Aurreko Albisteak

AURREKONTUEN AURREKO ZUZENKETA-ESKEEN GASTU-ESKAERETAN "ZUHURRAK" IZATEKO ESKATU DEUTSE REMENTERIAK BATZAR NAGUSIETAKO TALDEI

  • 2022rako bilketa-aurreikuspenak “baikorrak” diran eta aurtengo diru-sarrerakaz alderatuta igon egin daben arren, Aldundia “oso adi” dago energiaren prezioak eta hornidura-katearen krisiak izan leikien eraginaren aurrean.

(Bilbon, 2021eko zemendiaren 4an). Bizkaiko Foru Aldundiak Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluaren urriaren 15eko bilerearen eukia helduarazo deutso gaur Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako Batzordeari. Orduko bileran, besteak beste, euskal administrazinoen aurtengo eta hurrengo urteko diru-sarreren aurreikuspena ezarri zan. Halan, Bizkaiari jagokonez, ekitaldi honetarako Foru Gobernuak 7.958,8 milioi euro batzea aurreikusi dau, hau da, % 11,7ko igoerea 2020agaz alderatuta, eta orain dala urtebete aurreikusitakoa baino 600 milioi euro baino gehiago. Datorren urterako % 5,4ko hazkundea aurreikusten dau, 8.386,9 milioi eurora iritsi arte.

Bere kabuz eskatutako batzorderatzean zenbateko horreek Batzar Nagusietako taldeen aurrean aurkeztean, Unai Rementeria Ahaldun Nagusiak esan dau Bizkaia susperraldi ekonomikoaren fasean dagoala, eta une honi zuhurtziaz aurre egiteko deia egin dau, jarduera ekonomikoaren susperraldia eta enpleoaren sorrerea aldatu leikiezan “zalantzak” dagozalako. Energiaren prezioa eta hornidura kateen krisia aitatu ditu zalantza nagusien artean.

Mehatxu horreen aurrean, 2022ko aurrekontuen tramitazinoan egindako zuzenketa-eskeen ondoriozko gastu eskaeretan “zuhurrak” izateko eskatu deutse Ahaldun Nagusiak Batzar Nagusietako taldeei. Kontu horreek datorren asteko astelehena eta eguena bitartean xehatuko ditue sail bakotxeko arduradunek, Ogasun eta Finantzetako Batzordearen 9 saiotan.

HDEKren bilerearen eukiaren azalpenean, Aldundiko arduradun nagusiak beste datu ekonomiko batzuk emon ditu. 2021eko likidazinoa 7.122,1 milioigaz itxi zan, aurreikusitako 7.341,6 milioien azpitik. Aldea 220 milioikoa izan zan. 2022an aplikauko da lehenengoz Ekarpenen Lege barriaren metodologia; horren arabera, Bizkaiak 5.544,9 milioi euro jarriko ditu Eusko Jaurlaritzaren finantzaketarako.

Euskal Autonomia Erkidego osoan, hiru foru ogasunek 2022rako aurreikusitako diru-sarrerak guztira 16.290,4 milioi eurokoak izango dira. Eusko Jaurlaritzak 11.003,9 milioi euroko ekarpena jasoko dau. Kopuru horretatik, Bizkaiak % 50,39 jarriko dau, aurreko legean baino hamarren bat gehiago.

Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak doikuntzarako Funts Orokorra 113,8 milioi eurogaz hornitzea aurreikusi dau 2022rako, Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiek finantzauta, koefizienteetan oinarrituta. Holan, Bizkaiak 16,7 milioi euro emongo deutsaz oso-osorik Arabaren (64,5 M €) eta Gipuzkoaren (49,3 M €) artean banatuko dan funts horri.

2022an, foru aldundiek 157,1 milioi euroko defizit-ahalmena izango dabe, eta horreetatik 79,2 milioi euro Bizkaiari jagokoz.

Rementeriak Bizkaiko Lurralde Kontsejuaren azkenengo bileran aztertutakoaren barri emoteko aprobetxau dau Batzar Nagusietan egin dauen agerraldia. Saio horretatik ondorioztatu zan udalek 946,3 milioi euro jasoko dituela 2022an, % 14,1eko igoerea (116,8 milioi gehiago). Bizkaitar bakotxak “816 euro” jasoko ditu, Araban (801 euro) edo Gipuzkoan (782 euro) bizi diranek baino zeozer gehiago. Ahaldun Nagusiak lurraldeko udalen finantza “egoera ona” aitatu dau, izan be, “8 baino ez dira izan” Foru Aldundira zorpetzea eskatzera joan diranak.

BATZAR NAGUSIETAKO TALDEAK

Oposizinoko taldek be zuhur jokatu gura izan dabe Aldundiak datorren urteari begira egindako aurreikuspenakaz. Eduardo Andradek (Talde Berezia- PP Bizkaia) esan dauenez, hazkunde ekonomikoa eta enpleoa sortzeko “zorpetze garaia” bada be, zuhurtziaz jokatzeko garaia da, ziurbakotasun horreek dirala eta. Rementeriak azaldutakoei inflazinoaren arazoa eta hirugarren hiruhilekoan ekonomiak izandako motelaldia gehitu deutsez, Eustaten azken datuetan oinarrituta. Eneritz de Madariaga Elkarrekin Bizkaiako taldeburua “zuhur” agertu da beste adierazle ekonomiko batzuk ezagutu arte. Eta Arantza Urkaregik (EH Bildu) esan dau behar bada “baikorregiak” izan dirala datorren urteko diru-sarreren aurreikuspenetan. “Kontuz ibili behar dogu”.

HDEKk erabilitako zifrei jagokenez, popularrek uste dabe “onura gehien jasoko dauena” Eusko Jaurlaritza izango dala, Ekarpenen Legearen metodologia barriaren aplikazinoak koefiziente bertikala aldatu dauelako. “Euskal zentralismoa da, eta Aldundia horren aurrean saldu egin da”, esan dau Andradek.

Talde moreak defizita eta zorpetzea “hobeto aprobetxetako” eskatu deutso Aldundiari, “Sektore kaltetuenetan ekonomia suspertzeko eta personak politika sozialen bitartez erreskatetako”. Madariagaren berbetan, horrek erreforma fiskala dakar, “aberastasuna guztiengana iritsi daiten”.

Urkaregi, bestalde, pozik agertu da aurreikuspenek diru-sarrera gehiagoko agertokia marrazten dabelako, baina kontua da diru-sarrera horreek “zelan banatzen diran”. Alderdi moreak moduan, erreforma fiskala egiteko beharra azpimarratu dau, “sistema zuzenago eta bidezkoago baterantz joateko”, aldez aurretik Soziedadeen ganeko Zergaren bilketea murrizteko ezarritako neurriak kritikatuz, pandemiak enpresetan izan dauen eraginarengaitik % 1,7 jaitsi dalako aurton. Holan, zerga horretan hobariak kentzearen eta PFEZa aldatzearen alde egin dau, “gehiago daukienek gehiago ordaindu daien”.

Foru Gobernua babesten daben Batzar Nagusietako taldeak pozik agertu dira diru-bilketaren itxaropen “positiboakaz”. Juan Otermin bozeroale sozialistak deitoratu egin dau batzuk Jaurlaritza “arerio moduan” ikustea, eta ez “guztioi mesede egiten deuskuen” politika publikoak garatzeko osagarri moduan. Uste dau albiste ona dala Udalkutxak udalentzat ekarpen handiagoa egitea, baina kezkatuta agertu da Soziedadeen gaineko Zergak sortutako diru-sarrera fiskalen bilakaereagaz, 2022. urteak “normaltasunerako bidea erakusten dauen” arren.

Beste alde batetik, Euzko Abertzaleak taldeak 2022ko aurreikuspenak Ekarpenen Lege barriaren metodologiagaz egin izana azpimarratu dau. Jesus Lekerikabeaskoa taldeburuaren berbetan, gainera, “seinale ona” da 113,8 milioi euro dituan Doikuntza Funtsetik Bizkaiak “ezer ez jasotea”; horrek esan gura dau “aurreikuspenak ondo” egiten dirala, eta udalek 117 milioi euro gehiago izango dituela inbertiduteko.

Erantzuteko txandan, eta EH Bilduk “Tobin eta Google tasen” (175 milioi, Urkaregiren berbetan) bilketan izandako eraginaren inguruan galdetuta, Rementeriak baieztu egin dau zerga biak kontuan hartu dituela aurreikuspenetan, Bizkaiak horreen “% 90” bilduko dauela eta bere Gobernua Kontzertu Ekonomikoaren Legea aldatzearen zain dagoala, Bizkaiko Batzar Nagusietara foru arau barria ekarteko.

Etorkizuneko Larrialdi Funtsaren ezarpenari jagokonez, Rementeriak azaldu dau Bizkaiaren proposamenak “guztizkoaren % 0,5” erreserbetea aurreikusten dauela, “75 milioi euroko mugeagaz”, “personen bizitza edo segurtasuna arriskuan jarten daben larrialdiei” erantzun ahal izateko.

COVID PROTOKOLOAK ETA CO2 NEURTZEKO GAILUAK

Bilera berean, batzordeak Elkarrekin Bizkaia taldearen arauz besteko proposamen bat baztertu dau. Proposamen horretan Aldundiaren eskumeneko eraikin eta zerbitzu publikoetako Covid protokoloen inguruko informazinoa eguneratzea eskatzen zan, aerosolen bidezko transmisinoari jagokonez, eta CO2 neurtzeko eta erakusteko gailuak instaletea be bai. Talde moreak hobekuntza hori garraio publikora eroan gura eban, baita Aldundiaren esku dagozan eguneko zentroetara eta egoitzetara be. Ekimena baztertu egin dabe Batzar Nagusietako Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek, Aldundiak osasun agintariek egindako gomendio “guztiak” ezarri ditualako. Beste alde batetik, Batzar Nagusietako beste talde biek, EH Bilduk eta Talde Berezia-PP Bizkaiak, arauz besteko proposamenaren aldeko botoa emon dabe.