Aurreko Albisteak

BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK GARRAIO PUBLIKOAREN DOBAKOTASUNA ESKATU DABE ADIMEN DESGAITASUNA DAUKIEN PERSONEI LAGUNTZEN DOAZENENTZAKO

Gernika

  • Osoko batzarrak aho batez onartu dau Elkarrekin Bizkaiak aurkeztu eta Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek zuzendu daben arauz besteko proposamena, kolektibo horren “aukera-bardintasunean aurrera egiteko”.

  • Beste itaun batean, Batzar Nagusietako taldeak ez dira bat etorri AHTren obrak zelan eta noiz amaitu behar diran erabagiterakoan. Batzar Nagusietako osoko batzarrak atzera bota dau Talde Berezia-PP taldearen itaun bat; azken horrek, aldi berean, EH Bilduren eta Euzko Abertzalek eta Euskal Sozialistak taldeen osoko zuzenketa bi bota ditu atzera.

  • EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia argi eta garbi agertu dira beharrezkoak diran beste proiektu batzuk deskapitalizetan dituan “dirua botatearen” kontra.

  • Popularrek kronograma “argia” sortzeko beharra jarri dabe mahai gainean, Bilborainoko lanak ixteko, eta jeltzaleak eta sozialistak, Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak daborduko negozietan ari diran Bizkaiko uriburuko lurpeko tartea kudeetako aginduaren alde agertu dira.

  • Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarako Batzordea 7 aldiz bildu da azken urtean, eta 11 gai jorratu ditu, aurreko urtean baino hiru gehiago.

(Gernika, 2021eko zemendiaren 17a). Bizkaiko Batzar Nagusiek gaur Gernikan egindako osoko bilkuran “beste pausu bat” emon dabe adimen desgaitasuna daukien personen bardintasunean aurrera egiteko. Legebatzarrak onartu egin dau Elkarrekin Bizkaiak aurkeztutako arauz besteko proposamen bat, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak zuzendutakoa. Proposamen horren bitartez, garraio publikoaren arloan eskumena daukien hainbat erakunderi eskaerea egiten jake, legezko mekanismoak ezarri daiezan holango desgaitasuna daukien personen laguntzaile moduan doazanak txartela ordaintzetik salbuetsita egon daitezan.

Ekimenak batzarretako talde guztien babesa jaso dau. Elkarrekin Bizkaia taldeko Eva María Cabornero batzarkideak emon deutso hasierea eztabaidari, eta esan dau bere taldeak dakarren proposamena kolektibo horretako personetatik jasotakoa dala, eta adimen desgaitasuna daukien personen “gainkostuak” saihestu gura dituela, bakarrik bidaiatzeko trebetasunik ez daukielako txartel bi ordaindu behar izaten dituelako. Ekimen “aitzindari” horren helburua “persona guztiek eskubide bardinak” eta “baldintza bardinetan mobiduteko aukerea” izatea da, esan dau.

Hasiera batean, arauz besteko proposamenak, ziurtagiri bat egiteaz Bizkaiko Foru Aldundia arduratu eitela eskatzen eban, ostean gaian eskumena daukien operadore eta administrazinoei laguntzailearentzako dobako bidaia ezarteko eskatzeko. Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek proposamena egin dauen taldeak euren zuzenketak onartzea lortu dabe, hobekuntza hori sartzeko mekanismoak “zehazteko”; izan be, hobekuntza hori “erabateko bizitza gauzatu ahal izateko aurrerapausua da”, eta zenbait kolektiborentzat garraio publikoa erabilteko orduan oztopo gehiago kentzea dakar.

Halan, azkenean, Batzar Nagusiek Bizkaiko Foru Aldundiari eskatzen deutse behar diran mekanismoak ezarri daizala lurraldeko garraio publikoko operadoreek jakin ahal izan daien zein personak daukan “2101, 2102, 2103, 2105 eta 2106 muga-kodeak dabezan % 45eko edo gehiagoko desgaitasuna eta mendetasun-maila autortua CIE10/OMS-2001 txostenaren arabera, pertsonek eurek halan eskatu ondoren”. Horrezaz gain, azkenengo proposamenak, baldintza hori beteten daben ordainketa-salbuespenen onura sartu daiala eskatzen deutso Eusko Jaurlaritzari, eta gauza bera egiten dau Bizkaiko Garraio Partzuergoagaz eta Tarifak Integretako Batzordeagaz, Bizkaiko garraio publiko osora zabaldu daian.

EH Bilduk mozinoaren eukia kritikau dau hasieran, adimen desgaitasuna daukien personetara mugatzen dalako, baita zuzenketa-eskeak be, “ez dagozalako ondo zehaztuta”, baina testuaren alde agertzea erabagi dau, “oso pausu txikia” dala zehaztuz. Koalizino abertzalea salbuespen hori beste kolektibo batzuetara zabaltzearen alde agertu da, itsuen edo mobikortasun arazoak dituen personen taldeetara, besteak beste, baita baliaezintasuna “% 30era edo 33ra” jaistearen alde be, alkarte batzuek eskatzen daben moduan. Onuradunen Errentea kontuan hartzeko be eskatu dau.

AHT, TURISMO JASANGARRIA ETA ETXEBIZITZA HUTSAK

Batzar Nagusietako taldeek ez dabe akordiorik lortu Abiadura Handiko Trena (AHT) Bizkaira iristeari jagokonez. Talde Berezia-PPren mozino baten bidez, kronograma “argia eta behin betikoa” ezartea eskatzen zan, Bilboko erdiguneraino lurpetik iristearen inguruan, eta EH Bildu eta Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen arteko eztabaidea sortu da horren inguruan, bata bestearengandik oso urrun egozan gauzak eskatzen ebezan osoko zuzenketa-eskeak aurkeztu ditue-eta.

Koalizino abertzaleak egungo proiektua geldiarazotea eskatu dau, “Bizkaiarentzat lehentasunezkoa ez dalako”, eta jeltzaleak eta sozialistak “ahalik eta epe laburrenean” martxan jartearen alde agertu dira, behin-behineko geltokia eregiteko aukerea aurreikusi ahal izango dauen kudeaketa agindu baten bidez, AHTa Bilbora lurpetik iristeko prozesuan “ezelango aldaketarik eragin barik”.

Gai horretan, aspaldiko eztabaidak errepikau dira barriro be, datei eta atzerapenei buruzko oroitzapenak, gero eta inbertsino handiagoei buruzkoak eta izango dauen erabilgarritasunari buruzko errazoiak…. Guztiak be, 2006ko urrian Arabako tartean, eta Bizkaian urte bi geroago, obrak hasi ziranetik, talde batzuen eretxiz, “Bizkaiarentzat estrategikoa” dan azpiegitura horren inguruan hemerotekan behin eta barriro agertzen diran puntuak. 4.200 milioi euroko hasierako inbertsinoa “6.500 milioi eurokoa” izatera pasatu da, Emilio Lobato Elkarrekin Bizkaia taldeko ordezkariaren berbetan, eta “10.000 milioi eurokoa”, Gainegitura sartzen bada, EH Bilduko Raul Mendezek zehaztu dauenez.

Kontua da obrek aurrera jarraitzen dabela, eta Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak “kudeatzeko agindu bi” negozietan ari dirala, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak adierazo dabenez, lanak “ahalik eta epe laburrenean” amaitzeko, eta horrek “norabide berean” lan egiten ari dirala erakusten dau. Halanda be, Amaya Fernandez PPko ordezkariaren eretxiz, lanak bizkortzeko mobimendu horregaz, Bilbora iristeko lurperatzea “aparkauta” geratu da, “ikusiko dogu” bategaz; hori dala eta, bere taldeak obra amaitzeko kronograma “argia” sartu gura izan dau. Kronograma horrek Bizkaiko uribururaino lurperatzea eta Basaurin behin-behineko geltokia egitea baztertzea jasoko leukez. Ekimena ez da onartu, kontrako 43 botogaz (EAJ, PSE-EE eta EH Bildu), 6 abstentzinogaz (Elkarrekin Bizkaia) eta proposamena egin dauen taldeko ordezkarien aldeko boto bigaz.

Elkarrekin Bizkaia taldeak Bizkaiko turismo ereduaren eta jaube handien etxebizitzen aprobetxamendu sozialaren inguruan egindako ekimen bigaz amaitu da eztabaidea. Azken hori EH Bildugaz adostu da, erdibideko zuzenketa baten bidez. Legebatzarrak biak baztertu ditu. Elkarrekin Bizkaia taldeak EH Bilduren babesa baino ez dau izan bietan.

Bost punturen bidez, talde moreak Bilbao Bizkaia plan turistikoak barrikustea proponidu dau, tokiko fluxuak eta udalerriagazko eta eskualdeagazko koordinazino handiagoa izango leuken eredu jasangarriagoa bultzatzeko, sektoreko lan-prekariedadearen kontra burruka egiteko asmoz.

Horrezaz gain, Batzar Nagusiek atzera bota dabe EH Bildugaz batera aurkeztu dauen arauz besteko proposamen bat, Bizkaiko jaube handien, bankuen eta inbertsino funtsen etxebizitza hutsen aprobetxamentu sozialerako. Proposamen horretan hainbat eskaera egiten jakezan udalei eta Eusko Jaurlaritzari.

HERRITARREN 11 GAI

Osoko batzarrean, Gorka Beitia Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarako Batzordeko batzordeburuak, Batzar Nagusietako taldeen eretxiz herritarren parte-hartzerako “erabilgarria” dan tresna horren jarduera-memoria aurkeztu dau. 2020ko irailetik 2021eko garagarrilera bitartean, batzorde hori zazpi aldiz bildu zan, eta 11 gai aztertu ebazan (aurreko urtean baino hiru gehiago), Bizkaiko herritarrek eskatuta.

Alkarte, talde edo herritar anonimoek hainbat gairi buruzko euren kexak azaldu ahal izan ebezan: egoitzen kudeaketea pandemia betean, Zugaztietako larratze-eskubideak, Bizkaia Torrea, Txorierriko Korridoreko abiadura-mugea, errepideetako obren eragina (AP-68 eta Etxano ingurua), adineko personek jasaten daben eten digitala edo Usansoloren desanexinoa.

Batzar Nagusietako taldeek uste dabe batzordea tresna ona dala gizarteagaz hartu-emon zuzena izateko, baina oposizinoak uste dau “hedatzeko eta ezagutuarazoteko ahalegin handiagoa” egin behar dala eta batzordeek izaera “politikoagoa” izatea ahalbidetu behar dala, ebazpenak onartzea ahalbidetuz. Azken gai hori EH Bilduk eskatu dau, eta Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen eretxiz, talka egiten dau Legebatzarreko araudiagaz; izan be, talde horreen eretxiz, ekimenak Batzar Nagusietako taldeei jagokez.

Atzera begiratuz, Elkarrekin Bizkaia taldeak gogorarazo dau batzordea “interesa galtzen” joan dala herritarren artean, eta hori justifikauta geratzen dala aztertutako gaien beherakadea ikusita: 35, funtzionau eban lehenengo urtean, eta 11, azken ekitaldi honetan. Horrek esan gura dau herritarrek tresna hori “ez dala oso erabilgarria” pentsetan dabela. Aldundia babesten daben taldeentzat pandemiaren eraginak sortutako beherakada koiunturala da.