Aurreko Albisteak

ALDUNDIAK 205 MILIOI EUROKO INBERTSINO PUBLIKOA AURREIKUSI DAU AZPIEGITURETAN 2022AN

  • Azpiegiturak eta Lurralde Garapena, Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna, eta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala sailetako arduradunek Bizkaiko Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantzetako Batzordean azaldu ditue euren sailen aurrekontuak

  • Pradalesek 240 milioi euro ditu erabilgarri, eta inbertsino publikoa (205 milioi), bizikletaren aldeko apustua (26,7 milioi), % 40ko hazkundea errepideen barrikuntzan, eta Avanzada estaltzeko eta Lamiakoko Ibai-azpiko errepidea eregiteko proiektu teknikoen amaierea nabarmentzen dira.

  • Teresa Laespadak zuzentzen dauen sailaren aurrekontua % 10,3 handituko da.

(Bilbon, 2021eko zemendiaren 10ean). Imanol Pradales Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak edegi dau gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan 2022ko Aurrekontuen foru arauaren proiektua azaltzeko bigarren jardunaldia. Aldundiak datorren urterako izango dituan 1.459,8 milioi euroetatik 240 milioi Pradalesek zuzentzen dauen departamentuaren beharrak beteteko bideratuko dira, hau da, igaz baino % 0,7 gehiago.

Foru diputatuak azaldu dauenez, Aldundiak azpiegituren arloan egingo dauen inbertsino publikoak 205 milioi emongo deutsaz Bizkaiko ekonomiari, eta horrek hazkundea bultzatzea eta 1.443 lanposturi eustea ahalbidetuko dau. Bere berbaldian, ganera, bizikletan inbertitzeko ahalegin handia egingo dala (26,7 milioi euro) nabarmendu dau. Arlo horretan, Amorebieta-Iurreta arteko bidegorrian, itsasadarreko bulebarrean eta Barakaldo-Erandio zubian egingo dan inbertsino-ahalegin handia azpimarratu dau.

Horrez gain, 2022an “abiadurea” hartuko da errepideen barrikuntzan, eta elementu “kritiko” bihurtuko da, % 40ko igoereagaz, 2,8 milioira iritsi arte. Kontuan hartu beharreko puntuen artean, datorren urtean zehar, Bizkaiarentzat “garrantzitsuak” diran azpiegituren proiektu teknikoak amaituko dira, horreen artean, Avanzadaren estaldurea (2,8 milioi) edo Lamiakoko Ibai-azpiko errepidea (3,5 milioi). Proiektu horreek Aldundiaren “inbertsino barri handiak” bilakatuko dira “2023tik aurrera”.

Programaz programako aurrekontua xehatuz, Pradalesek datorren urterako beste gastu-partida garrantzitsu batzuk marraztu ditu, horreen artean, bere sailak foru errepideen 1.300 kilometroak mantentzeko eta kontserbetako inbertiduko dituan 56 milioiak, hau da, aurreko ekitaldian baino % 3,5 gehiago.

Aurrekontuaren beste zati handi bat Interbiak soziedadeak eroango dau. 2022. urtea “urte kritikoa” izango da Hegoaldeko Saihesbide Metropolitarraren bigarren fasearen eraikuntzan aurrera egiteko, 53,2 milioi euroko injekzinoa egingo jakolako. Azpiegitura Sailak beste 22,7 milioi euro erreserbauko ditu foru errepideetan merkantzien garraioa erabilteagaitik ordaintzeko sistemea garatzeko. 11,9 milioi Bidesarea Planean sartuko dira eta 8,5 milioi bidesarien bonuan. Erakunde horren partiden artean batzuk konprometiduta dagoz daborduko, Gerediaga-Elorrio ordaintzeko 48 milioiak, besteak beste.

Bere berbaldian, Bizkaiko beste leku batzuk aitatu ditu Pradalesek, datorren urtean zehar egingo diran garrantzi gehiagoko edo gitxiagoko obrak apuntatuz. 1,2 milioi euro Artxandako tunelak hobetzeko; 9,6 milioi euro N-240 errepidea eta Atxazpiko zubibidea hobetzeko, eta Kanpazarreko hirugarren erreia eregiteko, besteak beste. Beste esku hartze batzuk Galbarriatun, La Herrera-Malabrigon eta, batez be, Gurutzetako bidegurutzean egingo dira. Leku horretan, urte honen bukaeran Kukularrako lanak amaitzen diranean hasiko dira obrak.

Plangintzari jagokonez, 2022an Bilbo Metropolitarraren Lurralde Plan Parziala onartuko da (310.000 euro), eta udalek hiri-antolamenduko planak egiteko daukien aurrekontuak % 33ko igoerea izango dau.

TERESA LAESPADAREN AGERRALDIA

Bere aldetik, Enplegu, Gizarte Inklusio eta Berdintasun Sailaren aurrekontua % 10,3 handituko da 2022an, eta 72,3 milioi eurokoa izango da. Teresa Laespadak adierazo dauenez, aurrekontuek 2021ekoek baino 6,8 milioi euro gehiagoko gastua jasoten dabe. Saila zuzentzen dauenetik, aurrekontuak “% 41” egin dau gora.

Foru Aldundiak milioi bat euro gehiago izango ditu indarkeria matxistaren kontra burruketako eta gatx sozial hori jasaten daben emakumeen ezkutua indartzeko, arlo horretako arretea “handitzen” ari dalako. Horretarako, Emakumea eta Familien Esku-hartzea programak 8.716.345 euro jasoko ditu datorren urtean.

Hazten ari dan beste programetako bat gizarte-bazterketa saihestera bideratutakoa da. Gizarte Inklusino programak 1,4 milioi euro gehiago izango ditu (% 6,21), 24,8 milioi eurora iritsi arte. Bi apustu argienak gizarte-bazterketako egoera larria bizi daben personentzako arreta-zerbitzuak hobetzea eta egoera horretan dagozan emakumeentzako eguneko zerbitzu espezifikoa sortzea, eta gazteen emantzipazino-prozesuetan bazterkeriaren kontrako prebentzino- eta burruka-estrategia indartzea izango dira.

Sailaren lehentasunetako bat enpleo- eta ekintzailetza-programak indartzea izango da, eta horretarako aurrekontua % 7,14 handitu da (1,6 milioi gehiago). Esleitutako 25.129.861 euroakaz, Aldundiak enpleo- eta prestakuntza-programa mistoak gauzatuko ditu, prestakuntza dualaren esperientzia hobetuko dau, enpleoa gizarte inklusinorako elementu moduan berreskuratuko dau, eta lanik ez daukenei eta enpresei profilak bilatzen laguntzeko eredua garatuko dau, besteak beste.

Sailean gehien hazten ari dan programa Emakumeen eta Gizonen Bardintasuna da. 600.000 euro gehiago bideratuko dira, % 26ko igoerea, eta aurrekontua 3.797.000 eurokoa izango da. Laespadak desbardintasunaren kontrako burrukea indartu, emakumeak ahaldundu eta genero-arrakalak desagertuarazoteko behar egin gura dau. Aldundi osoan genero-ikuspegiaren zeharkakotasuna landuko da, eta sentsibilizazino- eta informazino-lanak be egingo dira, beste administrazino batzuekaz batera.

Ildo horretan, Lespadak Genero Eraginaren Aurretiazko azken Ebaluazinoaren emaitza aurkeztu deutse Batzar Nagusietako taldeei. 2014an txosten hori “lehenengoz” egin zanetik, “aurrekontu-programa guztiek izan dabe genero-ikuspegiaren ebaluazinoa”, esan dau. Datorren urterako, aurrekontuen “604 milioi euro” –% 34– “benetako” genero ikuspegia eukiko dabe. “18,8 milioi euro bideratuko dira bardintasunerako inbertsino espezifikora”, 2015ean bideratu zan kopuruaren “hirukotxa”.

Eta, azkenik, Bizkaiko Aldundia Garapenerako Lankidetza “gehien indartzen dauen euskal erakundea” izango da. Programa solidario horrek 9.515.624 euro eroango ditu, hau da, % 22,42 haziko da. Laespadaren berbetan, 2016tik % 56 handitu da aurrekontua, “foru aurrekontuaren bikotxa baino gehiago”.

IRAUNKORTASUNA ETA INGURUNE NATURALA SAILAK 67,3 MILIOI IZANGO DITU

Amaia Antxustegik bere lehenengo aurrekontuak aurkeztu ditu Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala saileko foru diputatu moduan, eta guztira 67.320.000 eurokoak izango dira, beharginen gastuak kenduta, hau da, aurrekoa baino % 7,44 gehiago.

Diputatuak kapituluka, programaka (9) eta azpi-programaka azaldu ditu bere saileko kontuak, eta aurrekontua ia zati bardinetan banatu dau, administrazinoko gastu orokorrak kenduta, bi arlo handitan: Ingurumena eta Lehen Sektorea. Bizkaiko lehen sektorearen hobekuntzarako jarduketek eta programek 29.864.409 euro hartuko ditue. Beste 31.659.568 euro ingurumen politikak gauzatzeko erreserbauko dira.

Laguntza programen bidez, lehen sektoreagaz erlazionautako ekonomiak “23 milioi inguru” jasoko ditu “ustiategietan inbertsinoak egiteko, gazteak sektorean sartzeko, ingurumenari eta basogintzari laguntzeko, nekazaritzari eta abeltzaintzari laguntzeko eta ekoizpen ekologikorako”, Antxustegik nabarmendu dauenez.

Ingurumenaren inguruko atalak “barritasun asko” ditu; besteak beste, honeek aitatu ditu diputatuak: klima-aldaketaren kontra burruketako ekimenak, saien eta otsoen kalteengaitiko konpentsazinoak –lehen Nekazaritza zuzendaritzaren barruan egozan–, azterlanak egitea eta zarata kontroletako ekimenak martxan jartea, ingurumen arloko hezkuntzea (Sare Berdeak eta Berdeago azokea), klima-aldaketaren diagnostikoa egitea edo orain dala gitxi sortutako energia-jasangarritasunaren batzorderako laguntza teknikoa emotea. Horri, hondartzen programarako 6,3 milioi euroko zuzkidurea gehituko jako, eta lehenengo hiru bide berdeak egitekoa be. Azken jarduketa horretarako, “437.800 euro” erreserbau dira Lezamako Trenbide Zaharrerako, Arratiako Bidezidorrerako eta Mungia-Plentzia konexinorako.