Aurreko Albisteak

2022AN, ALDUNDIAK 400.000 EURO INBERTIDUKO DITU OMAKO BASO BARRIAN ETA UDALEKUETAN PLAZA GEHIAGO AKTIBAUKO DITU

  • Lorea Bilbao, Elixabete Etxanobe eta Miguel Ángel Gómez Viarren agerraldiakaz itxi ditue gaur Bizkaiko Batzar Nagusiek Bizkaiko Aurrekontuen Foru Arauaren proiektuaren inguruko informazino bilkurak.

  • Euskara, Kultura eta Kirol Sailaren, Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako Sailaren eta Garraio eta Mugikortasun Jasangarrirako Sailaren aurrekontuek ganerakoen goranzko joerari jarraitzen deutse, eta digitu bietatik gora hazi dira, % 26, % 22 eta % 12, hurrenez hurren.

  • Bihar itxiko da herritarrek Bizkaiko Kontuei alegazinoak aurkezteko epea.

(Bilbon, 2021eko zemendiaren 11n). Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak edegi dau gaur 2022ko Bizkaiko Aurrekontuen foru arauaren proiektua azaltzeko azken jardunaldia. Bere sailari jagokonez, 62,9 milioi euro izango ditu bere eskumen-eremuko programei erantzun ahal izateko; hau da, % 26ko igoerea izango dau 2021agaz alderatuta, Aldundiko igoerarik handiena.

Bizkaiko Foru Aldundiaren asmoa “azken txakur handira arte” inbertidutea da, Bizkaiko kultur sarea babesteko, “pandemia dala eta une gatx batetik ateraten ari garala aprobetxauz”, nabarmendu dau Bilbaok. Azken urteotan, sektoreagaz izan dogun komunikazinoak, jarduketak osasun-murrizketetara egokitzea ahalbidetu dau. “Covid osteko” urteak jarduketa horreetako batzuek holan jarraitzeko balio behar dau.

Ildo estrategikoen artean, talentua erakartea eta kultur sorkuntza bultzatzea aitatu ditu Bilbaok, “batez be euskeraz”. Euskerearen aldeko lehentasun hori etenbakoa izango da eskola-kirolean eta gazteen artean euskerearen erabilerea areagotzeko ekintzetan. Aldundiak lehentasuna emongo deutso, baita, bere jardueretan genero-ikuspegia sartzeari. Datorren urteko barrikuntzetako bat, emakumeen parte-hartzean eragiteko asmoa dauen “Pasa baloia neskei” proiektua izango da.

Kultur azpiegiturei jagokenez, barrikuntzak egongo dira. 2022a, Omako baso barriaren proiektua sendotuko dan urtea izango da, eta 400.000 euro bideratuko dira horretara. Sailak aurreikusten dauen beste jarduera bat Bilboko Rekalde Aretoa birmoldatzea da, arte garaikideko espazio espezifikoa sortzeko eta gazteen prestakuntza-prozesuak bultzatzeko, 150.000 euroko inbertsinoari esker.

Kultura Sailak aurreikusi dauenez, datorren urtea desbardina izango da Covid-19aren osasun murrizketei jagokenez, eta hori ume eta gazteentzako jardueretarako aurrekontuan islatuko da. “Bultzada berezia” emongo jake. Asmoa Udalekuen plaza kopurua handitzea da, “protokoloak nasaitzen badira”, 625.000 euroko partideagaz, eta horri, udalekuak eta kanpalekuak finantzetako beste 300.000 euroko partidea gehituko jako.

Azkenik, Foru Aldundiak milioi bat euroko laguntza emongo dau Artxandako kirol eremuak eraldatzeko, Bilboko Udalak auzo horretan hasi dauen hobekuntza proiektuagaz bat eginez.

Kantidadeei jagokenez, Euskara, Kultura eta Kirol sailaren aurrekontuan 16.945.000 euro dagoz Bizkaiko museoetarako, eta horreetatik 6.230.000 euro Bizkaikoa sarekoen artean banatuko dira. BOSek 5,5 milioi euro jasoko ditu, eta 1.563.000 euroko beste partida garrantzitsu bat egongo da lurraldeko sare kulturala “indartzeko”.

HERRI ADMINISTRAZIOA ETA ERAKUNDE HARREMANAK

Ondoren, Elixabete Etxanobe Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako diputatuak, zuzentzen dauen sailak 2022an izango dituan 86.740.000 euroek, aurreko ekitaldian baino % 22,52 gehiago, osatzen dituen aurrekontuetako partidak azaldu ditu.

Etxanobek nabarmendu dauenez, datorren urterako sailaren aurrekontua, funtsean, gizarteari eta udalei zerbitzu hobeak eta modernoagoak eskaintzera bideratuko da, eta etorkizuneko Bizkaiko Foru Aldundia diseinetera. Diseinu barri horretan, “erakundearen eraldaketa digitala izango da protagonista, herritarren, enpresen eta udalerrien beharrei eta errealidadeei erantzungo deutseen balio erantsi handiagoko zerbitzu inklusiboak bermatzeko helburuagaz”.

Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako Sailak gobernu digital inklusiboaren eredua sendotzeko erabiliko dau aurrekontuen erdia baino gehiago -–% 54,4–, Lantik, Zugaztel eta Biscaytik soziedade publikoen laguntzeagaz.

Sailaren aurrekontuan aurrez aurreko arreta indartzea aurreikusten da. Horretarako, Herritarrentzako Arreta Integralerako hiru bulego barri zabalduko dira Igorren, Markinan eta Mungian. Horreraz gain, 850.000 euro baino gehiagoko programa espezifikoa sortu da errenta-kanpainan aurrez aurreko arreta indartuko daben beharginak kontratetako. Hori bai, Aldundiko beharginek ez dabe ezelango aldaketarik jasango. Amortizauko diran 11 plazen kopuru bera kontratauko da.

Barrikuntzakaz jarraituz, Prebentzio, Su Itzalketa eta Salbamendu Zerbitzuan Urioste, Artaza, Derio eta Markinako parkeak hobetuko dira; Ispasterko maniobra-eremua birmoldatuko da; eta makina eta material barriak erosiko dira, bai eta basorako ibilgailu bat be. Sailak 1,5 milioi euro erreserbauko ditu Europako Next Generation programaren bidez diruz lagundu daitekezan 50 ibilgailu hibrido entxufagarri erosteko.

Diputatuak azaldu dauenez, 2022an udal finantzaketak gora egin dau. Bizkaiko 112 udalek ia 969 milioi euro jasoko ditue, lau kontzeptutan banatuta: Udalkutxa (937.425.153 euro), Gizarte Zerbitzuen Funtsa (8.827.877 euro), Gizartekutxa (15.861.646 euro) eta Mendekotasun Legeari jagokozanak (6.836.026 euro).

GARRAIOAK ETA MUGIKORTASUN JASANGARRIA

Miguel Angel Gomez Viar Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko foru diputatuak itxi dau 2022ko Bizkaiko Aurrekontuen azalpena. Bere sailak 187.410.000 euro izango ditu datorren urtean, hau da, aurreko ekitaldian baino % 12 gehiago.

Covid-19aren eragina nabarmena izango da garraio publikoaren aurrekontuetan; izan be, bidaien eta txartelen salmentan izandako beherakadearen ondorioz, Aldundiak, “3,3 milioi euro gehiago jarri beharko ditu” Bizkaibusen galerak estaltzeko, eta Metro Bilbaoren galerak ordaintzeko zenbatekoa be handitu beharko dau, Bizkaiko Garraio Partzuergoaren (BGP) bidez. Gomez Viarrek aparteko ekarpena “15 milioikoa” dala esan dau.

Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaibus eta Metro Bilbao egunero martxan hasi daitezan egiten dauen ahalegina 179,6 milioi eurokoa dala esan dau Gomez Viarrek. Bizkaibusi egindako ekarpena “% 3” hazi da, 112.650.000 eurora heldu arte, eta Metro Bilbaori egindakoa “% 28,85”, 67 milioi eurora iritsi arte. Azken partida horretatik, BGPk 37 milioi jasoko ditu trenbide metropolitarraren ustiapena estaltzeko, eta 30 milioi, barriz, hitzartutako finantza-kargei aurre egiteko.

Garraio publikoari jagokonez, autobus zerbitzurako beste 35 ibilgailu hibrido erosi dirala aitatu dau diputatuak, horreetako bat artikulaua, baita beste 6 ibilgailu elektriko be. Markesinetara zuzendutako aurrekontua 895.000 euroraino igon da, hasitako hedapenagaz jarraitzeko.

Mobikortasun iraunkorraren atalean, 700.000 euroko partida barria sortu da BizkaiBizi sustatzeko. Beste batzuen artean, bizikleten mantentze-lanak egiteko beste “30 bizipuntu” instaletako balioko dau.

TRAMITAZINOAK AURRERA JARRAITZEN DAU

Aurrekontuak izapidetzeko prozesuak aurrera jarraituko dau. Bihar itxiko da Batzar Nagusien webgunearen bidez herritarrek proiektuari alegazinoak aurkezteko daukien epea. Zuzenketa-eskeak aurkezteko epea, barriz, datorren astean edegi eta zemendiaren 30ean itxiko da.