Aurreko Albisteak

INDARKERIA MATXISTEA "EGITURAZKOA" DA ETA GERO ETA "BALIABIDE ETA ESKU-HARTZE GEHIAGO" BEHAR DITU DESAGETUARAZOTEKO

  • Teresa Laespada Enplegu, Gizarte Inklusio eta Berdintasuneko foru diputatuak pandemiaren testuinguruan egin dan indarkeria matxistaren inguruko azterlana aurkeztu dau Bizkaiko Batzar Nagusietan.

  • Batzar Nagusietako taldeek urteko 365 egunetan bardintasunaren alde lan egitera animau dabe gizartea, eta zemendiaren 25ean antolatutako ekitaldietan parte hartzera konbidau dabe.

(Bilbon, 2021eko zemendiaren 25ean). Aldundiak COVID-19aren krisiak indarkeria matxistan izan dauen eraginaren inguruko azterlana aurkeztu dau gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan, eta, holan, apirilaren 14an Bizkaiko Legebatzarrean aho batez onartutako arauz besteko proposamena bete dau. Txostena Kamaraka-Contenidos ikerketa-aholkularitzak egin dau txostena, eta 2020ko Bizkaiko indarkeria matxistari heltzen deutso, etxeko konfinamendua eta deseskalatze-faseak dekretau ziran hilebeteetan batez be. Fenomeno horrek erakusten dauen “gorako gero eta joera handiagoa” dala eta, Teresa Laespada Enplegu, Gizarte Inklusio eta Berdintasunerako diputatuak esan dau indarkeria matxistea “egiturazkoa” dala eta, beraz, “baliabide eta esku-hartze gehiago” behar dirala horri aurre egiteko.

2020ko datuek berretsi egiten dabe azken hamarkadan hautemandako “goranzko” joerea. Pandemiaren urte horretan, Bizkaiak “2.961 biktimizazino” izan ebazan, eta hori, 2019koagaz batera (2.989), “azken 18 urteetako kopururik altuena” izan da, foru arduradunaren berbetan. Genero indarkeriak Bizkaia osoari eragin eutsola azpimarratu dau Laespadak. Bizkaiko “85” udalerritan hauteman zan kasuren bat, eta horrek eskualdeen artean “ez dagola alderik” erakusten dau. 2004tik, “23 emakume” erail ditue.

Aldundiaren zerbitzuei jagokenez, Laespadak baieztu dau “82” ume eukiezan 105 emakumek jaso ebela Aldundiaren Larrialdi Zerbitzuaren laguntzea eta “1.481” emakumek arreta psikologikoa jaso ebela. Ikerketak erakusten dauenaren arabera, “konfinamenduak sufrimentua gehitu deutse indarkeria matxistaren biktimei”; izan be, gizon erasotzaileek “kontrol handiagoa eta inpunidade gehiago” izan eben, “biktimakaz batera etxean isolatuta geratu ziralako”.

Patricia Campelo Berdintasunerako Foru zuzendariak diputatuaren lekukoa jaso dau, txostenetik ataratako datuetan eta ondorioetan sakontzeko. Txosten hori iturri ofizialetatik ateratako datuakaz egin da, eta 18 alkarrizketa sakon egin dira genero-indarkeriaren hainbat arlotako adituekin.

Campelok dagozan hiru biktimizazino moeten (bikotekidea, familiakoa eta sexuala) inguruko beste datu batzuk emon ditu, eta guztiek adierazoten dabe “goranzko” joerea dagola 2010. urtetik. Urte horretan “1.762” biktimizazino hauteman ziran lurralde historikoan. Halanda be, ikuspegi bi emon ditu. Bata “itxaropenezkoa”, izan be, “kasu gehiago geratu dira agerian”. Eta beste bat “alarmazkoa”, kasuak etenik barik hazten ari diralako. Hortik ondorioztatzen da arazo horrek “lehentasuna” izan behar dauela gizartearentzat.

Konfinamenduan ikusi dan indarkeria matxistaren ereduari jagokonez, “erasotzaileak emakumeengan daukan kontrola areagotzea, banaketaren eta salaketaren bidez indarkeriatik urtetako aukerak mugatzea eta zuzeneko arreta profesionala jasoteko aukera gitxiago izatea” izan dira ezaugarri nagusiak. Campelok indarkeria moeta hori kroniko bihurtu dala Euskadin salatu dau Campelok, 11 urte eta 7 hilebete behar izaten diralako salatzeko, Estaduan baino hiru urte gehiago.

Batzar Nagusietako talde guztiek bat egin dabe Begoña Gil Enplegu, Gizarte Inklusino eta Bardintasunerako Batzordeko batzordeburuaren berbakaz, eta alkartasuna adierazo deutsie indarkeria matxistaren biktimei, eta urteko 365 egunetan bardintasunaren alde lan egiteko eta azaroaren 25ean egingo diran ekitaldietan parte hartzeko deia egin deutsie gizarteari. Laespadak bat egin dau biktimen oroimenagaz, hirurogeiko hamarkadan Dominikar Errepublikan Trujilloren diktaduran egun horretan bertan hildako Mirabal hiru ahiztak eta aurton Euskadin eraildako “Kontxi eta Erika” euskal emakume biak aitatuz.

EGOITZETAKO BEHARGINENTZAKO PRESTAKUNTZEA

Beste alde batetik, diputatuak EH Bilduri baieztu deutsonez, bere sailak adinekoentzako itunpeko egoitzetako, Azpiegiturak-eko edo udal egoitzetako beharginen trebakuntza profesionala hobetzeko diru-laguntzak handitzeko asmoa dauka. Lehenengo deialdian, “465 persona” barne hartzen dituen “31 prestakuntza-plan” aurkeztu dira. Egoitzetako beharginen artean “prestakuntza espezifikorik bako” “1.192” behargin dagoz. Halanda be, Laespadak ezin izan dau baieztu behin-behineko beharginentzako prestakuntza martxan jarriko danik. “Arazoa da ez dirala euren ohiko plazara itzultzen”, esan dau.