Aurreko Albisteak

BATZAR NAGUSIEN OSOKO BATZARRAK ATZERA BOTA DITU EH BILDUK ETA ELKARREKIN BIZKAIAK 2022KO AURREKONTUEI EGINDAKO OSOKO ZUZENKETA-ESKEAK

  • Bizkaiko Kontuen izapide parlamentarioak abenduaren 16tik 21era bitartean jarraituko dau, batzordean 475 zuzenketa-eske parzial eztabaidatu ostean.

  • Bizkaiko Parlamentuak, beste saio batean, ekonomia suspertzeko, Batuz sistemea borondatez ezarteko eta “udal-zergea” deritxona Konstituzino Auzitegiaren epaiari egokitzeko neurri barriak onartu ditu.

(Gernikan, 2021eko abenduaren 13an). Eguen honetatik aurrera Bizkaiko Aurrekontuen 2022ko Foru Arauaren proiektua izapidetzen jarraituko da batzordean, zuzenketa-eske parzialak eztabaidatzeko, gaur Gernikan egindako Bizkaiko Batzar Nagusien osoko batzarrak EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia taldeek aurrekontuak itzultzeko egindako eskaera bikotxa ezetsi ostean. Aldundiari eusten deutsien indar politikoen –Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak– baturea nahikoa izan da Osotasunari egindako zuzenketa-eske biak bertan behera ixteko. Talde Berezia-PP Bizkaiak be bat egin dau ezespen horregaz. Azkenean, Bizkaiko 16 ordezkarik alde bozkatu dabe eta 34k kontra.

2022ko Aurrekontuen proiektuak “8.886,1 milioi euro” batzen ditu, eta horreetatik “1.459,8 milioi” dira Bizkaiko Foru Aldundiaren esku erabilgarri dagozanak, Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantzako diputatuak gogorarazo dauenez. “Hamar eurotik lau” Gizarte Ekintza Sailaren beharrak beteteko erabiliko dira. Ohartarazo dauenez, kontu horreek ez dira “larrialdikoak”, igazkoen modukoak, izan be, igazkoek COVID-19aren inpaktuak sortutako krisiari erantzun gura eutsien. Hurrengo urtekoek “ekonomiaren susperraldia eta enpleoa bultzatu gura ditue, inor atzean itxi barik”, eta Aldundiak martxan jarritako trantsizinoak sendotu gura ditue, “inbertsino produktiboa alde batera itxi barik”.

EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak aurkeztutako osoko zuzenketa-eske biak eztabaidatzeko erreserbau da gaur Gernikako Batzar Etxean egindako bilera bietako lehenengoa. Alderdi biek nabarmendu dabenez, urriaren 29an Batzar Nagusietan jasotako kontuek ez dabe lurraldeko zerbitzu publikoei “berme osoz” eusteko aukerarik emoten. “Adreiluaren eta asfaltoaren, foru plan informatikoaren edo enpresen etekinen” aldeko apustua egiten dabela kritikau dau Eneritz de Madariaga alderdi moreko bozeroaleak, eta, EH Bildugaz batera, zerbitzu publiko horreei eusteko erreforma fiskala eskatu dau. Pandemiagaz, Aldundiak “ez dau ezer ikasi”, esan dau Bea Ilardia koalizino abertzaleko bozeroaleak. Zerbitzuak murrizteko “atxakia” bihurtu dau, eta ez, adibidez, “zaintzak eztabaidaren erdigunean jarteko”. Aurrekontuak “ez deutse gaur egun Bizkaian dagozan erronkei erantzuten”, gaineratu dau.

Beste alde batetik, Talde Berezia-PP Bizkaiak, igaz egin eban moduan, ez dau osoko zuzenketa-eskerik aurkeztu; izan be, politika “baliagarri, neurrizko eta konpromisozkoaren” alde behar egin gura dau, ekonomiaren susperraldian zentretako. Halanda be, Amaya Fernández bozeroaleak Bizkaiko aurrekontuak “hobetu” daitekezala uste dau, besteak beste, ekintzailetzari, langabeziaren kontrako burrukari eta diru-sarreren egiturari jagokenez, Bizkaiak baliabide publiko gehiago izan daizan.

Halanda be, Aldundia babesten daben talde bientzat (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak), aurrekontuek “modu errealistan eta egiaztauan” jasoten ditue pandemiari aurre egiteko politikak eta ekonomia suspertzea, enpleoa berreskuratzea eta zerbitzu publikoei eustea ahalbidetuko daben inbertsinoak. Juan Otermin bozeroale sozialistak azpimarratu dauenez, aurrekontu “sozialak eta hedakorrak” dira, eta zaintza plan barria jarri dau adibidetzat, horren “% 90 persianea altxatzera” bideratuko dan arren.

Eztabaidan, ez dira falta izan osoko zuzenketa-eskeak aurkeztu dituen bi taldeei zuzendutako kritikak. Jesus Lekerikabeaskoa bozeroale jeltzalearen eretxiz, alderdi bien estrategia “maniobra politiko legitimoa” da, baina ez dau “zerbitzu publikoak edo personen bizi-kalidadea hobetzeko” balio. Hori “akordioak lortuta” egiten da, eta hori “oso gatxa edo ezinezkoa” da beste alderdia “mahaian adostasunik ez lortzeko jarten danean”.

Osoko zuzenketa-eskeak atzera bota ostean, izapideak eguen honetan eta datorren martitzenean jarraituko dau, zuzenketa-eske parzialen eztabaideagaz eta bozketeagaz. Oposizinoak 475 zuzenketa-eske parzial defendiduko ditu Ogasun eta Finantza batzordean: 170, EH Bildurenak; 165, Elkarrekin Bizkaiarenak; eta 142, Talde Berezia-PP Bizkaiarenak.

SUSPERTZEKO NEURRIAK, BATUZ, BATZORDE MISTOAREN AKORDIOA ETA UDAL-GAINBALIOA

Eguneko bigarren saioan, Aldundiak bultzatutako hiru arau aldaketa onartu ditu osoko batzarrak. Lehenengoaren bidez, Aldundiak ekonomia suspertzeko neurri barriak eta BATUZ sistemea borondatez apliketako pizgarriak ezarri ditu. Oposizinoak erreserbautako 41 zuzenketa-eskeak atzera bota ditue.

Aldeko 32 botogaz (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak), kontrako 16gaz (EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia) eta abstentzino bigaz (Talde Berezia-PP Bizkaia) onartu da arau-proiektua, eta urtarrilaren 1etik aurrera BATUZ ezarten daben enpresa eta profesionalei pizgarri fiskala emongo deutse. Hurrengo ekitaldi bietarako indarrean egongo dan borondatezko atxikipen-aldia ezartearen aldeko apustua egiten da. Ezarpena sustatzeko, zergadunek PFEZren edo Soziedadeen ganeko Zergaren oinarria murriztu ahal izango dabe. Zenbat eta lehenago ezarri BATUZ, orduan eta handiagoa izango da konpentsazino hori, eta gehienez be zerga-oinarriaren % 15ekoa izango da hurrengo urteko lehen hiruhilekoa baino lehen egiten dauenarentzat. Arau horrek, modu berean, Ticket Bai sistemea ezartearen ondoriozko kostuengaitiko kenkariak jasoten ditu.

Modu berean, onartutako foru-arauaren proiektuak fiskalidadearen alorreko beste neurri batzuk be jasoten ditu, sare ekonomikoa suspertzeko, kalidadezko enpleoa sortzeko eta ekintzailetza eta talentua sustatzeko, besteak beste. Adinekoen zaintzan sakonduko da, “Silver economy” izenekoan, eta jarduera ekonomiko barria sortzen daben ekintzaileentzako pizgarriak indartuko dira. Atzerriko behargin kualifikauen etorrerea erakarteko fiskalidadea be egongo da.

Osoko batzarraren oneritxia jaso dauen foru-arauen bigarren proiektua Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren 2021eko garagarrilaren 29ko Lehenengo Akordioaren berrespena izan da, eta, zehatzago esanda, Aldundiak bilera horretan izan eban jarrerea. Bertan, merkataritza digitalari aplikau beharreko BEZaren ganeko Europako araudiaren translazinoari eta “Tobin Tasea” eta “Google Tasea” izenekoei babesa emon jaken. Testua kontrako boto barik onartu da, EH Bilduren eta Talde Berezia-PP Bizkaiaren abstentzinoakaz. Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantza diputatuak, abenduaren 23an Diputatuen Kongresuan egitekoa dan saioan akordio horren alde egiteko eskatu deutse alderdi politikoei; izan be, Batzar Nagusiek berretsi ez ezik, Gorteen oneritxia be jaso behar dau.

Eta, azkenik, Bizkaiko Legebatzarrak berretsi egin dau Uri Lurren Balio Gehikuntzaren ganeko Zergari –Udal gainbalioa izenaz ezagutzen dana– buruzko bagilaren 30eko 8/1989 Foru Araua egokitzen dauen Foru Dekretu Arauemoilea, Konstituzino Auzitegiak Estaduko Legearen artikulu jakin batzuk baliobakotzat joten dituan azken erabagira egokitzeko. Aldaketa hori Euskadiko Zerga Koordinazinorako Organuan adostu da. Aldeko 32 botogaz (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak), kontrako 8 botogaz (Elkarrekin Bizkaia eta Talde Berezia-PP Bizkaia) eta 10 abstentzinogaz (EH Bildu) berretsi da dekretua.

Arau-testu barriak zerga-oinarriaren zehaztapena aldatzen dau, higiezinen merkaduaren errealidadera hurbildu daiten, eta udalek lurzoruaren katastro-balioak, eguneratze-mailaren arabera, beherantz zuzentzeko daukien aukerea onartzen dau. Horrez gain, gehieneko koefiziente batzuk ezarten dira, lurra erosi zanetik igarotako urte kopuruaren arabera zehaztuta, eta urtero eguneratuko dira, prezioen bilakaerea kontuan hartuta. Hori guztia, tributu-karga benetan lortutako balio-gehikuntzari egokitzeko zergapekoari autortzen jakon ahalmenari kalterik egin barik.

Holan, Aldundiaren eretxiz, foru-araudia Konstituzino Auzitegiaren Epaiak ezarritakora egokituko da, zerga-oinarria zehazteko metodo objektiboa legez onartutako metodo bakarra ez izateari jagokonez, eta, ganera, zergapekoak halan eskatzen dauen kasuetan, balio-gehikuntzaren zuzeneko estimazinoak egitea ahalbidetuko dau. Oposizinoak, barriz, kritikau egin dau Bizkaian % 10etik % 15era igongo dan zergaren karga-tasea Arabagaz edo lurralde komunagaz harmonizauta ez egotea, hor % 30eko kargea daukalako, eta horrek eragin negatiboa izan daikelako udalen diru-sarreretan.