Aurreko Albisteak

FORU SAREAK, HASIERA BATEAN, 668 EGOITZA-PLAZA ESKEINTZEN DITU ADINEKOENTZAKO 24 ZENTROTAKO 38 BIZIKIDETZA-UNIDADETAN

  • Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusietan azaldu dauenez, bere sailak 113 milioi euro inbertiduko ditu hurrengo ekitaldi bietan, 2023aren amaieran adinekoen plazen “% 35” unidade txikietan egon daiten.

  • 2021ean, ikuskapenak “% 20” handituko dira, Covid aurreko urteakaz alderatuta; izan be, urteko lehenengo bederatzi hilebeteetan “ia” 2018an edo 2019an beste zenbatu dira.

(Bilbon, 2021eko urriaren 14an). Bizkaiko Foru Aldundiak lehen pausuak emon ditu 2022 Bizkaiko egoitza-zentroetako bizikidetza-unidade barriak hasi eta ezarriko diran urtea izan daiten. Unidade horreek adinekoen iraupen luzeko zaintza-eredu barrian sartzen dira. Elkarrekin Bizkaia taldeak eskatuta Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusietako batzorde batean gaur azaldu dauenez, lehenengo unidadeak martitik aurrera hasiko dira beharrean.

Aldundiak, datorren ekitaldirako “itunduko diran 3.100 plazetatik 500 plaza” eskeintzea aurreikusi dau, eta, bere berbetan, itundutako foru sareak emondako erantzuna “positiboa” izan da. Aldundiak, guztira aurkeztu diran “38” bizikidetza-unidaderentzat “24” zentrotan dagozan “668” plazen artean aukeratu beharko dau; horrek, batez beste, “18” plaza eskaintzen ditu unidadeko. Murillok aurreratu dauenez, 2022rako plaza gehiago izatea espero dabe “6” udal zentrotan eta GUFEren egoitza batean.

Bizkaiko Foru Aldundiaren estrategia barriaren “helburua”, 2023an egoitzetan bizi diran adinekoen “% 35” gehienez 25 personako taldeetan bizitzea da, ahalik eta ingurune etxekoienean. Horretarako, datozan bi urte bietan “113” milioi euro inbertidutea aurreikusten da. Besteak beste, Gizarte Ekintza Sailak kalkulau dauenez, eredu barriak plaza bakotxaren prezioa “% 5” igotzea eragingo dau, plaza arruntakaz alderatuta. 2023an horrelako beste “1.200” plaza hitzartuko dirala uste dau Murillok.

Bizikidetza-unidadeak dira iraupen luzeko arreta-eredu barriaren oinarrietako bat, aniztasunaren arretan eta euren bizi-proiektua gauzatzeko laguntza behar daben personen behar, itxaropen eta lehentasunen bilakaeran aurrera egingo dauen “pertsonalizazinorako” bidean. Asmoa, prozesua “apurka eta norberaren borondatez” egitea, eta hiru tresnaren bidez gauzatzea da: kontzertazinoa, udal-hitzarmenak eta GUFEren foru-sarea bera.

Murillok gogorarazo dauenez, bizikidetza-unidadeak aurreikusita eta jasota dagoz gaur egungo araudian (126/2019 Dekretua, EAEren eremuan), eta foru-erakundea bultzada hori gauzatzen ari da, hainbat tresna juridiko martxan jarrita: bizikidetza-unidadeak arautzen dituan Foru Dekretua eta bizikidetza-unidadeak egoitza-plazen kontzertazino barrian sartzea.

Eredu barria “konbentzimendu enpiriko” batetik abiatzen da. Ikerketa batzuen arabera, personek “euren etxean geratu gura dabe edo euren etxeen antzekoenak diren lekuetara joan”. Eredu hori herritarrakaz be kontrastau da, inkesten bidez. Inkesta horreetan “beharrezkotzat joten da pertsonalizazinoa bultzatzea”, eta baita kanpoko hainbat eragilegaz be, zentroetako kudeatzaileekaz, alkargo profesionalakaz edo foru-sareko Zentro Integrauen Batzorde Iraunkorragaz, besteak beste.

Diputatuaren azalpenek ez dabe oposizinoa konbentzidu, batez be Eduardo Andrade Talde Bereziko ordezkaria, eta Aldundia “engainuan” jokatzen ari dala adierazo dau; izan be, bizikidetza-unidade txikiez berba egiten dauen bitartean, “100 adinekorentzako” zentro bat eregiten ari da Getxon. Beste alde batetik, EH Bilduk eredua Batzar Nagusietako ganerako taldeakaz adostea eskatu deutso barriro. Izaskun Duque batzordekideari ez jakoz kontuak ateraten; izan be, bere kalkuluen arabera, plaza barriaren inbertsinoa “7,5 eta 8 milioi euro artekoa izango litzateke”, eta ez 113 milioi euroko igoerea urte bitan.

IKUSKAPENAK ADINEKOEN EGOITZETAN

EH Bilduk eskatuta egindako agerraldian, Murillok bere saileko beharginek adinekoen egoitzetan egindako ikuskapenak eta lurraldeko egoitza batzuen egoerea aitatu ditu.

Diputatuak azaldu dauenez, urteko lehenengo 9 hilebeteetan, “aurrez aurreko 152 bisita” egin ditue, horreetatik “69” aginduz egin ditue, “5” salaketengaitik eta “68” ofizioz. Zenbaketa osoa “ia” Covid aurreko urteetan egindakoen bestekoa da. 2018an “157 ikuskapen” izan ziran, eta 2019an “160”. Gogorarazo dauenez, lurraldeko egoitza “guztiak gitxienez urtean behin” ikuskatzen dira, “aldez aurretik abisau barik”, eta beste ikuskapen batzuk be egiten dira, “behar beste”, ikuskapen zerbitzuak egoki baderitxo.

Urtea, pandemiaren aurreko urteakaz alderatuta, “% 20” ikuskapen gehiagogaz amaitzea aurreikusten dau Murillok, baina igaz egindako “332” ikuskapenetatik urrun; izan be, koronabirusak egoitzetan izan eban eragina dala eta “ezin da konparau”.

Murillok, Vitalia Home (Bagatza), Abeletxe (Ermua), Atxartaga (Ortuella), Vitalitas de Santa Teresa (Barakaldo) eta Iñigo de Loiola (Barakaldo) zentroen egungo egoerea be aitatu dau, koalizino abertzaleak eskatu moduan, hainbat lan-gatazkek arretan eragina euki daben ala ez jakiteko, besteak beste.

Horren harira, Murillok Barakaldoko Iñigo de Loiola zentro txikian egindako ikuskapen-jarduketak zehaztu ditu; izan be, joan dan martitzenean, urriaren 12an, zentro horren jarduerea eteteko agindua emon zan, hainbat “gorabehera eta urraketarengaitik”. Irailaren 14an hasi ziran ikuskapen horreek argitara emoten, Aldundiaren beraren informazino-eskaera formalei erantzunik ez emoteagaitik. Urriaren 8tik aurrera, ikuskapen horreek egunero egin ziran. Ikuskatzaileek “preskripzino medikoen, erizaintzako profesionalen titulazinoaren edo jarduera programarik ezaren ganeko urraketak” aurkitu ebezan, diputatuak zehaztu dauenez. Irregulartasun horreek konpondu ez izanak bultzatu dau zentroa ixtera.

Murilloren berbetan, kasu horrek agerian ixten dau bere saila “ez dala zalantzakaz ibilten zentro bat ixteko agindua emoteko orduan”. “Inoiz baino ikuskapen gehiago” egiten dira, eta hori familiek eurek balioesten dabe, inkestetan ikusten danez, Aldundiak “kontrol handiagoa” daukala uste dabelako. Murillok aurreratu dauenez, 2022an Gizarte Ekintzak ikuskatzaile bat gehiago izan daian beharrezko partida sartuko da aurrekontuetan.