UMEEN BATZAR BEREZIAK UMEEK EUREN NORTASUNERAKO DAUKIEN ESKUBIDEA ALDARRIKATU DAU
- Bizkaiko Batzar Nagusiek ateak zabaldu deutsez gaur osoko batzar “TXIKI” barri bati, Haurren Egun Unibersala baino egun batzuk lehenago.
- Lurraldeko zortzi ikastetxetako neska-mutilek, Bizkaiko ume guztien ordezkari moduan, eta arduradun politikoek adierazpen bat sinatu dabe Gernikan, bardintasunezko herrialdea eregiteko proposamenakaz; herrialde horretan nortasunerako eskubidea funtsezko printzipioa izango da.
- Umeen eskubideen alde behar egitea Bizkaiko umeen eta nerabeen “etorkizuna defendidutea” da.
(Gernikan, 2021eko zemendiaren 18an). Bizkaiko Batzar Nagusiek UNICEFegaz alkarlanean antolatuta, Gernikako Batzar Etxeak umeei buruzko beste osoko batzar monografiko bat hartu dau eguen honetan. Sinbolismoz betetako ekitaldian, Haurren Egun Unibersalaren (azaroaren 20a) bezperatan, 12 eta 14 urte bitarteko umeen ordezkaritzea egon da, eta Bizkaiko ume eta nerabe guztien izenean, euren aldarrikapenak jasoten dituan adierazpena irakurri dabe.
Antzinako Andra Mari, Barrutialde Institutua, Balmaseda Institutua, Askartza Claret, San Antonio Ikastetxea, San Pelaio Ikastetxea, Karmengo Ama eta San Felix Ikastola ikastetxeetako ikasleek eztabaida publikoan parte hartzeko eskubidea erabili dabe Gernikan, osoko batzar “Txikia” deitutakoren laugarren edizinoan lurraldeko ordezkari politikoakaz partekatu daben adierazpen baten bidez. Batzar berezi horretan, neska-mutilek umeen “nortasunerako eskubidea” aldarrikatu dabe aurton. Izan be, printzipio hori jasota dago aurton 32. urteurrena ospatzen dauen Umeen Eskubideei buruzko Konbentzinoan.
Gernikara joan diran 64 gazteek (ikastetxe bakotxetik zortzi, osasun arloko segurtasun errazoiengaitik) “estereotipoak eta etiketak apurtzea” eskatu dabe. Gurari berezia be adierazo dabe: euren askatasuna erabiltea “gure gustuengaitik, gure izaerarengaitik, gure janzkerarengaitik edo gure ohiturengaitik epaituak izateko bildurrik ez izateko”. Batzar Nagusiek eskaini deutsen bozgorailutik, “garenak izateagaitik, garen modukoak sentiduteagaitik edo gustetan jakuna gusteteagaitik epaituko ez gaituen bardintasunezko gizartea guztion artean eregitera” dei egin dabe, eta hori euren nortasunaren aldeko alegatu bihurtu da. “Diskriminaziorik ezaren aldarrikapen deia egiten dogu, nortasun bakotxa errespetauta egongo dan aurreretxirik bako gizartea aldarrikatuz.” Amaitzeko, “alde batera ez geratzeko” eta euren eskubideak bermatzeko behar egiteko eskatu deutsee erakundeetako ordezkariei.
Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria eta Isidro Elezgarai Euskadiko UNICEFeko presidentea izan dira umeen osoko bilkurearen buru eta, eurokaz batera, Bizkaiko Batzar Nagusietako Mahaiko kideak eta bertako talde guztietako eta UNICEFeko ordezkariak izan dira. Aldundiaren izenean, Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatua egon da.
Haurren Egun Unibersalerako hiru egun falta diranean, Batzar Nagusietako lehendakariak, “ezbardina izanda be” persona bakotxaren nortasuna errespetetako idea azpimarratu gura izan dau. Txalotu egin dau lurraldeko ume guztien inplikazinoa, irakasleen eta begirale espezializauen laguntzagaz egindako adierazpenari formea emoteko. Adierazpen hori Batzar Nagusien egoitzan egongo da ikusgai, eta “horren eukiak martxan jarteko konpromisoa hartzen dogu”. Esperientzia horri esker, Bizkaiko umeek “diskriminazinorik ezagaz erlazionautako balioak eta jarrerak” eurenganatu ditue, eta “nortasun bakotxa errespetaua izango dan aurreretxirik bako gizartea” aldarrikatu dabe.
Beste alde batetik, Isidro Elezgarai, UNICEF Euskal Herriko Batzordeko presidenteak, “UNICEFen 75. urteurrena ospatzen dogun urte honetan, inoiz baino gehiago, umeek eta nerabeek esaten deuskuena entzun gura dogu” esan dau, erakundearen “Emon ahotsa zeure balioei” programan sartu dauen osoko batzarrean. “Agenda 2030 eta Garapen Jasangarriko Helburuak bide-orri moduan hartuta, UNICEFek gizarte justu, baketsu eta inklusiboak sustatzen jarraitu gura dau, ume eta nerabe bakotxaren nortasunerako eskubidea erregistrau, aitortu eta errespetau daiten, estereotipo eta diskriminazino barik; inor atzean itxi barik”, esan dau Elezgaraik.
Ekitaldiak egun handien etiketea izan dau. “Agurragaz” eta Gernikako Arbolaren ondoan egindako familiako argazki bategaz hasi da. Euren aldarrikapenak ordezkari politikoen aurrean azaldu ostean, osoko batzarra amaitu egon da umeen adierazpena sinatuta, eta Batzar Nagusietako lehendakariak esan dauenez, adierazpen hori Batzar Nagusien egoitzan erakutsiko da, “nerabe guztien” gurariak bete daitezan saiatzeko.