EUP! SALMENTA ATARIAK BIZKAIKO TOKIKO 279 SALTOKI BARRI SARTZEA AURREIKUSTEN DAU
- Ainara Basurko Ekonomia Sustapeneko diputatuak lurraldeko txikizkako merkataritzari laguntzeko bagilaren 6an sortu zan atariaren lau hilebeteko balantzea egin dau.
- Bizkaiko 350 establezimendutako 8.000 produktu baino gehiago dagoz “punta-puntako” erakusleiho digital horretan.
(Bilbon, 2021eko urriaren 18an). Aldundiak eta BBKk aurtengo ekainaren 6an tokiko merkataritzari laguntzeko aktibau daben online salmentarako Eup! plataformak, lurraldeko 350 establezimenduk euren produktuak erakustea lortu dau, eta beste 279 “atxikipen fasean” dagoz daborduko, Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko diputatuak Elkarrekin Bizkaiak eskatuta Bizkaiko Batzar Nagusietan egindako agerraldian jakitera emon dauenez.
Aldundiak eta BBK Fundazinoak garatutako “punta-puntako” plataforma “lehiakorra” eta “iraunkorra” zehazteko, sektoreko hainbat eragileren laguntza izan dabe, horreen artean, Cecobi, Bizkaidenda, Bilbodenda eta Bilboko Merkataritza Ganberea. Une honetan, ordenagailutik edo telefono mobikor batetik eros daitekezan “8.000 produktu baino gehiago” dagoz digitalizauta. Lankidetza hori beste atari batzuetara be zabaltzen ari da, Basurkok iragarri dauenez: Euskadiko tokiko merkataritzarentzako DENDAgo, “market place” bat, edo beste plataforma lokalago batzuk, Barakaldo Store beste batzuen artean.
Bizkaiko Eup! ataria “aurrerapausu garrantzitsua da Bizkaiko tokiko saltoki txikientzat digitalizazinoan orain arte gauzatutakoagaz alderatuta, hurbiltasunak emoten dauen berme eta konfiantzatik lehiakorragoa izateko”. Diputatuaren berbetan, atariak “epe ertain eta luzera bere hazkundea eta iraunkortasuna bermatu gura ditu”, kudeaketa “profesionalagaz”, eta “ingurune digitalak eta marketin kanal barriek emoten daben potentzial guztia aprobetxetea ahalbidetuko dau”. “Kontsumo ohitura barrien aurrean sektorea indartzeko tresnea da, edozein plataforma handiren parean, baina lurraldeagaz, personakaz eta Bizkaiko ongizateagaz konpromisoa hartuta”, azaldu dau.
Plataformea BBKgaz lortutako hiru urteko akordioari esker jarri da martxan, eta Foru Gobernuaren “800.000 euroko” zuzeneko diru-laguntza “garrantzitsua” jasoten dau, Talde Berezia-PPk gogorarazo dauenez. Akordio horren arabera, Aldundiak “3.375 euro” gastau ditu publizidadeko hesietan eta “52.500 euro” hedabideakaz egindako hitzarmenetan, Basurkok zehaztu dauenez.
Batzar Nagusietako oposizinoko taldeak bat etorri dira esaterakoan emaitzak “txikiak” dirala, 12.000 txikizkako saltoki batzen dituan Bizkaiko merkataritza-sektore batean lortutako atxikipen-mailea ikusita, eta baita idea hori lantzen hasi ziranetik igarotako denporea ikusita be. Idatziz egindako erantzun-eske bati urriaren 5ean emondako erantzunean, PPk jakinarazo dau egun horretara arte lortutako fakturazino orokorra “5.736 eurokoa” izan zala. Oposizinoak merkatariek Bilbo Metropolitarrean kontzentretako joera izatea be kritikau dau, “% 47” Bizkaiko uriburuan, Amaya Fernández popularraren berbetan. Zenbakiak ikusita, EH Bilduk ekimena “barriro planteetako” eskatu dau, “ez dalako txikizkako merkataritza erakarteko gai izaten ari”.
Foru Gobernua babesten daben taldeek egin daben moduan, diputatuak erantzun dau "ataria “saltokiek eurek eskatzen euskuela euren negozioak digitalizetako, kontsumitzaileen usadio eta ohituren bilakaerea ikusita”, eta Bizkaiko merkatariak “posizino ahulean” egozala Bizkaiko gizartearen digitalizazino-mailen aurrean, pandemiagaz prozesu hori azkartu egin dan arren. Basurkok pazientzia eskatu dau, atariak “denporea” behar dauelako hazteko eta sendotzeko, iritsi barria dalako, kontuan hartuta urte asko daroien plataformakaz lehiatzen dala.
FRANTZIAKO TOURRA 2023
Bizkaiko Batzarretako Ekonomi Sustapenerako Batzordeak 2023an Frantziako Tourraren urteeraren ganean be egin dau berba, Elkarrekin Bizkaiaren ahozko erantzun-eske bat dala-eta. Horri jagokonez, Basurkok azaldu dau uneotan antolatzaileakaz hartutako “konpromisoak formalizetako izapideak zehazten eta egiten” ari dirala, eta, 2022an zehar egingo diran hainbat ekimenen bidez “Tourrak gure lurraldean dituan eragin positiboak hedatzeko beharrezkoak diran ekintzak kudeatzen” ari dirala. Ekimen horreen helburua Bizkaiko gizarte osoa inpliketea da, eta, batez be, belaunaldi gazteenak, bai urteeran, bai proiektuaren garapenean.