Aurreko Albisteak

Batzar Nagusien osoko bilkurak Bizkaiko toki erakundeen finantza arrazionalizaziorako eta iraunkortasunerako Foru Araua onetsi dau

Gernika

Gernikan, 2015eko otsailaren 3an

Gaur Gernikan egin dan Bizkaiko Batzar Nagusien osoko bilkurak, Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko Toki Erakundeen Finantza arrazionalizazioari eta Iraunkortasunari buruz aurkeztu dauen Foru Araua onetsi dau. Abenduan, batzordean izandako izapidetzean batzarretako taldeen 9 zuzenketa-eske jaso ebazan proiektuaren helburua Bizkaiko udalerrien finantza autonomia gordetea da. Udalerriek Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean aurkeztu beharko ditue kontuak, eta ez Estaduko Gobernuaren aurrean. Horrez gain, Mankomunidadeek orain arteko zerbitzu berberak eskintzen jarraituko dabe.

Azkeneko arauzko proiektuak ez dau aldaketarik sartu Iraskunde-Batzordetik abenduan urten eban erespenean, EAJ-PNV eta PP taldeek ez dituelako onartu osoko bilkurarako gordeta geratu ziran 8 zuzenketa-eskeak —PPren 3 eta EH Bilduren 5—. Talde horreek artikuluz artikulu onartu dabe arauzko proiektua, EH Bildugaz batera, 1. artikuluari eta Atarikoari jagokenez izan ezik, puntu horreetan popularrak abstenidu egin diralako. Botoa azaltzeko orduan, batzarretako Socialistas Vascos taldeak, Foru Arauaren aurrean agertu dauen abstentzinoaren errazoia, Alexia Casteloren eretxiz udal autonomia “desbirtuau” egiten dauen 2/2012 Lege Organikoan oinarrituta dagoala da.

Unai Rementeria Lehendakaritzako diputatuaren eretxiz, onartutako Foru Arauak, Estaduko Legeak Udalerrien Autonomia mugatzeko dituan alderdi guztien “foralizazinoa” bultzatzen dau. Arauak bermatu egiten dau Udalek eta Toki erakundeek, orain arte, Bizkaiko finantzazino bereziagaz, aurrera eroaten ebezan zerbitzu publiko “berberak” emoten jarraitzea.


BIZKAIKO IZENAK, ARMARRIAK ETA BANDERAK

Beste alde batetik, osoko bilkurak ez dau onartu Bizkaiko Talde Popularrak (PP) planteau dauen abenduaren 5eko 9/2012 Foru Arauaren aldaketea, inoiz izaera ofiziala izan daben edo hatakotzat erabili diran bereizgarriak (izenak, armarriak, banderak) babesteari buruzkoa. Ez da onartu, Arturo Aldecoaren berbetan, beste batzuek enblema horreek “baimen barik” erabiltea saihesteko helburua dauen popularren planteamendua, Bizkaiko Batzarretako gainerako taldeak kontra agertu diralako. Osoko bilkurak onartu egin dau araua aldatzearen kontra batzordetik urtendako erespena, eta kontrako boto bakarrak 8 ordezkari popularrenak izan dira.

Horren ostean, irakurketa bakarraren prozeduraren bitartez, Aldundiak, euskal zor publikoa Europako araudira egokitzen dauen Oinordetzen eta Dohaintzen ganeko Zergari buruzko otsailaren 15eko 2/1989 Foru Araua aldatzen dauen abenduaren 2ko 4/2014 Foru Dekretu Arauemoilea aurkeztu dau onartzeko. Batzarretako talde guztien aldeko botoagaz onartu dan aldaketearen helburua, Europar Batzordeak, kapitalen mobimenduaren askatasunaren aurreko mugea izan daitekeana dala eta, Europako epaitegien aurrean ez betete helegitea jartea saihestea da.


ARRUEBARRENA KARGUTIK KENTZEA

Gernikako Batzarretxean egin dan osoko bilkurak, PP-k aurkeztu dauen arauz besteko proposamenaren bitartez, Eneko Arruebarrena Metro Bilbaoako Zuzendari-Gerente kargutik kentzeko eskatzea erabagi dau, Leioako alkate zanean Pinosolo proiektuan egin eban kudeaketea dala eta. Proposamena aurkeztu dauen taldearen, EH Bilduren eta PSE-EEren aldeko botoa lortu dauen ekimenak eskaerea egiten deutso Foru Aldundiari, Metro Bilbao soziedadeko kide dan neurrian, Arruebarrenaren “berehalako kargu ixtea” bultzatu daian.

Bere esku-hartzean, Jesús Isasi bozeroale popularrak, Leioako oposizinoak Pinosoloko proiektuan izandako irregulartasun posibleak aztertzeko sortu eban udal batzordearen ondorioak gogoratu ditu. Batzarkide popularrak esan dauenez, batzorde horrek erakusten dau Arruebarrenak “erabagi okerrak” hartu ebazala eskumaldeko udalerriko alkate zanean.

Joaquín Colmenerok (PSE-EE), bere aldetik, eskaerea egin deutso Foru Gobernuari, Eusko Jaurlaritzaren kode etikoa bete daian eta kasu honetan egon daitekezan erantzukizun politikoak bereganatu daizan, udal batzordeak daborduko ikusi ditualako enpresa biren (Aros eta Viuda de Sanz) aldeko esleipen “telegidaua” gertatu dala erakusten daben “zantzuak”.

Aitor Torrek (EH Bildu), Metro Bilbaoko gerenteak Leioan aurrera eroan eban kudeaketea definiduteko orduan, udalerriarentzat “ausartegia” eta “oso kaltegarria” izan zala esan dau, eta kritikau egin dau EAJ-PNV-k “ate birakarien” politikea aurrera eroatea eta goi mailako kargu jeltzale jakin batzuk “saritzea”. Bere esanetan, Pinosolo kasua, “erabateko tranpea” da.

EAJ-PNVren ustez, oposizinoko hiru taldeek “haizagailua martxan jarri dabe”. Ez dabe justizia egin gura, ados jarri dira “jende guztiaren aurrean astindua” emoteko, udal batzorde “partzialaren” ondorioetan oinarrituta, Jon Larrea jeltzalearen eretxiz. Argi eta garbi itxi dau, behin baino gehiagotan, bere taldea ustelkeriaren kontra eta “errubakotasun presuntzinoaren eta prozesuzko bermeen” alde dagoala.

Batzarkide jeltzaleak PP eta PSE-EE taldeei aurpegiratu deutse ez dabela bete orain denpora gitxi Bizkaiko Batzarretan onartu dan arauz besteko proposamen bat. Bertan, ustelkeria kasu posibleak gertatu ezkero aurrera eroan beharreko prozedurea ezarten zan, eta esaten zan goi kargu bat, “berbazko epaiketea zabaltzeko ekintza martxan jarten danean” kendu beharko litzatekela bere kargutik, eta hori ez da beteten Arruebarrenaren kasuan, ez dagoalako inputauta.

Larrearen eretxiz, oposizinoaren erabagia justiziari egiten jakon “iruzurra” da, “ez dalako epaileek erabagia hartu arte itxaroten”. Potereen bereizketeari egiten jakon iruzurra be bada, “zuek zarielako ikertzen, epaitzen, epaia emoten eta zigorra gauzatu gura dozuenak”, esan dau. Horrez gain, arauz besteko proposamen hori Batzarrei egiten jaken iruzurra be badala be esan dau, Batzar Nagusietan hartutako akordioa “zapaltzen” dauelako.


KONTROLA FORU OBRETAN ETA KENKARIAK GITXITZEA

Beste alde batetik, arauz besteko proposamenaren irudiaren bitartez, EH Bilduk, Aldundiak aurrera eroandako lanetan laneko kontrol handiagoa, eta Soziedade Zergaren kenkariak gitxitzea eskatu dau. Batzarrak atzera bota ditu ekimen biak. Lehenengoak PSE-EE taldearen laguntzea bakarrik lortu dau, eta bigarrenak, Soziedade Zergaren kenkariak gitxitzeari buruzkoak, ez dau beste taldeen aldeko botorik jaso.

Lehenengo ekimenean, EH Bilduk, Foru lanetan ari diran beharginen sartzeko eta urtetako orduen kontrola instaletea eskatu dau, eta sindikatuen ordezkariei lanak egiten diran leku horreetara sartzeko baimena emotea, bertan kontrol handiagoa bilatzeko, talde horren eretxiz, “obra batzuetako” lan baldintzak oso gogorrak diralako “esklabotasunera urreratuz”. Alexia Castelo batzarkide sozialistak esan dau “erdi-esklabotasuneko” egoera horreek gertatu dirala edo gertatzen dirala San Mames Barriko obretan eta Autzaganen, Gerediagan edo Bermeon egiten ari diran errepide ardatzetako beharretan. Batzarkide sozialistak salatu dauenez, “kontrolek ez dabe funtzionetan”, eta obrak, kontraten eta azpi-kontraten “nahasketaren” bitartez egiten dira.

EAJ-PNV eta PP taldeek, euren kontrako botoa azaltzeko orduan, adierazo dabe Euskadiko Justizia Epaitegi Gorenak esan dauela sindikatuetako ordezkariek obretara joatea baimentzen dauen Gipuzkoako araudiaren zatia “ez dala baliozkoa”, eta puntu berbera planteetan dala koalizino abertzaleak aurkeztu dauen ekimenean.

Herri Lanen kontrolei jagokenez, Itziar Garamendi Herri Lan eta Garraio diputatu andreak adierazo dau geroago, PP-k berbaz egindako itaunari erantzunez, Foru Aldundiak Gobernu Kontseiluak onartutako jarraibide teknikoak apliketan dituala. “Kontrolek funtzionau dabe, eta legea zorrotz betearazoten da”, esan dau. Hori erakusteko, Garamendik, Amorebieta-Muxikako lanean hautemandako irregulartasuna aitatu dau. Bertan, aitatutako jarraibidea aplikau zan, eta UTE Autzagane izenekoari, azpi-kontratista bategaz eukan erlazinoa erregularizetera behartu jakon. Azkenean, azpi-kontratista hori obratik kanporatu egin zan, ez ebazalako laneko baldintzak beteten.

Beste galdera batean, eta oraingo honetan EH Bilduri erantzunez, diputatu andreak ezeztu egin dau Gerediaga-Elorrio lanetan “irregulartasunak” eta “gain-kostua” dagoanik, alderantziz, “egunean 12.000 ibilgailu, horreetako asko kamioiak, jasoko dituan” errepide bat eregiteko “obraren burutzapeneko kostua murriztu egin da”. Lan horren eregite fasean “500 lanpostu” sortu ahal izan dira.

Aitor Torre EH Bilduko ordezkariaren eretxiz, azken datuek erakusten daben errepideko trafikoaren “%4,4ko” murrizketeak, errepide horretarako aurreikusita dagoan gerizpeko bidesariaren kostua igongo dau. Bere kalkuluen arabera, bizkaitarrok ibilgailu bakotxeko “10 euro ordainduko doguz” “6,4 kilometro baino ez dituan” ibilpidea egiteko.


USANSOLOREN SEGREGAZINOA

Mozino baten bitartez, koalizino abertzaleak eskaerea egin dau, Bizkaiko Batzarrak agindua emon deion Foru Aldundiari, bere ustez “Usansoloren segregazino proiektua eteteko beren-beregi sortu zan” Lurralde Mugapenei buruzko 9/2012 Foru Araua aldatzeko edo indar barik ixteko. Azkenean, Bizkaiko Batzarrak mozinoa onartu dau, EAJ-PNV-k, dokumentua “zuzentzeko” eta zeharkako aitamen hori kentzeko haserako testuari aurkeztutako hiru zuzenketa-eske sartuta, holan indarrean dagoan araudira egokitu ahal izateko, “Galdakaoko Udalak, Osoko Bilkuran, segregazino planari jagokonez eskatutakoagaz bat etorriz”.

Jeltzaleen eretxiz, Foru Aldundia izan behar da Foru Arauaren aldaketea planteau behar dauena. Jon Andoni Atutxak zuzendu egin dau EH Bildu, esanez Aldundiak ez daukala Foru Arau bat indar barik ixteko lege gaitasunik, eskumen hori Bizkaiko Batzarraren esku baino ez dagoalako. PSE-EE eta PP taldeak bat etorri dira batzarkide jeltzaleak esandakoagaz. PP taldea abstenidu egin da, eta EH Bilduk onartu egin dau jeltzaleek proponidutako aldaketea, Usansoloko herriari prozesuagaz aurrera jarraitzeko animatuz.


DSBE-RGI-REN KONTROLA

Saioaren amaierea, ohikoa dan moduan, Aldundiak batzarretako taldeek planteautako gaiei emon beharreko erantzunetarako egon da erreserbauta. Popularrek gizarte zerbitzuakaz jarraitzeari buruzko itauna egin deutsie José Luis Bilbaok zuzentzen dauen Aldundiari, eta, batez be, Esther Martínez batzarkide popularrak adierazo dauenez, Diru-sarreren Bermerako Errentan (DSBE-RGI) dagoan “kontrol falteari” buruz.


Ordezkari popularrak sistema jasangarria sortzea defendidu dau, bere esanetan DSBE-RGI “beharra bilatzeko bultzadea” izan beharko litzatekelako eta, barriz, laguntzea jasoten daben pertsonen “kronifikazinoa” gertetan ari dalako. Sistema barriztetearen alde agertu da, laguntza hori ez daiten “bizi osorako” errenta bilakatu, eta, aldi berean Juan María Aburto sailburuaren lana kritikau dau, “gaitasun falta argia eta garbia erakutsi dauelako” eta “lana lortzeko politikarik ez daukalako”.

Pilar Ardanza Gizarte Ekintzako diputatu andreak Bizkaiko diputatu izandakoak egindako lana defendidu dau “hain denpora laburrean, gizarte zerbitzuak indartzeko eta enplegua sustetako hainbeste egiteagaitik”. Horren aurretik, Aburtok Eusko Jaurlaritzan egindako gestinoari esker “laguntza horreen administrazinoko koordinazinoa eta tramitazinoa hobetu egin dirala” gogoratu dau. Diputatu andreak datuak “ikutu guztiz xenofoboagaz” interpretetan dituala leporatu deutso PP taldeari, baina Martínezek guzurtau egin dau hori, eta diputatu andreak esandakoa, PP taldeari eta DSBE-RGI aldatzeko sinadurak batzeko prozesuan parte hartzen ari diran herritarrei egiten jaken “iraina” dala esan dau.

Aldundiko arduradunak esan dauenez, Aburtoren ardurapean dagoan sailari esker DSBE-RGI-ren izapidetzea legetasunaren barruan dago, Gasteizen egoan Sozialisten Jaurlaritzagaz gertatutako “pilaketea” konponduz. Bere berbetan, gaur egun dagoan Jaurlaritzak iruzurraren kontrako kontrola eta burrukea hobetu ditu, barne kontrolerako unidade berezia sortuz. Horri esker “bidezkoak ez diran kobrantzak” berreskuratzen ari dira.

José Luis Bilbao Ahaldun Nagusiak parte hartzeko txandea eskatu dau, uda honetan Gasteizko Udalean sortu zan gai hori orain Bizkaiko Batzarretara ekartzeko PP taldeak aurrera daroan estrategia salatzeko. “Aburto sailburuaren kudeaketeari, DSBE-RGI-ri, Lanbideri edo enplegu politika aktiboei buruzko eztabaidea lekuz kanpo dago”. Horrez gain, popularrek “probaren kargea hankaz gora jarri izana” be kritikau dau, Eusko Jaurlaritzari, euren esanetan kalean entzuten ei dan run-run hori probau daiala eskatzean. “Hori da demokraziari buruz daukien kontzeptua”, salatu dau.


PRESTAZINOEN JAKINARAZPEN “GUZTIAK”

Beste itaun batean, Foru Aldundiak, 2011. eta 2014. urteen artean gizarteratzeko laguntza berezien hartzaileei “amaierako 8.311 jakinarazpen” entregau ezin izana salatu dauen PP-k eskatuta, Gizarte Ekintzako diputatu andreak argitu dau kopuru horrek, Aldundiak prestazino “guztietan” egindako jakinarazpenei jagokela, eta ez bakarrik egoera gatxean dagozan gazteek gehienez 30 hilebetez jasoten dituenei.

Diputatu andreak esan dauenez, 2014. urtearen bukaeran “laguntza horreen 281 hartzaile” egozan, eta kopuru zuzena “1.627 pertsonakoa” da. Hartzaile horreei bajea emon jaken urte horreetan, kasu gehienetan, laguntzak jasotzeko denporaren mugea bukatu zalako.


ONDAREARI BURUZKO ZERGEA

EH Bilduk egindako Itaunari erantzunez, Ondareari buruzko zergak “justizia, progresibidade eta eraginkortasun” printzipioei erantzuten deutsela esan dau Juan María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako diputatuak, eta, bere ustez, Bizkaiko Ogasunak tributu hori dala eta dagozan diru-sarreren “aurreikuspenak beteko” dituala. EH Bilduren bozeroaleak adierazo dauenez, azarora arte diru-bilketa hori “68,7 milioi eurokoa izan da, aurreikusitako kopurua 95 milioi eurokoa zan arren”.

Iruarrizagak, 2013an zerga horretan hautemandako joerei buruzko datu batzuk be emon ditu. Bere berbetan, Bizkaiko Ogasunak, aitorpena egiteko beharra izan arren, aitorpenik egin ez daben zergadunei buruzko “350 errekerimendu” ditu erregistrauta. Ganera, Foru Ogasuneko arduradunak esan dauenez, soziedadeen bitartez daukiezan burtsako baloreak autortu ez dituen “555 zergadun” eta euren jabetzan daukiezan higiezinak eta hareen balioa modu egokian jakinarazo ez daben beste “2.200” be hauteman dira.

Diputatuak argi eta garbi itxi dau arau hauste horreetatik sortutako kuotak, jagokezan “interesakaz eta zehapenakaz” jasoko dirala, egotekotan, eta tributu horren ondoriozko bilakaereak, Gipuzkoan baino “hazkunde handiagoa” izango dauela esan dau.


GUFE-KO SOLDATAK ETA GOI KARGUAK

Planteautako ganerako gaiak EH Bilduren ekimenak izan dira. Beste gai batzuen artean, Foru Aldundiaren ordainketa politikea edo Aldundiak, GUFE-ko zuzendaritza taldeko kideak “a dedo” izendatzeari buruz daukan eretxia ezagutu gura izan dau.

José Luis Bilbao Ahaldun Nagusiak EH Bilduri gogoratu deutso bere soldatea “ez dala Hego Euskal Herriko altuena”, talde horretako bozeroaleak adierazo dauen moduan, eta bere zesantia hilebete bakarrekoa izango dala. “Foru Aldundian nik baino gehiago irabazten daben 14 pertsona dagoz”. Gogoratu deutsanez, bere soldatea eta diputatuena, bozeroaleena edo Mahaiko kideena erregulauta dago, eta aurrekontuetan agertzen da. Sotori aurpegiratu deutso “bere taldeak atzamarragaz seinaletan dauela eta errespetu falta erakusten dauela gustetan ez jakezan gauzak onartzen diranean”. “Esan ahal deutsut burua goian eroan daikegula, inori kalterik egin barik eta hiltzaileak txalotu izan barik”.

GUFE-ko karguei jagokenez, Pilar Ardanza Gizarte Ekintzako diputatu andreak, adierazo dau kargu horreek erakunde horretako beharginek beteko dituela “pixkanaka”, kontratazino mahaian sindikatuakaz batera hartutako akordioetan oinarrituta. Gipuzkoan, barriz, plaza horrek, izendapen libreko beharginakaz beteten jarraitzen da.

Irune Soto EH Bilduko bozeroaleak salatu dauenez, lehiaketen oinarriak, EAJ-PNV-tik gertu dagozan pertsonentzat “neurrira” egiten dira. “GUFE txoko bat izango balitz moduan jarduten dabe”, esan dau.


GIZARTE POLITIKAK ETA ZERBITZUAK

Gizarte politiken arloan, koalizino abertzaleak, Pilar Ardanza Gizarte Ekintzako diputatu andreak gizarte zerbitzuen “estaldura taseari” buruz eta euren ustez zerbitzu horreen kalidadean “murrizketea” danari buruz emon beharreko erantzunak eskatu ditu.

Diputatu andrea datuetan oinarritu da, Foru Aldundiak eskintzen dituan gizarte zerbitzuen kalidadea defendiduteko. Ardanzak esan dauenez, 2014an “19 kexa eta 11 salaketa” baino ez ziran jaso.

Estaldura taseari jagokonez, eta zerbitzu bakotxaren indizea banan-banan esan ostean, bere ustez Bizkaiak gizarte zerbitzuen maparen eskakizunak beteko dituala adierazo dau. Mapa horretan, zerbitzu bakotxa martxan jarteko biztanleria erespide egokienak ezarten dira. Ardanzak esan dauenez, dana dala, plaza gehiago sortzea ez da zertan kasu guztietan konponbiderik hoberena izan behar. Bizkaiko familietan umeak jasotzeko zerbitzua jarri dau adibide moduan. Bere eretxiz, estrategia hori, adinbakoen zentroetan plazak sortzea baino “hobea” da.