BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK 90EKO HAMARKADAKO EUREN ARTE-BILDUMEA ERAKUSGAI JARRI DABE
- Bizkaiko Batzar Nagusiek lehenengoz erakutsi dabe euren erakusketa-aretoan (Hurtado de Amezaga, 6. Bilbo), 1990eko hamarkadan eskuratutako bilduma propioaren pintzelkada bat, Txus Meléndez, Juan Ugalde, Andoni Euba, Jorge Rubio, Fermin Moreno, Luis Candaudap, Dora Salazar, Asunción Goikoetxea, Abigail Lazcoz, Roberto Ruiz Ortega, José Zugasti, Carmen Olabarri, Begoña Zubero, Patricia López eta Eduardo Sorrouvilleren lanakaz.
- ONCE EUSKADIk bere laguntzea emon dau, “90eko hamarkadako artea. Sasoien arteko oihartzuna” erakusketea pertsona itsuen beharretara egokituta egon daiten.
(Bilbon, 2021eko zemendiaren 15ean). Bizkaiko Batzar Nagusiek azken berrogei urteetan eskuratutako bilduma propioaren altxor artistikoak atera ditue barriro herritarren gozamenerako. Bagilean 80ko hamarkadako artea izan bazan protagonistea, oraingoan hurrengo hamarkadako margolanak eta eskulturak dagoz ikusgai, urtarrilaren 28ra arte, administrazino-egoitzako erakusketa-aretoan (Hurtado de Amezaga, 6 – Beheko solairua. Bilbo). “90eko hamarkadako artea. Sasoien arteko oihartzuna” erakusketak egile ospetsuen eta EHUko Arte Ederren Fakultatetik urten barriak ziran artisten lanak biltzen ditu.
Batzar Nagusietako Erakusketa Aretoak beste horrenbeste artistaren 15 lan biltzen ditu, gehienak 60ko eta 70eko hamarkadetan jaiotakoak. Txus Melendez, Juan Ugalde, Andoni Euba, Jorge Rubio, Fermin Moreno, Luis Candaudap, Dora Salazar, Asuncion Goikoetxea, Abigail Lazcoz, Roberto Ruiz Ortega, Jose Zugasti, Carmen Olabarri, Begoña Zubero, Patricia Lopez eta Eduardo Sorrouville dira.
Erakusketa hau 90eko hamarkadara egindako bidaia da. Hamarkada horretan, hainbat gertakari sozial, politiko eta teknologikok ezarritako mugetatik urtetako eta sortzeko modu barriak ekarri ebezan, eta horreen “oihartzunek” gaur egun be jarraitzen dabe. 1989an Berlingo harresia jausi osteko testuinguru soziopolitiko barria, konputagailu personalen hedapen masiboak eta interneten garapenak ekarri eben aurrerapen teknologikoak, eta XX. mendeko arte bisualen tradizinoa bera, artistaren errealidadeaz eta esperientziaz bustitako erakusketa honetako lanetan islatzen dira.
90eko hamarkadea hau gaur egungoa balitz moduan sentitzen da, eta era berean, antzinako historia balitz moduan. “Trantsizino kultural, sozial eta teknologiko handiko garaia islatzen dau. Garai horretan arteak, adierazpide barrien bila ordura arte ezarritako mugetatik aterateko joerea eukan”, azaldu dau Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak, Andoni Euba, Carmen Olabarri, Luis Candaudap, Roberto Ruiz Ortega, Jesus Melendez eta Eduardo Sourrouille artistak be egon diran erakusketaren aurkezpen ekitaldian.
Bizkaiko Batzar Nagusien arte-bilduma ia 200 lanek osatzen dabe gaur egun, batzuk eskuratuak eta beste batzuk dohaintzan jasoak. Hogei bat 90eko hamarkada horretakoak dira. Altxor ezkutu hori Anton Aurre demokrazia garaiko Batzar Nagusietako lehenengo lehendakariak izan eban bisioari esker bildu da. Orain pasetan dan moduan, garai haretan Bizkaiko Legebatzarrerako artea eskuratzeko programa jarraitua martxan jartearen aldeko apustua egin zan, eta artista “hasibarriak” kontuan hartu ziran, gaur egun UPV/EHUko Arte Ederren Fakultadeagaz egiten dan moduan. Hitzarmen horren helburua Bizkaian trebatutako artisten harrobi gaztearen lana erakustea da.
“90eko hamarkadako artea. Sasoien arteko oihartzuna” erakusketea, Bizkaiko herritarrei erakunde horrek artean eta kulturan egindako inbertsinoa ezagutarazo gura deutsen, eta Euskal Unibersidade Publikoari hamarkada haretako talentua sortzeko leku moduan balioa emon gura deutsan erakusketa-moltso baten hirugarrena da. “Lan ikusgarriak dira, bai tamainarengaitik, bai guztiek daukien indarrarengaitik”, esan dau Otaduik, eta “gure altxor guztiak” erakusten jarraitzeko konpromisoa hartu dau, Bizkaiko herritarrek gozatu daiezan.
ERAKUSKETA INKLUSIBOA
90eko hamarkadari buruzko erakusketak ONCEren laguntza izan dau oraingoan. Itsuen erabateko integrazinoaren eta inklusinoaren aldeko apustua egiten dauen erakundeak bere laguntzea emon dau, erakusketaren informazino-zirkuitua braille formatuan egon daiten, kolektibo horrek kulturarako daukan sarbidea errazteko. Erakusketaren aurkezpenean, Juan Carlos Andueza ONCE Euskadiko lurralde ordezkaria eta Rafael Ledesma presidentea izan dira, beste dozena bat lagunegaz batera.
“Lankidetza horren bidez adierazo gura dogu garrantzitsua dala bizitzaren alderdi guztiak itsuentzat eskuragarri izatea, kulturarako sarbidea barru, eta, kasu honetan, artelanetarako sarbidea. Beharrezko egokitzapenakaz kultura, informazinoa, hezkuntza edo enpleoa eskuratzeak gure erakundearen helburu gorena bete ahal izatea esan gura dau, hau da, gizarte guztiz inklusibo batean modu autonomoan bizitzea”, esan dau Anduezak. “Horretarako, erakundeek, Bizkaiko Batzar Nagusi honeen kasuan bezala, holango ekimenakaz bat egitea behar dogu, lurraldeko ganerako herritarrei emoten jakezan aukerak geuri be emonez”, gaineratu dau.