OPOSIZINOAK JOAN DAN ASTEAN ERAITSI EBEN AMOREBIETA-ETXANOKO FORJAS ERAIKINA BABESTEKO ESKATUKO DAU BARRIRO
- Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek atzera bota dabe Elkarrekin Bizkaiaren eta EH Bilduren arauz besteko proposamena; proposamen horretan, Eusko Jaurlaritzari babes-espediente bat instruitzea eskatzeko eta eraisteko lizentzia eteteko eskatzen jakon Aldundiari.
(Bilbon, 2021eko urriaren 15ean). Bizkaiko Batzar Nagusiek atzera bota dabe gaur EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak batera aurkeztutako arauz besteko proposamen bat. Euskara, Kultura eta Kirol Batzordean eztabaidatu da, eta hau eskatzen eutsan Foru Aldundiari: “Eusko Jaurlaritzako organu eskudunari eskatu deiola ondasuna babesteko espedientea instala daiala, eta, ondorioz, indarrean dagon edozein eraispen- edo narriadura-lizentzia, edo Forjaseko Bulego Zaharrak izeneko ondasunaren ganean eska leiteken edozein motako lizentzia kautelaz eten daitela”. Ekimena ez da onartu, kontrako 9 botogaz (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak), aldeko 4 botogaz (EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia) eta abstentzino bategaz (Bizkaiko Talde Berezia-PP).
Garagarrilaren 1ean erregistrau zan oposizinoko talde bien ekimenak, Amorebieta-Etxanoko Forjas eraikinak babes ofizialen bat izateko izapideak hasi gura ebazan, “balio interesgarria” daukalako, Hector Hernandez talde moreko batzordekideak defendidu dauenez. “Eraikin historikoa da, XX. mendeko industrializazino prozesuan erreferentea eta eskualdeko familia askoren lantoki izandakoa”, ganeratu dau Bea Ilardia EH Bilduko bozeroaleak, eta eraisketea “gauez eta azpikeriaz” gauzatzeko modua kritikau dau. Eduardo Andrade Bizkaiko Talde Bereziko ordezkari bakarrak be bat egin dau “eraikina bertan behera ixteagaitik eta erakundeen hutsuneagaitik” egindako kritikeagaz, baina abstenidu egin da, eraikina eraitsita egonda proposamena babestea “neurriz kanpoko” jarrerea izango litzatekelako.
Kontua da Foru Gobernua babesten daben talde biek, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak, ez dituela oposizinoko taldeen errazoiak aintzat hartu eta urriaren 7an eraisten hasi ziran eraikin bat babestearen kontra bozkatu dabela. Alderdi biek azaldu dabenez, azken egunetan gertatutakoak “proposamena helburu barik ixten dau”, baina Mikel Bagan batzordekide jeltzaleak zehaztu gura izan dau, Kultur Ondarearen ganeko Legearen 7. artikuluan oinarrituta, edozein personak edo Batzar Nagusietako taldek daukala kultur ondarea babesteko Eusko Jaurlaritzaren –babes-arloan eskumena daukan administrazinoa– aurrean jarduteko legitimazinoa. Eta Udalaren aurrean be egin daike, erakunde hori dalako urigintza-arloko eskuduna.
Azkenik, arauz besteko ekimenak orain 100 urte Forjas enpresea hartu eban eraikinak izan dauen amaiera bera izan dau, baina proposamena egin daben taldeek Batzar Nagusietan ekimen horregaz jarraituko dabela agindu dabe, “modu sinbolikoan bada be”.
GUGGENHEIMEKO GARBITZAILEAK
Elkarrekin Bizkaiak Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol Saileko diputatuari zuzendutako ahozko erantzun-eskearen bidez iritsi da Guggenheim museoko garbitzaileen greba Bizkaiko Batzar Nagusietara. Hector Fernandez Elkarrekin Bizkaia taldeko batzordekideak “hilebeteak” daroazan lan gatazka horren inguruko balorazinoa eskatu dau.
Diputatua, beharginen aldarrikapenen eta greba-eskubidearen aurrean “errespetua” adierazotera mugatu da, eta ostean esan dau ez dala bakarrik Guggenheim museoaren arazoa, beharginen eta enpresaren arteko eta sektoreko negoziazino-prozesuan dagon gatazkea baino, eta aldeak asebeteko dituan konponbide batera iristea gurako leukela.
Halanda be, talde moreak, Foru Aldundiaren “konpromiso handiagoa” eskatu dau gatazka konpontzeko; izan be, foru erakundeak, kontratuz ez bada be, “erantzukizun instituzionala” dauka museoko patronatuko kide moduan. Fernandezen berbetan, Aldundiaren “bandera” dan proiektu batek ezin ditu garbitzaileak aparte itxi, beharginek “orain 20 urteko soldata bera” kobretan dabela eta sektorean “% 50eko” soldata arrakalea dagola esan dabelako.