Aurreko Albisteak

GERNIKAKO BATZAR ETXEAK GUATEMALAKO "ARARTEKOAREN" BISITEA JASO DAU

  • Jordán Rodasek Bizkaiak bere beharrari egin deutson babesa jaso dau Ana Otadui Batzar Nagusietako lehendakariaren eskutik.

(Gernikan, 2021eko zemendiaren 18an). Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak 2017ko abuztutik Guatemalako Giza Eskubideen prokuradorea dan Jordán Rodasen bisitea jaso dau gaur eguerdian Gernikako Batzar Etxean.

Guatemala, ustelkeriaren kontrako burrukak eta Estaduaren eta bere erakundeen harrapaketak markau daben testuinguru politiko eta sozial konplexu batean dago orain urte batzuetatik. Giza Eskubideen prokuradoreak –hemen Arartekoa litzatekena– ustelkeriaren kontrako eta zuzenbideko estaduaren aldeko jarrera sendoa hartu dau, eta horrek etenbako errepresaliak ekarri deutsaz.

Rodasen bisitea Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren (eLankidetza) ekintza baten barruan dago. 15 urte baino gehiago daroaz Guatemalan trantsizinozko justizia bultzatzeagaz lotutako proiektuak babesten. Herrialde hori barruko liskar armau batean murgilduta egon zan 1960tik 1996ra bitartean.

Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria, Ana Otadui, Rodasegaz eta Guatemalako beste ordezkari batzuekaz batera ibili da Bizkaiko Batzar Nagusien egoitzaren leku interesgarrietatik, Gernikako Arbola barne, eta bertan aurreskua dantzatu da. Guatemalako politikariak Batzar Etxeko ohorezko liburuan sinatu dau.