Aurreko Albisteak

BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK LURRALDEKO 2022KO AURREKONTUAK AZALTZEKO IZAPIDEARI EKIN DEUTSE

  • Ogasun eta Finantza Batzordean José María Iruarrizaga, Ainara Basurko eta Sergio Murillo —hurrenez hurren Ogasun eta Finantza, Ekonomia Sustapen eta Gizarte Ekintza sailetako arduradunak— izan dira.
  • Sailei guztira zuzendutako 1.459,8 milioi euroetatik, hamar eurotik lau Gizarte Ekintza Sailera bideratuko dira.
  • Ogasun eta Finantza Sailaren aurrekontua %6,5 handituko da, eta Ekonomia Sustapen Sailarena %22,3.

(Bilbon, 2021eko zemendiaren 8an). Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantza diputatuak edegi ditu gaur informazino saioak Bizkaiko Batzar Nagusietan, izapidetzen ari dan aurrekontu proiektuan oinarrituta Foru Gobernuak 2022an gauzatu gura dituan partidak, programak eta inbertsinoak azaltzeko. Aldundiaren aurrekontua, guztira, 8.886 milioi eurokoa izango da, eta horreetatik 1.459,8 milioi euro Foru Gobernuaren sailek erabiliko ditue, beharginen gastua (238 milioi) eta zorraren ordainketea (205 milioi) alde batera itxita.

Ogasun eta Finantza Sailari jagokonez, 2022an 142,7 milioi euro izango ditu, hau da, 2021. urtean baino % 6,5 gehiago. Aurrekontuaren % 88 beharginen gastuetara eta informatikako eta telefono bidezko laguntza zerbitzuetara bideratuko da. Lantik eta Zugaztel foru soziedadeek emoten ditue zerbitzu horreek, eta guztira 50 milioi euro inguru hartzen ditue. Datorren urtean 24,3 milioi euroko inbertsinoak egingo ditue.

Zehatzago esanda, Aldundiko Informatika Planak 40,9 milioi euro bideratzen ditu Lantik-ek emondako zerbitzu informatikoak ordaintzeko, horreen artean, zerbitzariak eta informazino-sistemak mantentzea hurrengo zerbitzuotarako: Batuz, Errenta, zerga barriak, katastroaren egokitzapenak eta aurrekontuak, baita BizkaiBai Aldundiaren egoitza elektronikora migretea eta zerga arloko informazinoa trukatzea be.

Ogasun eta Finantza Sailaren aurrekontuan beste diru-partida batzuk be nabarmendu behar dira, adibidez, 3,1 milioi euro Zergen Kudeaketarako. Kopuru horretatik gehiena posta bidezko jakinarazpenetarako erabiliko da; 2,9 milioi Bizkaiko Katastroaren mantentze-lanetarako, Bilboko eta Basauriko udalakaz horretarako ezarritako hitzarmenen ordainketea barruan dala; eta 3 milioi euro foru-titulartasuneko higiezinen OHZ, Foru Aldundian behar egiten daben beharginen erantzukizun zibileko asegurua eta ibilgailuen aseguruak ordaintzeko.

2021eko aurrekontuaren gauzatze-mailari jagokonez, Jose Maria Iruarrizagak jakinarazo dau % 74ra iristen zala irailaren 30ean, eta urtea “% 97 inguruko” gauzatzeagaz amaitzea itxaroten dauela.

Batzar Nagusietako taldeen galderei erantzuteko txandan, Iruarrizagak baieztu egin dau “datozan egunetan” Derioko Seminarioko pilotalekua eratsiko dala, “100.000 euroko” partidari esker; izan be, erortzeko arriskuan dagon azpiegiturea da, eta inguruko gazteek asko erabilten daben bilgunea.

EKONOMIA SUSTATZEKO SAILA

Beste alde batetik, Ainara Basurkok zuzentzen dauen sailak 79,5 milioi euro izango ditu datorren urterako, hau da, 2021ean baino % 22,3 gehiago. Gastu-kapitulu nagusi biak enpresak sustatzera eta ekintzailetzara (32,4 milioi) eta barrikuntzea bultzatzera (31,9 milioi) bideratuko dira.

Enpresa Sustapenaren barruan sartzen diran programen artean, Basurkok zuzentzen dauen sailak 16,7 milioi bideratuko ditu ekintzailetza-ekosistemea garatzera eta enpresak sortzera; 5,3 milioi, enpresen garapenerako zuzeneko laguntzetara; eta 5,8 milioi, BEC edo Ezkerraldea-Meatzaldea moduko azpiegituretara.

Barrikuntzaren arloan, bestalde, Ekonomia Sustatzeko aurrekontuak 19,1 milioi izango ditu zuzeneko laguntza-programetarako, eta 11,5 milioi automobilgintza, energia, aeronautika eta “Silver economy” moduko funtsezko sektoreak garatzeko.

Aurrekontuaren beste zati on bat lurraldearen eta turismoaren kanpo-sustapenerako izango da. Zehatzago esanda, 9 milioi euro izango dira. Pakete horretan sartzen dira jomugaren garapenerako eta turismo-sektorea indartzeko 2,6 milioiak, eta beste horrenbeste lurraldea sustatzeko zereginetarako. Datorren urteko barrikuntzetako bat Bilbo-Bizkaia 2020-2030 turismo-estrategia barriaren aurkezpena izango da.

Aldundiak eskualde-garapenaren aldeko apustua egiten jarraituko dau, eta holan, Bizkaia Orekan Sakonduz ekimenak, adibidez, 2,6 milioi euro bereganatuko ditu. Ekonomia Sustatzeko Sailak “160 proiektu” bultzatuko ditu datorren urtean tokiko eta eskualdeetako eragileakaz, lehiakortasuna bultzatzeko.

Laburbilduz, Basurkok azpimarratu dau “10 eurotik 7,3” ekintzailetzagaz zerikusia daukien diru-laguntza eta zerbitzuetara bideratuko dirala, eta 2022ko aurrekontuak % 22,5 handituko dituala ekintzaileei eta enpresei zuzendutako laguntza eta zerbitzu programak bultzatzeko partidak. Zuzeneko laguntzetatik, “29 milioi” itzuli beharrik bako diru-laguntzak izango dira. Basurkok kalkulau dauenez, datorren urtean “1.000 enpresa” izango dira zuzeneko diru-laguntzak jasoko dituenak.

GIZARTE EKINTZAK 600 MILIOI EURO IZANGO DITU

Modu berean, Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatuak agerraldia egin dau arratsaldean, datorren urterako kontuen proposamena zehazteko. Bere sailaren aurrekontua 600 milioi euro ingurukoa izango da –599.380.000–, hau da, igaz baino 32 milioi euro eta %5,4 gehiago. Kontuak Aldundiaren kontu erabilgarri guztien % 41 dira, eta Covid-19arekin lotutako aparteko partidak finkatzeko eta etorkizuneko ildoak gauzatzeko erabiliko dira; beste batzuen artean, plaza soziosanitario barriak eta adinekoentzako plaza barriak garatzeko eta iraupen luzeko zainketak eraldatzeko.

Murillok azaldu dauenez, GUFEk 126,4 milioiko aurrekontua izango dau eta Bizkaiko Tutoretza Institutuak 3.415.950 eurokoa. Umeen programak 9.583.000 euro izango ditu, eta 44,1 milioi euroko aurrekontua izango dau egoera zaurgarrian dagozan adinbakoei laguntzeko. Zenbatekoak % 11,15 egin dau gora, foru babesa behar daben adinbakoen kopurua handiagoa dalako. Murillok azpimarratu dau handitu egingo dala familiako harrerea sustatzeko publizidadean inbertiduteko ahalegina.

Beste alde batetik, sailaren gastuaren herena adinekoen beharrei erantzutera egongo da zuzenduta, 207.685.000 euroko aurrekontuagaz, % 3 gehiago. Kopuru horren erdia baino gehiago (108.508.000 euro) adinekoen egoitzakaz hitzarmen barria egiteko izango da, “martitik aurrera 100 plaza gehiago izango dituelako”.

Desgaitasunari jagokonez, Murillok zuzentzen dauen sailak 77.492.000 euro izango ditu, % 3,12ko igoerea aurtengo aurrekontuagaz alderatuta, eta persona horreek babesteko sarea “zabaltzeko” balioko dau. Hirugarren sektoreko erakundeakaz 1.325 plaza kudeatuko dira egoitzetan eta etxebizitzetan (55.508.000 euro) eta 1.399 plaza eguneko arretarako zentroetan (20.352.000 euro).

Kotizazino bako pentsinoak 42.324.000 euro kostauko jakoz Aldundiari, eta mendekotasunerako prestazinoak eta diru-laguntzak 105.754.000 euro, % 0,25eko igoereagaz.

Azkenik, Getxoko Belaunaldien arteko Zentroa eregiteko 2022. urteko aurrekontua 3.263.000 eurokoa izango da, eta Balorazino eta Orientazino programa % 8,5 haziko da, 8,5 milioi eurora heldu arte, “denporak arintzeko” eta balorazino-eskariei erantzuteko.

Murillok amaierarako itxi dau 2022an ikusten hasiko dan eta iraupen luzeko zainketetara zuzenduko dan ahalegina; izan be, Aldundiak “45 milioi euro” bideratuko ditu, partidak eta proiektu zehatzak bateratuz, horreen artean EtxeTIC zentroak, egoitza-zentroetan bizikidetza-unidadeak sartzea edo eskualdeetako erreferentziazko zentroak.