Aurreko Albisteak

REMENTERIAK KUDEAKETA-AGINDUA ETA KUPO BIDEZKO FINANTZAKETEA ESKATU DITU BARRIRO BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEN KONTROLERAKO OSOKO BATZARREAN, AHT-A "GARAIZ ETA BEHAR DAN MODUAN" AMAITZEKO

  • Foru Gobernua kontroletako Ikasturte politiko honetako lehenengo saioa hiru itaunegaz eta ahozko sei erantzun-eskegaz amaitu da.

  • Batzar Nagusietako oposizinoko taldeek Bizkaiko eredu turistiko barriaren, AHTa lurraldera iristearen eta baso-politikaren ganean galdetu deutsie Aldundiari.

(Gernikan, 2021eko urriaren 27an). Gernikako Batzar Etxeak kontroleko beste batzar bat hartu dau gaur, eta oposizinoak Foru Aldundiak Euskal Y-aren amaieran izan dauen inplikazinoaren ganean galdetu deutso Foru Gobernuari. Politika Orokorreko osoko batzarrean egin eban moduan, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak 2006. urtean hasi ziran obrak amaitzeko kudeaketa agindua euskal erakundeei emoteko eskatu dau barriro, “lurzoruak, euskal uriburuetako geltokien eraikuntza eta geltokiak lurperatzearen ondorioz sortu daitekezan lurren urigintza-aprobetxamendua” barru dirala. Finantzaketea Kupo bidez egingo litzateke.

Erantzun horrek ez dau asebete Talde Berezia-PP Bizkaia taldea. Talde horrek Bizkairako proiektu “estrategiko” bat gauzatzean atzerapen gehiago ez gertatzeko neurri zehatzak eskatu eutsazan, baina, halanda be, ez dau “ezelango neurri zehatzik” proponidu, Amaya Fernandez bozeroalearen eretxiz. Bozeroale popularrak, hauteskunde-kanpainan proiektu horretan Aldundiak ez ebala “ezer erabagiten” esan ebala gogorarazo deuso Rementeriak. Espainiako Gobernuak “etxeko lanak” egitea eskatzen dabenez, metroa Errekaldera eta Galdakaora zabaltzeko proiektuakaz edo Arrontegiko zubiaren alternatibagaz gauza bera egitera konbidau dau Fernandezek.

Rementeriak uste dau iraileko osoko bilkuran egin eban eskaeraren helburua Euskadin AHTa “denpora gitxian” martxan jartea bermatzea dala, Estaduko Aurrekontuetan partida bat egotearen menpe ez egoteko. Ahaldun nagusiak azaldu dauenez, PPk ados egon beharko leuke euskal erakundeek obren ardurea hartzeagaz, izan be, horixe adostu eban Rajoyren Gobernuak Eusko Jaurlaritzagaz Gipuzkoako tarterako. “Ados ez bazagoze, atzerapen horreek be onartu beharko zeunkiez”, esan deutso.

Ahaldun nagusiaren eretxiz, “proposamen bakarra” Euskal erakunde guztiei kudeaketa agindua emotea da, “behingoz, abiadura handiko trena denpora eta forma aldetik errealidadea izango dala bermatzeko, ondo zehaztutako partidakaz; eta gero, Kupoaren likidazinoa egitea, obrak amaitzeko”. Behin agindua emonda, euskal erakundeen artean ezarriko litzateke zelan egin behar dan likidazino hori, “kupoa guztiok ordaintzen dogulako, bizkaitarrok barne”. Amaitzeko, azken hauteskunde kanpainan, 2019an, Bizkaiak AHTren finantzaketan parte hartzearen aurrean Fernandezek adierazo eban “ezezko borobila” arpegiratu deutso Rementeriak.

Modu berean, ahaldun nagusiak Gernikako atrilera urten dau, EH Bilduri argindarraren fakturarengaitik erantzuteko eta, zehatzago esanda, Aldundiak argindarra jaisten zelan lagun daiken argitzeko. Sare Adimendunen zentroaren aurkezpenean egin eban agerraldian Ignacio Sanchez Galanekin atara eban eta “asko estutzen dauen” argazkian, norbanakoei eta enpresei argindarraren prezioa igon izana konpontzeko euskal argindar konpainiari neurriak eskatzeko “exijentziaren” faltea sumatu eban EH Bilduk. Talde abertzaleak gogoratuazo dauenez, horrek eragin nabarmena izan dau Bizkaian, 800 behargin baino gehiago dituan Sidenorren Basauriko lantegia geratzean, adibidez.

Rementeriak Iberdrolako presidentearen aurrean urriaren 5ean emondako mezua errepikau dau, “guztiei jagoken mailan egoteko” eskatuz, bakotxak bere erantzukizunetik “akordio barriak” lortzeko. Energiaren sektoreak Bizkaiko ongizate estaduari eusten laguntzeko daukan eginkizuna defendidu dau. Izan be, Ogasunaren kutxetan zergetan “3.000 milioi euro”, “Bizkaiko bilketaren herena”, ixten dituen “238” enpresetako “15.488” lanpostu zuzen batzen ditu.

BIZKAIRAKO TURISMO-ESTRATEGIA

Elkarrekin Bizkaiak egindako itaun batean, Ainara Basurko Ekonomiaren Sustapenerako foru diputatuak Aldundiaren turismo arloko ekintza plana errepasau dau. Bilbao-Bizkaiaren turismo-estrategia barriaren, hau da, Bizkaiko Batzar Nagusiek igazko abenduaren 23an emondako aginduaren, inguruan galdetu deutsenean foru-arduradunak esan dau “aurrerapausu handiak” emon dirala estrategia hori prestetako prozesuan, eta azkenengo dokumentua “datozan asteetan” amaituko dala eta datorren urtearen hasieran jente aurrean aurkeztuko dala.

Ainara Basurko, osasun-krisiari aurre egiteko sektorean mikrokredituak martxan jartea eta barruko turismoa sustatzeko bonuak edo kanpainak abiarazotea ahalbidetu dauen Bilbao-Bizkaia 2020-2021 Birgaitze Turistikorako Planean be zentrau da. Halanda be, foru-estrategia barria harago doa, eta 2030. urtera begira jarri da, Agenda 2030agaz eta Nazino Batuen GJHekaz bat etorrita. Bertan, erronka globalakaz bat datozan sektorearen etorkizuneko erronkak ezarten dira, horreen artean “digitalizazinoa, jasangarritasuna eta barrikuntzea”, laburbildu dau.

BASO-POLITIKEA

Beste alde batetik, EH Bilduk baso-politikaren ganean galdetu deutso Aldundiari. Bizkaiko Foru Aldundiak mendien inguruko foru arauaren aldaketea iragarri eban iraganean, Bizkaiko lurzoruetan eukaliptoa landatzeko baimenetan moratoria bat ezarteko. Koalizino abertzaleak kritikau egin dau orain arte zugatz hori “kontrol barik” zabaldu izana, eta, hori dala eta, Iratxe Arriola ordezkariak eskatu dau Aldundiak azal daiala aldaketa hori egiten dan bitartean zelan berreskuratuko dituan espezie horrek kaltetutako lurrak eta ur-iturriak.

Amaia Antxustegi Iraunkortasuneko eta Ingurune Naturaleko diputatuak ez dau Foru Araua onartzeko datarik jarri, baina aurretik moratoria onartuta “denporea irabazi” gura dauela ohartarazo dau. Bere saila gai hori lege aldetik aztertzen ari da debeku hori sartzeko, sektorearen “ingurumen, ekonomia eta gizarte” arloetako orekan behar egiten jarraitzeko lege-euskarri bat lortuz.

Antxustegik arretea jarri gura izan dau 50eko hamarkadan ia existiduten ez zan baso-estalgi bat izatearen garrantzian. Hamarkadetan zehar, lurzoruaren higadura gelditu egin da basoberritzeko politiken bidez, eta, horri esker, gaur egun Bizkaiak “131.676” baso-hektarea ditu, lurraldearen ia % 60. Arriolak kritikau egin dau lur horren “% 20 baino gitxiago” egotea bertako espezieek okupauta.

AHOZKO ERANTZUN-ESKEAK

Oposizinoak, ahozko erantzun-eskeen txandan, honeen ganean galdetu deutso Foru Gobernuari: txikizkako merkataritzaren eta ostalaritzaren sektorea bultzatzea, elektrizidadearen prezioa, trena Durangaldean eta Busturialdean, egoitzetarako bisita-protokolo barria, Gizarte Ekintza Saileko ikuskaritza zerbitzuaren funtzino pedagogikoa eta Zornotzako Forjas bulegoen eraikinaren eraispena.

Egoitzetako bisiten aldaketeari jagokonez, Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatuak baieztu egin dau urrian zehar bere sailak jakinarazpen bana bialdu eutsela egoitzei eta familiei, bisita-erregimenean ezarrita egozan mugak ezabatu egin dirala jakinarazoteko, eta Osasun Sailak musukoak erabilteko eta barrukaldean 2 metroko tartea gordetako betebeharra ezarri dauela gogorarazo dau. Osasun agintarien neurriak eskubide bi betearazo gura ditu, bere ustez, “egoiliarren osasuna zaintzeko eskubidea eta ongizate emozionala bermatzeko eskubidea”.

EH Bilduk bere “erantzukizun publikoa” betetera konbidau dau, egoitza guztietan bisitak “bardin” bermatzeko neurrien bidez; izan be, gaur egungo egoera “diskriminazinozkoa” da, enpresek senideen bisitei “mugak” jarten jarraitzen dabelako, Arantza Urkaregi batzarkideak ziurtatu dauenez. Murilloren ustez, barriz, neurri horreek, “pilaketak saihesteko” hartutako neurrien artean dagoz. Diputatuak azaldu dauenez, gai horregaitik “kexa bi” jaso ditue, eta daborduko erantzun ditue.