Aurreko Albisteak

ALDUNDIAK BATZAR NAGUSIETAN AURKEZTU DITU BATUZ EZARTEAGAITIK DAGOZAN KENKARI FISKALAK ETA SUSPERRALDIA BULTZATZEKO PIZGARRI BARRIAK

  • José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako diputatuak agerraldia egin dau Bizkaiko Batzarren aurrean, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera Batuz sistemea borondatez apliketeagaitik egongo diran pizgarriak azaltzeko, 2024ra arte derrigorrezkoa izango ez dan arren, eta baita suspertze ekonomikoa bultzatzeko neurriak azaltzeko be. Neurri horreek “Silver economy” dalakoan, talentuaren erakarpenean, ekintzailetzan eta kalidadeko enpleoan jarten dabe arretea.

(Bilbon, 2021eko urriaren 19an). Foru Aldundiak, suspertze ekonomikoa bultzatzeko neurri barriak eta BATUZ sistemea borondatez apliketeagaitik egongo diran kenkariak eta izaera teknikoko beste neurri batzuk be aurrera aterateko erabili gura dan Foru Arau Proiektua ekarri dau gaur Ogasun eta Finantza Batzordera.

Ogasun eta Finantzetako Batzordean Batzar Nagusietako taldeei aurkeztutako arau proiektuak hiru titulu ditu. Bigarrenean, Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantza diputatuak azaldu dauenez, arau proiektuak pizgarri fiskal bat ezarten dau 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera Batuz ezarten daben enpresa eta profesionalentzat. Sistemearen konplexutasuna dala eta, Ogasunak, azkenik, hurrengo ekitaldi bietarako indarrean egongo dan borondatezko atxikipen-aldi bat ezartea erabagi dau.

Borondatezko ezarpena sustatzeko, zergadunek PFEZren edo Soziedadeen gaineko Zergaren zerga-oinarria murriztu ahal izango dabe. Konpentsazino hori handiagoa izango da Batuz zenbat eta lehenago ezarri; lehen hiruhilekoa baino lehen ezarten dabenek % 15 murriztuko dabe 2022ko eta 2023ko ekitaldietako zerga-oinarria.

Batuz onartzeak fakturazinoa kontroletako TicketBai sistemaren fakturak jaulkitzea, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan Eragiketa Ekonomikoen Erregistro Liburua (EEEL-LROE) eroatea dakar berekin. Bertan, enpresak edo profesionalak bere diru-sarrerak, gastuak eta fakturak aitortu behar ditu. Arauak, ezarpen horretatik eratorritako kostuengaitik dagozan kenkarien luzapena be jasoten dau.

Arauaren titulu horren helburua enpresak eta profesionalak Batuz borondatez ezartera animetea da, Covid-19aren pandemiak eragindako krisi ekonomikoaren ondorio txarrenak pairatzen ari diran zergadunei betebehar gehiago ezarri barik. Zergadunen eskariari erantzunez, Batuz ezartea ez da derrigorrezkoa izango 2024ra arte, jarduera ekonomikoak egiten dituen Bizkaiko persona fisiko edo juridiko guztientzat.

Edozelan be, aurkeztutako foru arau proiektuak beste neurri batzuk be barne hartzen ditu, besteak beste, lehendik dagozan zerga-neurri batzuk indartzen dituen hiru neurri eta prozesu hori bizkortzeko “egokitzat” joten diran beste osagarri bi.

Hain zuzen be, laugarren eta bosgarren neurriek kalidadeko enpleoa sortzen daben enpresak sustatzen ditue, batez be lan-merkauan sartzeko erraz ez daukien kolektiboetako personak kontratetan baditue. Modu berean, beharginen profesionalizazinoa sustatzen da Bizkairako estrategikoak diran sektoreetan, zidarrezko ekonomian eta zainketen ekonomian, adibidez.

Daborduko martxan dagozan lehenengo hiruretan ekintzailetza, talentua eta kalidadeko enpleoa sustatzeko neurri-sorta bat proponiduten da. Adinekoen zaintzan sakonduko da, “Silver economy” izenekoan, eta jarduera ekonomiko barria sortzen daben ekintzaileentzako pizgarriak indartuko dira. Atzerriko behargin kualifikauen etorrerea erakarteko fiskalitate “lehiakorra” be egongo da.

Azkenik, Iruarrizagak “izaera teknikoko” aldaketen barri emon dau, tributazino orokorraren bilakaerak berak eta jurisprudentziak eragindako aldaketak dirala eta, eta arau-proiektuaren III. tituluan sartu dira.

BATZAR NAGUSIETAKO TALDEAK

Elkarrekin Bizkaiaren eretxiz, “ez dauko zentzunik” proiektu berean “hain desbardinak diran gaiak” aurkezteak. Eneritz de Madariaga bozeroalearen berbetan, Aldundiak hartu gura dituan neurriak “orain arteko gauza bera” dira, eta “fiskalitatearen ekitate faltea areagotzea” dakarre, “dirudunek” aurrezkiak inbertidu eta pizgarriak lortu daiezan.

Beste alde batetik, EH Bilduk, talde moreak bezela, “Silver economy” dalakoan sartzen diran jardueren definizino baten faltea ikusi dau, proponidutako pizgarri askoren helburua adinekoen zaintzaren arloan jarduera ekonomikoa bultzatzea dalako. Hemen, Talde Berezia-PPk “asmo handiagoko” pizgarriak eskatu ditu, baina azaldu dau arau-proiektuaren I. tituluaren (ekonomia suspertzeko neurriei buruzkoa) eukiaren “musikeagaz” bat etorri daikean arren, “ez dala nahikoa”; izan be, popularrek erreforma fiskal “orokor” baten aldeko apustua egiten dabe.

Batuz sistemari jagokonez, EH Bilduk eta Talde Berezia-PPk “zentzuzkotzat” jo dabe sistema horren ezarpena urte bi atzeratzea, martxan jarri beharreko neurrien eragina eta aurreko Errenta kanpainan izandako esperientzia digitala dirala eta.

PANDORAREN PAPERAK

Batzordean, EH Bilduk, herritarrek Errentaren kanpainan parte hartzeko daukien bidearen eta Bizkaiko zergadunak “Pandoraren paperak” izenekoetan identifiketearen ganeko erantzun-eske bi egin ditu. Azken gai horri jagokonez, koalizino abertzaleak Bizkaian egoitza fiskala daukien zergadunen agiriak ezagutzeko eta ikertzeko emon dituan pausuez galdetu deutso diputatuari.

Iruarrizagak onartu dau “ikerketa lanak” egiten ari dirala “ahal dogun neurrian”. Hain zuzen be, diputatuak azaldu dauenez, “urriaren 5ean” Bizkaiko Ogasuneko Ikuskaritzako beharginak Zerga Administrazinoko Estatu Agentziara joan ziran kasuari buruz “eskura dagon informazino guztia” edo “iruzurrezko jokabideak erregularizetako frogak” eskatzeko. Une honetan, Ogasun Saila erantzuna jasotearen “zain” dago. Tartean Bizkaiko zergadunik badago, “beharrezko frogak lortzeko prozesu administratiboak jarriko dira martxan”. Ogasunak “ondorio guztiakaz” jokatuko dau irregulartasunak edo delitu fiskalak atzematen baditu, esan dau.