ALDUNDIAK UKATU EGIN DAU HIRU ALBAITARI KONTRATETAKO PROZESUAN IRREGULARTASUNIK EGON DANIK
- Elixabete Etxanobe Landajuela Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak, EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak eskatuta Bizkaiko Batzar Nagusietan egindako agerraldian, esan dau kontratetako prozedurea “zuzena” izan dala eta berak dakienez ez dala ezelango “errekursorik” aurkeztu, baina onartu dau “zuhurtziagaitik” plazak esleitzeko agindua gelditu egin dala.
- Sailak “ikertzen jarraitzen dau” ESK sindikatuak egindako salaketak argitzeko, baina oraingoz ez dau irregulartasunik atzemon.
- Sindikatuak urrian salatu ebanez, bitarteko hautagai bat izan zan proba praktiko bateko ariketetako bat gainditu eban bakarra.
(Bilbon, 2021eko abenduaren 9an). Elixabete Etxanobe Landajuela Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak, EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak eskatuta Bizkaiko Batzar Nagusietan egin dauen agerraldian esan dau hiru albaitari kontratetako prozedurea “zuzena” izan dala, eta bere sailak ez dauela “ezelango irregulartasunik” antzeman orain arte, joan dan urrian ESK sindikatuak, komunikabide baten bitartez egin eban salaketaren barri izan ostean edegi zan barruko ikerketa prozesuaren barruan.
Etxanobek, Lan Eskaintza Publiko horrek denporan zehar egin dauen bidearen kontakizuna egin dau fase bakotxaren inguruan. Aldundiak joan dan urtean edegi eban eskaintza hori, Nekazaritzako zerbitzuan hiru funtzionario-lanpostu beteteko, eta 80 persona aurkeztu ziran. Horreetatik 4k bakarrik (bitarteko batek eta Aldunditik kanpoko hiruk) gainditu ebezan, azkenean, epaimahai “independenteak” antolatutako probak. Epaimahai horrek modu anonimoan zuzendu ebazan azterketa biak, bata 100 galdera eukazan teorikoa eta bestea hiru ariketa jasoten ebazan praktikoa.
Diputatuak “errespetua” eskatu deutse hautaketako epaimahaia osatu daben lau personen aurrean, hau da, hautaketa prozesu horreetara euren borondatez aurkeztu diran eta egunero egiten daben beharrari lan “itzela” gehitzen deutsen Aldundiko funtzionarioen aurrean. Kasu horretan, ez dago epaimahaiko personek “ezer okerrik” egin dabela erakusten dauen “zantzurik”. Edozelan be, diputatuak esan dau “zuhurtziagaitik” hiru plazen behin betiko esleipena bertan behera ixtea erabaki dauela, Bilboko auzitegi batek prozesua argitzeko edegi dituan izapideak amaitu arte.
Oposizinoko taldeek egiaztau dabenez, epaimahaiak ikertu behar dauen eta diputatuak “argitu ez dauen” gaietako bat, Elkarrekin Bizkaia, EH Bildu eta Talde Berezia-PP Bizkaia taldeek adierazo dabenez, da ea behin-behinean plaza lortu dauen hautagaietako batek bigarren azterketako hiru proba praktikoetako baten inguruko informazinoa “aldez aurretik” euki dauen. Azterketa hori 2020ko azaroaren 30ean egin zan, eta 9 hautagai heldu ziran bertara. Aldundiak justiziari emon deutso informazino hori, justiziak, “ezelango salaketarik aitatu barik” eskatu eutsan eta. Etxanobek esan dauenez, Batzar Nagusietako taldeei ez deutse xehetasun gehiago emongo, gaia “sub judice” dagolako. Aurreratu ahal izan dauenez, proba horretan oposizinogile bakar batek be ez eban gitxieneko puntuazinoa (0), ezta gehienekoa (3) lortu.
Proba horretan edozein irregulartasun dagola baiezten bada, oposizinoko taldeek plazen esleipena geldiarazotea eta erantzukizun guztiak argitzea eskatu dabe, eta, horrez gain, gertaera horreek barriro gerta ez daitezan neurriak hartzea. Aldundia babesten daben taldeek gaia Bilboko 6. epaitegian itxi arte itxoiteko eskatu dabe, baina ohartuarazo dabe Aldundiak ez dauela “salaketarik” jaso, eta Fiskaltza ez dala Aldundiagaz hartu-emonetan jarri azalpenak eskatzeko. Horrek, “baten bat guzurretan edo susmoak bultzatzen” ari dala pentsatzera konbidetan dau, Jesus Lekerikabeaskoa bozeroale jeltzalearen berbetan.
BIZKAIA EGITEN, BANDERAK ETA FITOREN KONTZERTUA
Bizkaia Egiten Agintaldiko Plana izan da gaur Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako Batzordeak jorratu dauen gaietako bat, Elkarrekin Bizkaia taldeak plan horren informazino eguneratua eskatu dauelako. Pandemiak horretarako aukerea emoten badau, Aldundiak “eskualdeko topaketak” berreskuratuko ditu, herritarrei planean proposatutako 120 jardueren inguruko kontuak emoteko. Plan horren inguruko 2021eko txostena “2022ko lehenengo hiruhilekoan” prest egoteko konpromisoa hartu dau Etxanobek, pandemiaren eraginagaitik 2020ko balantzea bigarren seihilekoan aurkezteak ekarri eban atzerapena gainditu ostean.
Beste alde batetik, batzordeak ontzat emon dau Artea eta Ugao-Miraballeseko banderak sortzea, EH Bilduren abstentzino bakarragaz, eta Arrankundiaga udalerriaren izenaren ordez Arrankundiaga-Zollo jartea, kasu horretan Batzar Nagusietako talde guztien onespenagaz.
Batzordeak datorren urteko bagilaren 11n San Mamesek hartuko dauen Fitoren formatu handiko kontzertua baieztu du. Sarrera guztiak salduta, Elkarrekin Bizkaiak galdetu dau Aldundiak zer baliabide jarriko dituan ekitaldia ekarteko, eta artistaren, aukeratutako lekuaren eta antolatzailearen aukeraketaren errazioen barri emoteko be eskatu dau. “Hemengo” artista batek emongo dauen eta “gustu eta sensibilidade asko” batuko dituan kontzertua da, eta “animoa berreskuratzeko” balioko dau, Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak nabarmendu dauenez. Ganera, “bertako” enpresa sustatzaileak bultzatu dau. “Formatu handiko” kontzertuetarako baldintzak beteten dituan Bizkaiko gune bakarra dalako aukeratu da San Mames.