BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK 2022KO AURREKONTUEN 475 ZUZENKETA-ESKE PARZIALEN EZTABAIDEA HASI DABE
- Gaur goizean egindako saio bietan, Ogasun eta Finantzetako Batzordeak atzera bota ditu Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol, Azpiegitura eta Lurralde Garapen, eta Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria sailetako aurrekontuen aurrean aurkeztutako zuzenketa-eske guztiak.
(Bilbon, 2021eko abenduaren 16an). Bizkaiko Batzar Nagusiek gaur hasi dabe Batzar Nagusietako taldeek 2022ko Bizkaiko Aurrekontuen aurrean aurkeztutako 475 zuzenketa-eskeen eztabaidea, Bilboko egoitzan. Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirola, Azpiegiturak eta Lurralde Garapen, eta Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria sailetako kontuak izan dira Batzar Nagusietako taldeen botoak jasoten lehenak. Ogasun eta Finantzetako batzordeak atzera bota ditu oposizinoko taldeek (EH Bildu, Elkarrekin Bizkaia eta Talde Berezia-PP Bizkaia) aurkeztutako zuzenketa-eskeak.
Lehenengo saioan, oposizinoak Euskara, Kultura eta Kirol Sailaren aurrekontuaren aurrean aurkeztutako 39 zuzenketa-eskeak defendidu ditu. Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak horreetako bakotxa ezesten joan dira. Gauza bera gertatu da Azpiegituren eta Lurralde Garapenaren aurrekontuaren aurrean aurkeztutako 29 zuzenketa-eske parzialakaz.
Lorea Bilbaok zuzentzen dauen sailaren aurrekontua, beraz, aldaketa barik iritsiko da abenduaren 30eko osoko batzarrera. Kontu horreek gehien aldatu eikiezan planteamentuen artean, Talde Berezia-PP Bizkaiaren zuzenketa-eske bat nabarmendu da, programa baten partidea 400.000 eurotan handitzeko eta Udaleku hirueledunak sortzeko, eta baita EH Bilduren partida barri bat Euskal Errotak eraikina birgaitzeko proiektuari ekiteko. Bere aldetik, Elkarrekin Bizkaiak, Guggenheim Museoak kontzeptu desbardinengaitik jasoten dauena 4,4 milioi euro murriztea proponidu dau, eta milioi bi euro gehitzea udalerriek euren industria-ondarea babestera bideratutako partidan.
Imanol Pradalesek zuzentzen dauen sailaren aurrekontu-testuari jagokonez be, ez dau aldaketarik jasoko. Oposizinoko taldeen planteamentu batzuetan milioiak eskatzen ebezan aldaketak egozan, azpiegituretan inbertsinoak hasteko edo sendotzeko. Errekaldeko saihesbidearen bultzadak PPren eta EH Bilduren zuzenketa-eske bereiziak eragin ditu. Popularrek milioi bi euroko partidea eskatu dabe, eta koalizino abertzalearen testuak, Bizkaiko Parlamentuan epe barruan aurkeztu ziran herritarren alegazinoak jasoten ebazan. Horrez gain, koalizino abertzaleak 600.000 euroko partidea eskatu dau Avanzadaren lurperatze osoa aztertzeko, eta beste 3 milioi euro Bilbo Metropolitarreko bidegorri sarea indartzeko, Sopuerta eta Castro arteko Herreroseko tunela egokitzea barru. Beste alde batetik, Elkarrekin Bizkaiak zuzenketa-eskea aurkeztu dau Azpiegituren Garapenerako programaren aurrean, Urbinagako Trukagailuaren lehenengo fasea 2022an hasteko.
Arratsaldean daborduko, Bizkaiko Batzar Nagusiek, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen ezezkoagaz, baztertu egin ditue Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Sailaren aurrekontuari aurkeztutako 21 zuzenketa-eske parzialak. Asko Bizkaibusen maiztasuna hobetzera edo linea barriak sortzera bideratuta egozan, horreen artean Elkarrekin Bizkaiak Meatzaldeagaz, Zallagaz eta Karrantzagaz loturak izango dituen anezkak martxan jarteko aurkeztutakoak, bai eta EHUgaz, Enkarterrigaz, Txorierrigaz, Durangaldeagaz eta Lea Artibaigaz gaur egun dagozan ordutegiak hobetzekoak be. Popularrek, euren aldetik, autobus gehiago eskatu ditue Sestao-Trapagaran A3331 linearako. Eta Ezkerraldeak eta Uribe Kostak Leioako campusagaz daukien loturaren inguruko azterlana 150.000 eurotan kuantifikau dau EH Bilduk.
Oposizinoak metroaren 4. (Galdakao) eta 5. (Errekalde) lineak sustatzeko partidak eskatu ditu. Popularrek 6 milioi euro eskatu ditue azpiegitura horretarako 2022an, eta horrei 600.000 euro gehitu beharko litxakiez Meatzalderako seigarren linea ezarteko aukerea aztertzeko. Beste alde batetik, EH Bilduk BizkaiaBizi proiekturako aurrekontua eta Bidegorrien Sareko komunikazinoa mapakaz, liburuxkakaz eta panelakaz hobetzea eskatu dau, txartel bakarra ezarteaz gain.
Gaurko saioetan, azkenengo urteetan errepikau diran eskariak agertu dira barriro, Lantikeko aurrekontua murriztera bideratutakoak (oposizinoko hiru taldeak batu ditu, planteamentu ekonomiko desbardinakaz) edo goi-kargudunen soldatak murriztera bideratutakoak, besteak beste. Alderdi moreak % 15eko soldata murrizketea proponidu dau eta EH Bilduk % 25ekoa. Murrizketen atalean, Interbiak moduko soziedadeetara diru gitxiago bideratzea eskatu dau alderdi moreak.