LAU IBILBIDE GIDATU ENKARTERRIKO GERRA-AGERTOKIAK EZAGUTZEKO
- Enkarterrietako Museoak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek lau ibilbide kultural antolatu ditue, gerra karlistetako eta Gerra Zibileko gerra-agertoki nagusiak ezagutzeko.
- Izen-emotea dobakoa da eta enkarterrimuseoa.eus. helbidean egin leiteke.
(Abellanedan, 2021eko azaroaren 3an). Enkarterrietako Museoak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek “1873-1937. Gure memoriaren gerrak”, proiektua aurkeztu dabe, eskualdeko gerra karlistetako eta Gerra Zibileko agertoki nagusietara eroango gaituen lau ibilbide kultural. Arkeologo eta espezialisten eskutik, Enkarterrin 1833 eta 1939 bitartean ia 100 urtetan izandako burruken lekurik garrantzitsuenetan zehar ibiltera konbidetan dau proiektuak.
Enkarterrietako Museoan (Sopuerta) hasiko diran ibilbide kulturalek lau gerra-agertoki desbardinen artean aukeratzera eroango ditue izena emon daben personak: Somorrostroko guduak (1874); Celadillako guduak (1875); Kolitzako guduak (1937); eta Balmasedako gerra-agertokiak (1936-1939).
Enkarterrietako Museoaren proiektu honek Gorka Martin eta Xabier Herrero EHUko arkeologoen eta Balmaseda 1937 alkarteko Zunbeltz Matabuena Iarzaren laguntza izan dau, eta XX. mendeko soziedade enkartauaren lehenengo marrazkia egiten hasi ziran agertoki hareek ahaztuta egotetik atera gura ditu. Leku horreetako batzuk, oraindino, karlisten taldeen batailoien eta gerra zibilaren aztarnak ditue.
Zemendiaren 13 eta 27rako, abenduaren 11rako eta urtarrilaren 15erako programau diran ibilbide gidauek II. Karlistaldiko (1872-1876) aurrerapen arkeologikoetatik edaten dabe, Somorrostroko (Abanto) eta Celadillako (Zalla) guduetako agertokietan egindako indusketen bidez, baita Gerra Zibilaren (1936-1939) inguruan Balmasedan, herrigunean eta Kolitza mendian, egindako memoria historikoko lanetatik be.
Denporeagaz, arkeologia-lanek Enkarterriko gerra-agertoki garrantzitsuenetako batzuk lurpetik atera eta aurkitu ditue; historialariek eta alkarteek, barriz, gerra-gertakarien erretratu gizatiarragoa egin dabe, eta gerra-gertaera horreek gertutik bizi izan ebezan personen ideak, pentsamentuak eta bildurrak batu eta balioetsi ditue.
LAU IBILBIDE GIDAU:
- Zemendiak 13: Somorrostroko guduak (1874). 1874ko zezeila eta maiatza bitartean, Bilbo tropa karlistek setiauta egoala, armada liberal eta karlistek borroka gogorrak izan ebezan gaur egun Abantokoak eta Muskizekoak diran lurretan. Milaka lagun hil ziran, eta izugarrizko oihartzuna izan eban Europa osoan, istiluen garrantziarengaitik. Orain dala gitxi, hainbat ikerketa historikok eta indusketa arkeologikok leku horreetako batzuk balioetsi ditue. Ibilbidea 10:00etan hasiko da, Gorka Martinek Enkarterrietako Museoaren bilduman dagozan eta gudu horreetan erabili ziran armen (espingardak, fusilak, ezpatak…) inguruan egingo dauen berbaldiagaz. Horren ostean, 1874ko guduen ondorioz hondatuta dagon Abantoko San Pedro eleizaren ingurura joango dira.
- Zemendiak 27: Celadillako guduak (1875). 1875 eta 1876 artean, hainbat gudu izan ziran, Zallan dagon Celadilla ganean eta Balmasedako mugan. II. Karlistaldiko beste agertoki garrantzitsuenetako batzuk izan ziran. Orain dala gitxi, hainbat ikerketa historikok eta indusketa arkeologikok leku horreetako batzuk balioetsi ditue. Jardunaldia museoan hasiko da Gorka Martinen berbaldiagaz, eta ibilbidea autobusez eta oinez (50 minutuko ibilaldia dago oinez) egingo da, aztarnategi arkeologikora iritsi arte.
- Abenduak 11: Kolitzako guduak (1937). 1937ko uztailean eta abuztuan, Kolitza (Balmaseda) eta Alen (Sopuerta/Turtzioz) mendien arteko frontean, euskal armadak hainbat kontraeraso hasi ebazan armada nazionalak defendidutako San Roke baselizaren kontra, bagilaren amaieran okupautako Enkarterriko lurra berreskuratzeko. Emaitza bako eraso hareetan, alde bietako ehunka soldadu hil ziran. Ibilbidea 10:00etan hasiko da Museoan, Zunbeltz Matabuena Iarzaren eta Xabier Herreroren berbaldi bategaz. Bertan, Balmaseda 1937 Alkarteak, ahalik eta modu egokienean eta zabalenean ezagutuarazoteko komiki formatuan aurkeztu ebazan gerra zibileko gertaera nagusiak laburbilduko ditue. Abellanedatik Kolitzara eta La Neverako lepora iritsiko da ibilbidea, 1937ko uda haretan izan ziran guduen agertokira.
- Urtarrilak 15: Balmaseda. Gerrako agertokiak (1936-1939). Balmaseda oso puntu garrantzitsua izan zan Gerra Zibilean. Batailoi errepublikarrak eta, ostean, nazionalak instalau ziran bertan. Eraikin askok erabilera militarra izan eben, eta lantegiak militarizatu eta alde biek erabili ebezan. Babeslekuak eregi ziran eta ospitaleak, aginte-postuak, hornidura-lekuak, zaintza-postuak, biltegi militarrak… prestau ziran. Ibilbide honetan, hori eta askoz gehiago ezagutuko dogu. Zunbeltz Matabuena Iarzaren eta Xabier Herreroren berbaldiaren ostean, Balmasedako San Severino plazara joango gara autobusez, eta handik, gaur egun ahaztuta dagozan Balmasedako gerrako hainbat gune aurkituko doguz: ospitalea, batailoien kantonamendua, kuartel nagusiak, lantegi militarizatuak edo aireko erasoen kontrako babeslekuak.
Izena emotea eta informazino gehiago:
https://www.enkarterrimuseoa.eus/home/index.asp