Aurreko Albisteak

BIZKAIKO FORU ALDUNDIAK ADIERAZO DAUENEZ, ENERGIA ARLOKO ENPRESEK 3.000 MILIOI EUROKO EKARPENA EGIN EUTSEEN BIZKAIKO OGASUNARI

  • EH Bilduk eskatuta, José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako diputatuak 2019an zerga berezien, soziedadeen, BEZaren eta PFEZaren bidez batutakoaren artean banakatu ditu diru-sarrera horreek.

  • Lurraldeko Garraio Publikoaren Plan Estrategikoak Bizkaiko zonakatzea sinplifiketearen alde egiten dau, gaur egungo bost eremuetatik hirura pasetako.

  • Aldundiak adierazo dau gero eta “gizon gehiago” eta “emakume gitxiago” dagozala zaintzaileen kolektiboan.

(Gernikan, 2021eko zemendiaren 24an). Bizkaiko Foru Aldundiak, gaur Gernikan egindako Bizkaiko Batzar Nagusien Kontrolerako Osoko Batzarrean egin dauen kalkuluak erakusten dauenez, Bizkaiko Ogasunak “3.002,6 milioi euro” jaso ebazan energia-sektoreko enpresetatik. Holan, EH Bilduren ahozko erantzun-eske bati erantzunez Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako diputatuak azaldu dauenez, “1.397,3” milioi euro batu ziran zerga bereziengaitik, hau da, foru ogasun guztiek zerga horrengaitik batu ebenaren % 90,4. “Elektrizidadearen, gasaren eta hidrokarburoen” merkaduagaz erlazionautako enpresek beste “1.224” milioi euro sartu ebezan BEZ moduan. Modu berean, Soziedadeen ganeko Zergaren bitartez batutakoa “319,8” milioi euro izan ziran; eta PFEZren bidez batutakoa, barriz, “61,5” milioi.

Iruarrizagak azaldu dauenez, kontuan hartu behar da kalkulu horretan ez dala sartu energia-konpainia horreen “beste zerga batzuen” bilketea, ezta sektoreko enpresa handiei zerbitzuak emoten deutseezan beste enpresa batzuen bitartez batutakoa be, eta horrek, Unai Rementeria Ahaldun Nagusiak aurreko osoko batzar batean jakitera emon eban kopurua “gehiago” handitzea ekarriko leuke. Guztira, Bizkaiko bilketa osoaren “herena” hartzen dau.

Beste alde batetik, EH Bilduk “gardentasunez jokatzeko eta datuak ondo emoteko” eskatu deutso Aldundiari, eretxi publikoa ez nahasteko eta kopuru hori guztia Soziedadeen ganeko Zergari zor jakola ez sinestuarazoteko. Iberdrolaren kasuan, adibidez, konpainiak “oso gitxi” ordaintzen dauela ziurtatu dau Arantza Urkaregi batzarkideak, ELA sindikatuak emondako kopuruei erreferentzia eginez. Hain zuzen be, Espainiako Estaduan “3.799 milioi eurokoak” izan ziran irabazien “% 1,5” ordaindu eban Bizkaian. Horrez gain, ekuazinoan PFEZagaitik beharginei egiten jakezan atxikipenak be sartzea kritikau dau, horreek “euren lanagaitik ordaintzen dabelako”. Beste alde batetik, Iruarrizagak, zerga arloan “360 graduko ikuspegia” izatea eskatu deutso.

GIZON GEHIAGO ZAINTZA-SAREAN

Gizarte zerbitzuen atalean, EH Bilduk etxeko zainketengaitik eta, zehazkiago, bardintasunezko zainketak bultzatzeko neurriengaitik galdetu deutso Aldundiari; izan be, zainketa horreek “batez be” emakumeen esku dagoz, eta horrek eragina dauka “sakrifizioan eta ondorio ekonomikoetan”, Izaskun Duque batzarkidearen esanetan.

Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatuak erantzun dauenez, Aldundiak 2018an hasi eban Bizkaiko zaintza-sarea hobetzeko prozesua, Persona Zaintzaileen Estatutua onartuta, eta, horren ostean, prestazino ekonomikoa eta eguneko arretea bateragarri egin ziran, bai eta atseden-programak edo hainbat prestakuntza-ekimen be. EtxeTIC zentroek erantzun horregaz bat egin dabe, sektoreko bardintasunean “azkarrago joateko”. Datuek erakusten dabenez, “orekarako joera daukagu” eta “norabide onean goaz”, izan be, “gero eta gizon gehiago dagoz”. Zaintzaileen artean, “13.169” emakumeak dira, eta “7.238” gizonak. 2020ko zezeiletik, “33 emakume gitxiago eta 91 gizon gehiago” dira.

EH Bilduk etxerik bako personen, “modu kezkagarrian” hazten ari dan kolektiboaren, ganeko itauna be egin dau. Egoera bereziki larria da Bilbon, izan be, Eustaten datuek erakusten dabenez, “ia 700 persona dagoz kalean”, Izaskun Duque EH Bilduko kideak azaldu dauenez, udal aterpetxeek “250 personentzako” lekua daukienean. EAEko ia 300 zentro eta zerbitzuetan, batez beste “3.471” persona hartu ziran egunean 2020an, aurreko ekitaldian baino % 16,5 gehiago.

Teresa Laespada Gizarte Inklusiorako foru diputatuak esan dauenez, etxerik bako personak “ez dira ikusezinak” Aldundiarentzat. “Argazkia zabaltzeko”, diputatuak EAEko administrazinoek kapitulu horretan inbertidu dituen “65,7 milioi euroak” aitatu ditu, aurreko urtean baino “% 16 gehiago”, eta Euskadi “persona gehien” artatzen dituen eta diru gehien inbertitzen daben erkidegoen artean jarri dau, Estaduan inbertiduten dan guztiaren “% 20,7”.

GARRAIO PUBLIKOA

Garraio publikoak leku garrantzitsua izan dau barriro be Talde Berezia-PP Bizkaia taldearen hainbat ekimenen bidez. Aldundiari metroaren 4. eta 5. lineak eregiteko “atzerapenen” ganean itaundu deutso. Horrez gain, Lan Ikuskaritzak halan aginduta Bizkaibuseko hiru emakidadunek 50 behargin finko egiteko daukien betebeharraren inguruan be galdetu dau. Tartean, EH Bilduk Aldundiaren esku dagozan autobusetan Larrabetzuko gunea aldatzearen gaineko interesa agertu dau.

Unai Rementeria Ahaldun Nagusiak “memoria egin” gura izan dau, Aldundiak metroaren finantzaketan parte hartu izan ez baleu garraio hori eukitea “ezinezkoa” izango zala esateko. Horren ostean esan dau luzapen bi horreek “funtsezkoak” dirala “trenean, bizikletan eta zapatila hutsean” oinarritutako etorkizuneko mobikortasun horretarako. Azpimarratu gura izan dau gaur egun euskal administrazinoen artean (Eusko Jaurlaritza eta Aldundia) “adostasun handia” dagoala linea bien behin betiko ibilbidearen inguruan, baina 5. linea eregiten hasteko Europako finantziazinoa lortu arte itxoin beharko dala, eta trenbide proiektua definiduteko Feveko arduradunen inplikazinoa lortu beharko dala 4. linearen eta Enkarterriko linearen arteko loturea zehazteko, hain zuzen be.

INDARKERIA MATXISTAREN BIKTIMAK

Indarkeria matxistaren kontrako Nazinoarteko Egunaren, zemendiaren 25aren, bezperan, Aldundiak genero indarkeriaren biktima diran emakumeei zuzendutako baliabideen ganeko azalpenak emon ditu, EH Bilduk eskatuta. Gai horretan bat etorri dira Euskadin indarkeria matxistaren biktima diran emakumeei laguntzeko figurea sortzeko, biktimaren egonkortasun emozionala bilatzeko eta emantzipetako erabagiak hartzen laguntzeko, Izaskun Duque batzarkideak adierazi dauenez. Araudia “berraztertu egin behar da”, esan dau Laespadak.

Osoko batzarra amaituta, Ahaldun Nagusiak, Ana Otadui Batzar Nagusietako Lehendakariak eta Batzar Nagusietako Mahaiko kideek, legebatzarreko ganerakoakaz batera, indarkeria matxistarik bako etorkizuna aldarrikatu dabe, “Puntu lilea”, genero indarkeriaren kontrako burrukaren sinboloa, daukan pankartea eskuan eukiela.