Aurreko Albisteak

BARAKALDOKO VITALITAS EGOITZAKO EGOILIARREN SENIDEEK SALATU DABE EGOILIARREK URTEBETE BAINO GEHIAGO DAROELA ARRETA ESKASA JASOTEN

  • Bagatzako egoitzako 69 erabiltzaileren hiru ordezkari Bizkaiko Batzar Nagusietako Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarako Batzordera joan dira itunpeko zentroaren kudeaketagaz “kezkatuta” dagozala adierazoteko.

(Bilbon, 2021eko urriaren 22an). Bizkaiko Batzar Nagusietako Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarako Batzordeak Barakaldoko Vitalitas egoitzako senideen bisita jaso dau gaur. Egoitzako 69 egoiliarren izenean, María Isabel Renovales Olivak, María Purificación Pérez Aribayok eta Mariví Freire Pérezek, Bagatzan (Barakaldo) daukan egoitzan Vitalia Home Taldea egiten ari dan kudeaketa “eskasa” kritikau dabe, igazko abuztutik aurrera modu “negatiboan” eragiten ari dalako egoiliarren osasun-egoeran eta zaintzan.

Bagatzako (Barakaldo) adinekoen Vitalitas egoitzako senideen alkarteak salatu dauenez, Bizkaiko Foru Aldundiak finantzetan dauen eta Bagatza auzoan orain dala 15 urte baino gehiagotik funtzionetan ari dan egoitza horretan bizi diran mendeko adinekoen “osasunak okerrera egin dau, oro har”.

Kolektiboak Bizkaiko Batzar Nagusietan emon dau egoeraren barri, enpresaren aldetik, Vitalia Taldetik, eta foru erakundearen aldetik behin eta barriro konponbide bat lortzen saiatu ostean; izan be, azken hilebeteetan egoiliarren egoera fisikoaren eta emozionalaren ganeko hainbat kexa kolektibo aurkeztu ditue. Batzar Nagusietako taldeek euren senideen egoeraren ganeko txosten “zehatza” be jaso dabe.

Familiek adierazo dabenez, irregulartasun horreek 2020ko abuztuan hasi ziran, eta egoitzako beharginek protesta sindikala egin eben egoiliarrei laguntzeko beharginik ez egoala salatzeko. Beharginen lan “gainkargaren” ondorioz, senideek “higiene faltea”, “arropagaz eta garbiketagaz arazoak” eta “elikaduran eta sendagaien administrazinoan gabeziak” antzeman ditue. Egoiliar “gehienak” zaintzerako orduan emoten ari diran baldintza “onartuezinak” dira.

Holan, senideek COVID-19aren pandemian gertatzen ari diran “gabeziez” ohartarazo dabe, eta egoitzaren “gardentasun eta informazino faltea” salatu dabe, egoitzea bera dalako egoera horren “arduradun nagusia”, eta Aldundia be kritikau dabe, “ikuskapenik ez egiteagaitik”.

Modu berean, beharginek egindako lana eskertu gura izan dabe, “gainkarga” nabarmena daukielako eta “ahal dabena” egiten dabelako. Une honetan, beharginak “adore barik eta animoz oso baju” dagoz.

Aldundiaren egitekoari jagokonez, senideek, egoitza-eredua aldatzean, hasteko, beharginen lan-baldintzak hobetzeko, arreta-ratioak handitzeko eta beharginen prestakuntzea hobetzeko eskatu dabe.

Senideek deitoratu dabenez, Gizarte Ekintza Sailak “7 ikuskatzaile” baino ez ditu Bizkaiko egoiliar guztientzat, eta aurton adinekoen egoitzetan egindako ikuskapenen batez bestekoa “batera be ez dala heldu” kritikau dabe. Ikuskapen horreen emaitzak publiko egitea eskatu dabe, herritarrek egoitza bat aukeratzeko orduan informazinoa izan deien, eta familiei eretxia eskatzeko eredu “parte-hartzaile” baten alde egiteko be eskatu dabe. “Ez da familiekin berbarik egiten”, esan dau Marivi Freirek.