Aurreko Albisteak

EUROPAKO 20 HERRIALDETAKO ENBAXADOREEK GERNIKAKO BATZAR ETXEA BISITAU DABE

  • Europar Batasuneko Diplomazia Taldea ia osorik egon da gaur goizean Gernikan, Europar Batzordeko ordezkariakaz batera, EBko Kontsejuko lehendakaritzak antolatutako bidaia batean.

  • Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria izan da bisitaren anfitrioia eta gidaria.

(Gernikan, 2021eko irailaren 19an). Europar Batasuneko diplomazia talde ia osoak Gernikako Batzar Etxea bisitau dau gaur, EBko Kontsejuko lehendakaritzak berak antolatutako bidaia historiko batean. Bidaia hori Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia ari da koordinetan, Euskaditik egiten ari dan ibilbidean. Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak egin ditu gidari lanak, eta 20 enbaxadoreei Bizkaiko Batzar Nagusien egoitzaren garrantzi historikoa azaldu deutse, eta baita Gernikako Arbolak euskaldunentzat daukan esanahia be.

Haretx zaharrak atseden hartzen dauen lekua izan da Esloveniaren esku dagon Europar Kontsejuko lehendakaritzak aukeratutako lekuetako bat, Euskadin daukan agenda estuaren derrigorrezko geldialdi moduan. Europako ordezkaritzea Eslovenia, Austria, Eslovakia, Finlandia, Danimarka, Alemania, Kroazia, Estonia, Herbehereak, Suedia, Grezia, Portugal, Malta, Lituania, Zipre, Letonia, Bulgaria, Hungaria, Luxenburgo, Irlanda eta Poloniako enbaxadoreek osatu dabe. EBko estatu kide horreetako ordezkariakaz batera Maria Angeles Elorza Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkari Nagusia eta Mikel Anton Europako Gaietarako zuzendaria etorri dira.

Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak harrera egin deutso taldeari Bizkaiko Batzar Nagusien egoitzako eskileratan bertan, eta handik barruko hainbat gela eta interesgune bisitau ditue, baita Gernikako Arbola be. Robert Krmelj Esloveniako enbaxadoreak, talde diplomatikoaren ordezkari moduan, Batzar Etxeko ohorezko liburuan sinatu dau azkenean, haretxaren ondoan familiako argazki bat atera ostean.