BURDINOLEN IBILBIDEAK BARBADUN ERREKAREN ONDARE EZKUTUA ERAKUTSIKO DAU URRIAREN 31N

- Enkarterrietako Museoak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek “Barbadun errekaren arroko burdinolen, erroten eta torreen ibilbidearen” XIII. edizinoa antolatu dabe, industria-iraultzari eta Enkarterri zeharkatzen dauen errekaren arroari lotutako olagizonen aztarnak balioan jarteko.
- 22 kilometroko ibilbideak Museoko beharginen azalpen zehatzak eta anoa gune bi izango ditu.
- Izen-emotea dobakoa da eta www.enkarterrimuseoa.eus helbidean egin daiteke.
(Abellanedan, 2021eko urriaren 13an). Urriaren 31n, domekan, “Barbadun ibaiaren arroko burdinola, errota eta torreen ibilbidearen” XIII. edizinoa egingo da. Ibilbide hori Enkarterrietako Museoak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek antolatzen dabe. Ibilbidea kultur ibilbide moduan hartzen da, eta ondare ezezagun samar bati balioa emon gura deutso, XV. mendetik aurrera Barbadun errekaren ertzetan eta haren adarretan eregi ziran burdinolei, hain zuzen be.
Kultur ibilbideen proiektu hori 2008an sortu zan, “Enkarterriko Burdinolak, Gordetako Ondasuna” erakusketaren inaugurazinoagaz, eta Enkarterrietako Museoak eta El Pobal burdinolak egindako ikerketa-proiektu baten emaitzea da. Proiektu honen bidez, Enkarterri inguruko burdinolen ondare-aztarnak aztertu gura ziran.
Ikerketak ondorioztatu eban Barbadunen arroan gitxienez hamabost bat burdinolaren arrastoak kontserbetan zirala, gehienak egoera eskasean. Ahanztura horren kontra burrukatzeko, aitatutako erakusketea diseinau, liburu bat argitaratu eta hainbat jarduera egin ziran, besteak beste, naturaz gozatzeko, kirola egiteko eta Barbadungo kultur ondare aberatsa ezagutzeko pentsautako “Burdinolen ibilbidea”.
XIII. EDIZINOAREN BARRIKUNTZAK
Edizino honetan, ibilbidearen alderdi kulturala eta historikoa indartzearen aldeko apustua egingo da. Hori dala eta, urteera masibo bat egitea saihestuko da, eta taldetan banatutako urteera mailakatu bat aukeratuko da. Urteera hori Muskizko San Juan plazatik abiatuko da, 8:30etik 9:30era bitartean. Talde bakotxak museoko gidari bat izango dau, 22 kilometroko ibilbidearen lehen erdian burdingintzagaz eta haren ondareagaz lotutako euki nagusiak modu didaktikoan azaltzeko.
Geldialdirik garrantzitsuena El Pobal burdinolan egingo da. Partaideek, www.enkarterrimuseoa.eus webgunean online doban izena emon ostean, ondoen kontserbautako Bizkaiko burdinola ikusi ahal izango dabe. Ibilbideak beste gune interesgarri batzuk be izango ditu Barbadunen arroko burdinola eta errota izandakoen artean: Bado Ondero, Los Vados, Billotxi, La Olla, Valdivián edo Burdinazko mendietako Bide Berdea.
Ibilbideak anoa gune bi izango ditu: bata Santiago baseleizan, Loizaga torrearen ondoan, eta bestea ibilbidearen amaieran, Enkarterrietako Museoan/Abellanedako Batzar Etxean. Bertatik, autobus batek partaideak abiapuntura eroango ditu barriro.