Aurreko Albisteak

BIZKAIAK, EMAKUMEAREN PAPERA AINTZATETSI DAU, LEHEN SEKTOREA GARATZEN LAGUNTZEAIGAITIK

  • Landa Eremuko Emakumeen Nazinoarteko Egunean, Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Foru Aldundiak, emakumeen kolektiboaren bardintasunaren alde behar egiten daben erakundeak hartu ditue Gernikan.

  • Gernikako Batzar Etxeak lehen sektorea garatzeko emakumeen beharrak daukan garrantziaren ganeko eztabaidea hartu dau gaur, eta bertan Landa XXI eta Saskia alkarteetako kideek hartu dabe parte.

(Gernikan, 2021eko urriaren 15ean). Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak eta Amaia Antxustegi Ziarda Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko foru Diputatuak harrera egin deutse Bizkaiko landa eremuan emakumeen bizi-baldintzak hobetzeko behar egiten daben emakumeen kolektiboetako ordezkariei, Landa Eremuko Emakumeen Nazinoarteko Egunagaz bat etorrita.

Gernikako Batzar Etxeko Leiarpeko Aretoan egindako jardunaldian, Landa XXI eta Saskia alkarteetako ordezkariek hartu dabe parte, eta bakotxak bere esperientzia kontau dau, eta emakumeek landa-eremuan bizi daben egoeraren ganean daukien ikuspegia partekatu dabe, emakumezko entzuleen aurrean, batez be. Maria Eugenia Ramos Gizaguneko arduradunak zuzendutako solasaldian, landa eremuko mendekotasunaren munduaz berba egiten zentrau dan Amalan alkarteko emakumeen begiradagaz aberastu da eztabaidea.

Jardunaldiak, landa eremuan “belaunaldiz belaunaldi balioak eta ezagutzak transmitiduz” “emakumeek beti egin daben behar garrantzitsuari” balioa emoteko balio izan dau, Otaduik bere ondoetorrian esan dauenez. Ondoetorri horretan esan dituan berbek Bizkaiko landa eremuko emakumeen kolektibo osoaren lana aintzatesteko balio izan dabe.

Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak ohartarazo dauenez, “oraindino bide luzea dago bardintasuna lortzeko” parte-hartzeari jagokonez, eta HAZIren datuetan oinarritu da baieztapen hori egiteko. Fundazino horren arabera, Euskadin “9.000 emakume baino gehiago” dagoz euskal nekazaritzaren sektorean, baina nekazarien alkarteen eta erakundeen erabagi-organuetan daukien ordezkaritzea “% 25ekoa baino ez da”. Ganera, landa eremuko “10 emakumetik 3ren” beharra ez da familia-ustiategien titulartasunean islatzen, emakume horreek egiten daben produkzino-lana “familia-laguntzatzat” hartzen dalako. Hori dala eta, gaurkoa moduko ekitaldiak “oso garrantzitsuak dira emakumeek landa munduaren garapenean egiten daben ekarpena guztien aurrean autortzeko” eta “kopuru horreek aldatzeko arlo guztietatik behar egiteko”, esan dau.

Beste alde batetik, Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko foru Diputatuak azpimarratu dauenez, beharrezkoa da emakumeak eta “oraindino gitxi autortzen diran euren dedikazinoa eta konpromisoa” landa eremuan ikusarazotea. Ildo horretan, landa eremuan emakumeen beharra ustiapenean eta animalien zaintzan behar egitetik harago doala esan dau: “Zuen entregea oso-osoa da. Landa inguruneko zuen beharra egiteko daukazuen entregea, baina baita zuen familia-egiturak osatzen dituen personen zaintzarako daukazuena be. Zuen beharra erabateko dedikazinoa eskatzen dauen beharra da, eta gizarte moduan autortu eta eskertu behar dogu”.

Amaia Antxustegik adierazo dauenez, Landa Eremuko Emakumearen Nazinoarteko Eguna egiten jarraitzen bada, oraindino emakume horreen aintzatespenean bidea egiteko dagoalako da. “Aurrerapausuak emon doguz, bai. Eta ziur emoten jarraituko dogula, lortuko dozuela, zuen ezaugarri dan gogortasunagaz. Euskal erakundeak, tartean Bizkaiko Foru Aldundia, zuei laguntzeko egongo dira. Konpromiso sendoa dogu landa ingurunean bardintasuna lortzeko”, ganeratu dau.

Bizkaiko Foru Aldundiaren konplizidadeagaz, Bizkaiko Batzar Nagusiek, ekitaldi honen bidez, lehen sektorea garatzeko hain gogor behar egin daben emakumeen benetako rola aldarrikatu gura izan dabe, osoko bilkuretarako eta harrera nabarmenetarako gordetako Legebiltzarraren egoitza enblematikoan. Horregaitik, bertan egozan emakumeak ohorezko aurreskua jaso dabe euskal askatasunen sinbolo unibersalenetako baten, Gernikako Arbolaren, ondoan, hain zuzen be.