, Bizkaiko Batzar Nagusietan aho batez onartutako mozinoa da. Halanda be, ez da sartzen sailak datorren urterako bizikletaren arloan dituan “lehentasunetan”.

Azkenik, energia-eraginkortasuneko proiektuak eta tokiko komunitate energetikoak sortzeko gehigarria bultzatzearen alde be agertu da EH Bildu. Zuzenketa-eske sorta bategaz, talde horrek “basoen beste irudi bat marraztea” lortu gura dau, pinuaren eta eukaliptoaren presentzia txikiagoa daukan baso jasangarriagoa izateko. Horretarako, beharrezkotzat joten dau udalei baso-lurrak erosten eta baso-barritze proiektuetan laguntzea. Ganera, beste ekoizpen-eredu bat sortzeko laguntza gehiago eskatu ditu jasangarritasunerako bidean joango diran ustiategiak bultzatuz, eta 5 milioi euro Ur Partzuergotik kanpo dagozan udalerrietako ur eta saneamendu azpiegituretarako.