Aurreko Albisteak

BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAKO OSOKO BATZARRAK ERREPIDEEN FORU ARAUA ETA ERAKUNDE LOKAL TXIKIETAKO AUZO-ALKATEEN HAUTAKETARI BURUZKO FORU-ARAUA ONARTU DITU

  • Bizkaiko Batzar Nagusiek Estaduko legediaren transposizinoa egin dabe balio erantsiaren gaineko zergan eta energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergan premiazko neurriak hartzeari buruz. Era berean, erdibideko zuzenketa-eske baten bidez, Bilbo-Santander trenbide linea hobetzeko eta FEVEren Bizkaiko tartea Eusko Jaurlaritzari azkarrago transferitzeko eskatu dabe.

  • Arauz besteko proposamenak eta mozinoak betetearen ganeko azkenengo txostenak erakusten dauenez, Aldundiak bete egin ditu edo bete bidean ditu azken urte bietan Bizkaiko Batzar Nagusiek emondako 26 aginduak.

(Gernikan, 2021eko urriaren 20an). Gernikan gaur egin dan ikasturte politiko barriko Bizkaiko Batzar Nagusien lehenengo ohiko osoko batzarrak, foru arau bi onartu ditu: bata, errepideeen ganeko foru araua eta, bestea, lurraldean, Urduñan, hain zuzen be, dagozan lau erakunde lokal txikietako auzo-alkateak hautatzeko foru-araua. Modu berean, Batzar Nagusiek, argindarraren fakturen BEZaren eta energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren ganeko Errege Lege Dekretu baten transposizinoa berretsi dabe.

Errepideen inguruko Foru Arauari jagokonez, Batzar Nagusiek, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek osatzen daben gehiengoari esker, oneritxia emon deutsee Aldundiak aurkeztutako testuko 67 artikuluei. Testu horrek ordeztu egingo dau Bizkaiko errepideak orain dala hamarkada batetik arautzen ebazan oinarrizko araua. Gaur, Foru Gobernua eusten daben taldeek atzera bota ditue, barriro be, Talde Berezia-PP Bizkaia taldeak aurkeztutako zuzenketa-eske guztiak, batzarkide-talde horrek bakarrik aurkeztu ditu-eta foru arauaren priektuari buruzko zuzenketa-eskeak. Foru Arauak errepideen plangintzagaz eta ustiapenagaz lotutako arloak arautzen ditu batez be.

Bizkaiko errepide-sarearen plangintzari jagokonez, testuak errepideen hierarkizazino barria emoten dau, eta daborduko jasota dagozan finantziazino-alderdiak sartzen ditu, bai aurrekontuen, bai erabiltzaileen (bidesariak) bidez. Modu berean, Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantzako diputatuak azaldu dauenez, araua bat dator Batzar Nagusietako Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapeneko Batzordeak 2019ko urtarrilaren 11n onartutako Bizkaiko Errepideen LPSa egiteko jarraibide eta erespide orokorrakaz. Eta, azkenik, arau-proiektuak honeek be hartzen ditu barruan: azkenengo urteetan gauzatutako obra-mota barriak, errepide-mota barriak, etorkizunean gauzatu daitekezan teknologia barriak eta ingurumen- eta gizarte-arloko sensibilidade barriak.

Ustiapenari jagokonez, arau barria “oso teknikoa eta konplexua” da, Gobernua eusten daben taldeek adierazo dabenez, eta mugakaz, baimenakaz, uri-tarteakaz eta zeharbideakaz, udalerrien titulartasunaren transferentziakaz eta errepideen kalteen eta zerbitzuaren eraginaren ondoriozko erantzukizunagaz lotutako alderdiak eguneratzen ditu. Ustiapenaren atal horrek loturea dauka irisgarritasun “jasangarria” ahalbidetzeko zerbitzua emoteagaz.

Kontrako botoa emon dauen talde bakarra izan dan Talde Berezia-PP Bizkaia taldearentzat, arauaren barritasun “bakarra” 26. artikuluan bidesariak ezartea da, errepideen eraikuntza finantzatzeko modua izan daiten. “Garraiolarietatik hasiko dira, eta gero ganerako gidari guztiek ordaindu beharko ditue bidesariak”, ohartarazo dau Eduardo Andrade popularrak. Batzar Nagusietako ganerako taldeek ez dabe baztertu bidesariak ezartea, baina EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak –testuaren bozketan abstenitu egin dira– eztabaida “sakonagoa” eskatu dabe, inplikautako eragile “guztien” parte-hartzeagaz.

Arauak ez dau herritarren alegazinorik jaso, ezta oposizinoko taldeen zuzenketa-eskerik be, Talde Berezia-PP Bizkaia taldeak erregistrau ebazan 49 zuzenketa-eskeak izan ezik, euretariko bat osotasunezko zuzenketa-eskea izan da. Talde horrek kritikau egin dau bagilaren 24an Batzar Nagusietan erregistrau eben arauak “abuztuaren eragina” jasan izana, baina Irene Edesa jeltzaleak esan dau prozedurea hasi, martian hasi zala.

Modu berean, osoko batzarrak aho batez onartu dau Bizkaiko Lurralde Historikoan udalerria baino lurralde-eremu txikiagokoak diran erakundeetako (guztiak Urduñako Urian dagoz) auzo-alkateak hautatzeko Foru Araua. Arauak Belandiako, Lendoñogoitiko, Lendoñobeitiko, Lendoñobeitiko eta Mendeikako auzo-alkateak aukeratzeko moduari eragingo deutso. Kasu gehienetan 50 bizilagun baino gitxiagoko herriguneak dira. Besteak beste, lurraldeko lau enklabe txiki horreen ordezkaria aukeratzeko modua ezarri da. Bozketa sekretua egingo da foru eta udal hauteskundeakaz batera, baina beste hautestontzi baten.

Beste alde batetik, Batzar Nagusiek bagilaren 24ko 12/2021 Errege Lege Dekretuan jasotako zerga-murrizketea foru-araudira ekarri da. Errege Lege Dekretu horretan ezarten zan, salbuespenez eta aldi baterako, 2021eko abenduaren 31ra arte, 10 kW-tik gorako potentzia-termino finkoa ez daukien energia elektrikoko kontratuetarako, handizkako merkaduaren hileko batez besteko prezioa 45 €/MWh-tik gorakoa danean, BEZa % 21etik % 10era jaistea. Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Elkarrekin Bizkaiak onartu daben eta EH Bildu eta Talde Berezia-PP taldeen abstentzinoa jaso daben foru dekretu arauemoileak, 2021eko hirugarren hiruhilekoan elektrizidadea ekoizten daben eta sistema elektrikoan txertatzen daben instalazinoei energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren ganeko zergea kentzea aurreikusten dau.

BATZAR NAGUSIEN AGINDUEN BETETEA

Batzar Nagusiek onartutako arauz besteko proposamenen eta mozinoen betete-mailaren balantzea egin dau Aldundiak. Elixabete Etxanobe Herri Administrazino eta Erakunde Harremanetarako diputatuak 2019ko irailaren 1etik 2021eko irailaren 1era arteko aldiari jagokon txostena aurkeztu dau. Txostenean esaten danez, Foru Gobernuak Batzar Nagusien 26 agindu jaso ditu (arauz besteko 19 proposamen eta 7 mozino). Horreetatik bederatzi (% 34,6) osorik bete ditu daborduko, eta ganerakoak egikaritze-aldi “aurreratuan” dagoz. Azken urte biotan, beste erakunde batzuei eragiten deutsen beste bost ekimen onartu ditu Bizkaiko parlamentuak.

Batzar Nagusietako eta gobernuko jarduera horrek, beraz, taldeek Batzar Nagusietan aurkeztutako ekimenekaz eta ekimen horreek beteteko erritmoagaz dauko zerikusia, eta horreek pandemiak “baldintzauta” egon dira. Aldundiari zuzendutako proposamenen erdia baino gehiago –”% 54”– Gizarte Ekintza Sailari eta Enplegua, Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailari zuzendutakoak ziran.

Oposizinoaren eretxiz, azken ikasturte politiko bi honeetan, Foru Gobernua eusten daben talde biek Batzar Nagusietan eztabaidautako proposamenen “% 19,01” baino ez dabe onartu, Amaya Fernandez PPko bozeroalearen kalkuluen arabera. Bea Ilardia EH bilduko bozeroalearen berbetan, adostasun mailak “behera” egin dau agintaldi honetan, eta horrek “balio politiko eskasa” erakusten dau.

SANTANDER-BILBO TRENBIDEAREN DEFENTSEA

Batzar Nagusien interesa biztu dauen beste gaietako bat FEVEren Santander-Bilbo trenbidea izan da. Eztabaidea, azpiegitura hori defendiduteko moduaren ganeko arauz besteko proposamen bi eztabaidatzeko sortu da, bata EH Bildurena eta Elkarrekin Bizkaiarena, eta bestea Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak alkarregaz aurkeztutakoa. Azkenik, lau taldeak akordio batera iritsi dira erdibideko zuzenketa bat onartzeko, eta, bertan, azpiegitura horren eskumena daukien administrazino guztiei zerbitzua “ahalik eta lasterren” hobetzeko eskatzen jake, eta baita trenbide arloko eskumenak transferitzeko administrazinoek akordio bat lortu daiela be.

Talde Berezia-PP taldearen abstentzinoagaz onartutako ekimenak Ministerioari, ADIFi eta RENFEri be azpiegituran eta zerbitzuan neurriak hartzeko eskatu deutse, zehatzago esanda, “maiztasunak hobetzeari, erabiltzaileei emondako informazinoa hobetzeari eta trenbide tarteak elektrifiketeari” jagokenez.

Osoko Batzarrak Bizkaiko ondare industrialaren inguruko arauz besteko proposamen bat eztabaidatu dau, Batzar Nagusietako Elkarrekin Bizkaia taldeak aurkeztutakoa. Proposamen horretan, Molinos Vascos eraikinean esku-hartze integralari ekitea, Ekintzailetza Zentroa eraikin horretara eroateko aukera aztertzea eta Teknikaren Museoa Lutxana-Barakaldoko Orconerako tailerretan gauzatzen laguntzea eskatzen jakon Aldundiari. Kasu horretan, ekimena osorik bota dabe atzera Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek, eta modu partzialean (2. eta 3. puntuak) EH Bilduk.