Aurreko Albisteak

BATZAR NAGUSIETAKO TALDEEK 477 ZUZENKETA-ESKE AURKEZTU DITUE 2022KO BIZKAIKO AURREKONTUEN AURREAN

Bilbao

  • EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak, abenduaren 13an Gernikan egingo dan osoko bilkuran eztabaidauko diran Osotasunerako zuzenketa-eskeak erregistrau ditue.

(Bilbon, 2021eko abenduaren 1ean). Bizkaiko Batzar Nagusietako taldeek 477 zuzenketa-eske aurkeztu ditue 2022. urterako Bizkaiko Lurralde Historikoko Aurrekontu Orokor Proiektuaren aurrean. Kontu horreek Batzar Nagusietako tramitazinoan dagoz Bizkaiko Legebatzarrean, joan dan urriaren 29an erregistrau ziranetik.

EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak aurrekontuak Foru Aldundiari osorik itzultzea eskatu dabe, talde bakotxak Bizkaiko Batzar Nagusietan Osoko zuzenketa-eskea aurkeztu dau eta. 2022eko aurrekontuen zenbateko osoa 8.886,1 milioi eurokoa da, eta horreetatik 1.459,8 milioi sailek erabili daikien kopurua da.

Batzar Nagusietako talde bakotxari jagokonez, eta Foru Gobernua eusten daben talde bietatik hasita, Euzko Abertzaleak taldeak eta Euskal Sozialistak taldeak ez ditu zuzenketa-eske parzialarik aurkeztu. Oposizinoak, bere aldetik, 477 zuzenketa-eske aurkeztu ditu guztira. 170 EH Bilduk aurkeztutakoak dira; 165 Elkarrekin Bizkaiak; eta 142 Talde Berezia-PPk. Ondo iruditu ezkero, une horretan Batzar Nagusietako taldeek herritarren alegazinoak –31– sartu ahal izango ditue.

2022eko lurraldeko kontuen aurrean aurkeztu diran zuzenketa-eskeak holan banatzen dira sail bakotxaren aurrekontuen testuen artean: Ekonomia Sustatzeko sailak, 98; Gizarte Ekintzako sailak, 56; Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko sailak, 54; Herri Administrazio eta Erakunde Harreman sailak, 51; Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko sailak, 48; Euskara, Kultura eta Kirol sailak, 39; Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako sailak, 31; Ogasuna eta Finantzetako sailak 27; eta Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko sailak 20. Ganera, Foru Arau Proiektuaren artikuluen alderdiren bat aldatzeko 31 zuzenketa-eske aurkeztu dira, beste bat Udal Finantzaketea eta 19 GUFEa aldatzeko.

Orain, Bizkaiko Foru Legebatzarreko mahaiak datorren astean aztertuko ditu zuzenketa-eskeak, osotasuneko bi zuzenketa-eskeak eztabaidetako eta bozkatzeko osoko bilkurarako deialdia egin aurretik, seguruenez datorren abenduaren 13an Gernikan egingo dan saioan. Osoko horren ostean, beharrezkoa bada, zuzenketa-eske parzialak eztabaidauko dira batzordean. Eta Batzar Nagusietako izapidetzeari bukaerea emoteko azkenengo osokoa egingo da –abenduaren 30ean–, eta bertan, Ogasun eta Finantzetako Batzordean erreserbetan diran zuzenketa-eske parzialak aztertuko dira.

Lotutako artxiboak: