BATUZ EZARTEKO ETA SUSPERTZEKO ZERGA-NEURRIAK HARTZEKO FORU ARAU PROIEKTUAK BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAKO ZUZENKETEN IZAPIDEA IGARO DAU
- Ogasun eta Finantzetako Batzordeak osoko batzarrerako prest itxi ditu BATUZ sistemea borondatez apliketearen ondoriozko pizgarri fiskalen erespena eta suspertze ekonomikoa bultzatzeko beste neurri batzuk, “Silver economy” izenekoa, talentuaren erakarpena, ekintzailetzea eta kalidadezko enpleoa ardatz hartuta.
- Gainbalioaren udal zergaren foru arau harmonizaua “datorren urteko bigarren seihilekoan” egon ahal izango da prest, Iruarrizagak iragarri dauenez.
(Bilbon, 2021eko zemendiaren 22an). Bizkaiko Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantzetako Batzordeak argi berdea emon deutso hurrengo osoko bilkuran Foru Arau Proiektua behin betiko onartzeari. Horren bidez, Foru Aldundiak ekonomia suspertzeko neurri barriak atera gura ditu aurrera, baita BATUZ sistema borondatez apliketearen ondoriozko kenkariak eta izaera teknikoko beste neurri batzuk be. 21 artikuluek batzordearen irazkia pasau dabe gaur goizean, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen babesari esker. Batzar Nagusietako oposizinoko taldek, barriz, 52 zuzenketa-eske aurkeztu deutsez testu arauemoileari.
Aurkeztutako arau proiektuak hiru titulu ditu. Bigarrenean, arau proiektuak zerga-pizgarri bat ezarten dau 2022ko urtarrilaren 1etik BATUZ instaletan daben enpresentzat eta profesionalentzat. Sistemaren konplexutasuna dala eta, Ogasunak, azkenean, hurrengo ekitaldi bietarako indarrean egongo dan borondatezko atxikipen-aldia ezartea erabagi dau. Borondatezko ezarpena sustatzeko, zergadunek PFEZren edo Soziedadeen ganeko Zergaren zerga-oinarria murriztu ahal izango dabe; zenbat eta lehenago ezarri konpentsazino hori handiagoa izango da. Lehen hiruhilekoa baino lehen egiten dabenek % 15 murriztuko dabe 2022ko eta 2023ko ekitaldietako zerga-oinarria. BATUZ erabilteko betebeharra 2024tik aurrera izango dabe jarduera ekonomikoak egiten dituen Bizkaiko persona fisiko edo juridiko guztiek.
Edozelan be, aurkeztutako foru arauaren proiektuak ekonomia suspertzeko beste neurri fiskal batzuk be jasoten ditu. Holan, kalidadezko enpleoa sortzen daben enpresei pizgarriak emongo jakez, batez be lan-merkaduan sartzeko gaiztasunak dituen kolektiboetako personak kontratetan baditue. Modu berean, Bizkairako estrategikoak diran sektoreetan beharginen profesionalizazinoa sustatzen da, horreen artean, zidarrezko ekonomian eta zainketen ekonomian.
Foru arau proiektuak ekintzailetzea, talentua eta kalidadezko enpleoa sustatzeko neurri sortea proponiduten dau. Adinekoen zaintzan sakonduko da, “Silver economy” izenekoan, eta jarduera ekonomiko barria sortzen daben ekintzaileentzako pizgarriak indartuko dira. Atzerriko behargin kualifikauen etorrerea erakarteko fiskalitatea be indarrean jarriko da.
BATZAR NAGUSIETAKO TALDEEN 52 ZUZENKETA-ESKE
Foru arau proiektuaren testuak, 13 zuzenketa-eske erregistretera bultzatu dau Berezi-PP Bizkaia taldea. Batzar Nagusietako talde horrek zergadun kopuru handiagoari mesede egingo deutsen neurri fiskal “orokorragoak” eskatu ditu, persona ekintzaile asko kanpoan geratzen diralako. Talde horrek 60 urtetik gorako zergadunentzako konpentsazino eta salbuespenen ehunekoa handitzea be proponidu dau.
Beste 13 zuzenketa-eske ekarri dituan Elkarrekin Bizkaiak uste dau sartutako neurriek, salbuespenek edo kenkariek, kasu batzuetan, zergadun handien “galerak gizarteratzeko” balio dauen “joera klasistea eta atzerakoia” sartzea dakarrela. Ganera, PFEZn eta Ondarearen gaineko Zergan kenkariak “bikoiztu” egiten dira. Batuz-i jagokonez, talde morea hobari “orokorrak” ezartearen kontra agertu da; izan be, pandemiak sortutako krisi ekonomikoaren ondorioz gaiztasun ekonomikoak pasetan ari diran enpresa txikietan jarri beharko litzateke arretea.
Beste alde batetik, EH Bilduk arau proiektuan 26 aldaketa egitea defendidu dau. Koalizino abertzaleak hainbat errazoirengaitik kenkariak jasoten ebezan artikuluak be ezabatzea proponidu dau, eta “Silver economy” dalakoak barru hartzen dituan jardueren definizino bat bota dau faltan; izan be, proponidutako pizgarri askoren helburua adinekoen zaintzan jarduera ekonomikoa bultzatzea da. Nafarroan egin dan moduan, aditu talde “independentea” bat sortzea eskatu dau, proponidutako kenkarien eraginkortasuna ebaluetako, baina bere proposamenak ez dau arrakastarik lortu.
Halanda be, Aldundia babesten daben Batzar Nagusietako talde biak zuzenketa bakarra onartu dabe, arauan hizkera inklusiboagoa eta testuaren idazketea hobetzen eben zuzenketa teknikoak sartzeko.
UDALEN GAINBALIOA
Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak agerraldia egin dau, Talde Berezia-PP eta Elkarrekin Bizkaia taldeek eskatuta, Auzitegi Konstituzionalaren epaiak foru araudian izan daikezan ondorioen barri emoteko; izan be, urrian, epaiak udal gainbalioaren inguruko Estaduko legeriaren artikuluak bertan behera itxi ebazan.
Iruarrizagak jakinarazo dauenez, Aldundiak, Uri Lurren Balio Gehikuntzaren gaineko Zergari buruzko ekainaren 30eko 8/1989 Foru Araua egokitzen dauen azaroaren 16ko 7/2021 Foru Dekretu Arauemoilea onartu dau Aldundiak, eta preminazko bide hori “segurtasun juridikoa dala-eta” justifikau dau. Holan, eztabaida ahalbidetzeko oposizinotik eskatu deutsien moduan foru araua aukeratu ezkero “3 edo 4 hilebeteko” legezko “hutsune” posiblea saihestu gura da.
Auzitegiak lurren balio-gehikuntzarik ez dagoan egoeretan zergak ez ordaintzera behartzen dau. Bizkaian, ahalmen ekonomikora egokitzeko erreforma hori udalek tributuaren kuotea zehazteko eskatu beharreko legezko gehieneko tasea 5 puntu handitzeko (% 10etik % 15era) aprobetxetan da. Holan, Bizkaian gehieneko tasa hori Gipuzkoan indarrean dagonagaz bardintzen da; Araban, barriz, udalerri bakotxa gehienez ehuneko 30era heldu daiteke. Alde horreen zergaitia argitzeko eskatu dau oposizinoak.
Eustaten 2019ko datuakaz, diru-sarreren politikan zerga hori sartu eben (% 0 eta % 10 artean) Bizkaiko 82 udalerriek “16,8 milioi euro” bildu ebezan, udal horreen diru-bilketaren “% 3,31”, Iruarrizagaren esanetan.
Zergea likidetan daben zergapekoen eta udalen segurtasun juridikoa zainduta, Aldundiak argitu dau Zerga Koordinaziorako Organoan lantalde teknikoa eratu dala, eta bertan hiru erakunde-mailak egongo dirala ordeztuta. Helburua zergaren erreforma harmonizaurako proposamena egitea izango da, “datorren urteko bigarren seihilekoan” prest egon ahal izango dana, Iruarrizagak iragarri dauenez.
BESTE GAI BATZUK
Ogasun eta Finantzetako Batzordeak aho batez onartu dau Herri Kontuen Euskal Epaitegiko ordezkariaren agerraldia, Bizkaiko Lurralde Historikoko Kontu Orokorraren 2019ko ekitaldiko Fiskalizazino Txostenaren barri emoteko.
Beste alde batetik, Ogasun eta Finantza Sailak urriaren 25ean jasan eban eta zergadun guztiek euren betebeharrak bete ahal izateko zergak aurkezteko epea urriaren 29ra arte luzatzera behartu eban “kolapso” informatikoak ez eban zerikusirik izan Ogasun Sailagaz, Iruarrizagak Talde Berezia-PP Bizkaia taldearen ahozko galderari erantzun deutsonez. Talde horren ustez, hori “ez da akats puntuala”, eta “zergadunei buruko mina eragiten deutsen” beste gorabehera batzuei gehitu jake. Horregaitik, “kaosa” saihesteko “neurriak” eskatu ditu.
“Ez dago ez kaosik ez kolapsorik”. “Ezegonkortasun” informatiko hori “puntuala” izan da. “Dana lapiko batean sartu eta nahastu gura dozu”, esan dau Iruarrizagak, Amaya Fernández Talde Berezia-PP Bizkaia taldeko taldeburuari bere jarrerea arpegiratuz.