BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAKO OSOKOAK ZORTZI EBAZPEN-PROPOSAMEN ONARTU DITU, ALDUNDIAK BETE DAIZAN
- Horreen bidez, Bizkaiko Batzarrek hau eskatzen deutse Aldundiari: egoitza-zentroen artean bizikidetza-unidade barriak zabaltzea, enpleo-politikak eta emakumeen eta gizonen arteko diskriminazinorik eza indartzea, iraupen luzeko zaintza-sistema indartzea, hondakinak kudeetako eskualde-plantak egokitzea, saltoki txikien digitalizazinoa bultzatzea, politika inklusiboagoak sustatzea, aurrez aurreko arreta barne hartzea eta Merkataritza Bonuaren udazken-neguko kanpaina bat martxan jartea.
- Batzar Nagusietako taldeek 20 eskaera aurkeztu deutsez Foru Gobernuari. Gaur eztabaidatu dira Politika Orokorreko osokoan, eta 8 onartu dira. Horreetatik 3 Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen baterako proposamenei jagokez, beste 4 talde horreek Elkarrekin Bizkaiagaz edo EH Bildugaz adostutakoak izan dira, eta beste bat Talde Berezia-PP Bizkaia taldearena izan da.
(Gernikan, 2021eko urriaren 6an). Bizkaiko Batzar Nagusiek, joan dan eguazteneko Politika Orokorraren ganeko saioaren jarraipena egin dabe gaur goizean Gernikako Batzar Etxean egindako osokoan, eta taldeek aurkeztutako 8 ebazpen-proposamen onartu ditue. Guztira, 20 eztabaidatu dira. Hiru Foru Gobernua eusten daben taldeek (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak) batera aurkeztutako ekimenei jagokez, beste lau EH Bildugaz edo Elkarrekin Bizkaiagaz adostu ditue, eta azkena Talde Berezia-PP taldeak defendidu dau.
Batzar Nagusietan aurkeztutako ekimenek (gehienez Batzar Nagusietako talde bakotxeko bost) Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak aurreko astean Politika Orokorreko osoko bilkuran jorratutako hainbat gai jasoten ditue. Bertan, legegintzalditik geratzen diran urte bietarako berak eta bere gobernu-taldeak hartutako konpromisoak azaldu ebazan. Bizkaiko Batzar Nagusiek gaur onartutako ekimenek Foru Gobernuaren arduradun nagusiak eguaztenean azaldutako proiektuei gehituko jakez.
Batzar Nagusietako talde guztiek Bizkaiko egoitza-zentroetan arretea hobetzeko ideak planteau ditue, ikuspegi desbardinakaz. Politika fiskala, herritarren faktura energetikoa bajetako barrikuntzak edo tokiko merkataritzarako laguntzak planteetako orduan be taldeak bat etorri dira. Beste eskaera batzuek talde bakar batenak izan dira. Bizkaiko Talde Berezia-PPk, adibidez, bidesariak dituen ganerako foru-errepideetako diru-laguntzen araubide bera AP-68an apliketea proponidu dau, eta baita lana, familia eta bizitza pertsonala bateragarri egiteko plan bat be. Elkarrekin Bizkaiak herritarren aurrez aurreko arretea indartzeko eskatu dau. EH Bilduk konpromisoa eskatu dau Sarratuko geltoki intermodala eregiteko eta azpikontratetan soldata eta lan baldintza duinak bermatzeko. Eta enpleo politika aktiboak indartzeko eskatu deutse jeltzaleek eta sozialistek Foru Gobernuari.
ONARTUTAKO EKIMENAK
Azkenik, lurraldeko Politika Orokorraren ganeko eztabaidea amaitutzat emon dauen osokoak, 8 ebazpen-proposamen onartu ditu, hiru –aldaketa barik– Foru Gobernua babesten daben taldeenak, eta beste 4 aurretik talde horreek eta Elkarrekin Bizkaiak (2) edo EH Bilduk (2) negoziautakoak. Zortzigarrena popularren proposamen bati jagoko.
Legebiltzarrean daukien gehiengoari esker, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek, “mendekotasun-egoeran dagozan personentzako egoitza-zentroetarako bizikidetza-unidadeen eredua eskualde-topaketetan zabaltzeko eta gizarteratzeko eta, eredu hori euren gain hartzen dabenentzat, banakako prestakuntzea eta laguntzea emoteko” proposamen bat atera dabe aurrera.
Foru Gobernuak, jeltzaleek eta sozialistek proponiduta, bere gain hartu beharko dauen beste gai bat informazino eta orientazino profesionala hobetzea da, zainketen sektoreak talentu barri baterako daukan erakargarritasuna indartzeko. Gobernua eusten daben taldeek uste dabenez, beharrezkoa da beharginak birziklatzeko programetan sakontzea, zainketen sektorean ekintzailetza sustatzea, zainketen sektorean profesional barriak kualifiketera bideratutako enpleo- eta prestakuntza-programak eta lehenenengo esperientzia profesionaleko programak sustatzea, eta iraupen luzeko zainketen sistema indartzea.
Ingurumenari jagokonez, Bizkaiko Batzarrek datozan urteetan hondakin organikoak kudeetako eskualdeko planta barriak, bide eta bidezidor natural barrien garapena eta klima aldaketaren ganeko Bizkaiko atari bat garatzeko eskatu deutsie Foru Gobernuari. Rementeriak zuzentzen dauen gobernuaren eginbeharren artean egongo dira, baita, Aldundiaren jasangarritasun energetikorako batzorde bat sortzea, foru-eraikinen % 100ek ziurtagiri energetikoa izan daiela sustatzea, ibilgailu elektrikoak kargetako puntu barriak instaletea edo Aldundiaren ibilgailuen flota apurka barritzea, erregai alternatiboakaz mobidu daitezan. Modu berean, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek neurri iraunkorren sorta honetan sartu dabe Prebentzino, Su Itzaltze eta Salbamentu Zerbitzurako “garapen jasangarrirako plana” idaztea.
BIDEA LIBRE OPOSIZINOAGAZ NEGOZIAUTAKO PROPOSAMENETARAKO
Modu berean, osokoak oposizinoak eta Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek negoziautako lau proposamen onartu ditu. Holan, Elkarrekin Bizkaiak eskaera bi aurrera ateratea lortu dau, bata aniztasuna eta tratu-bardintasuna sustatzeko politikak garatzeko, eta bestea Aldundiko aurrez aurreko zerbitzuak indartzeko. Azken gai horri jagokonez, Foru Gobernuak “zorrotz” bete beharko dau herritarren arreta indartzeko eta bazterketa digitalaren kontra burrukatzeko Arartekoaren 4/2020 gomendio orokorra. Herritarrek “kanal-aniztasunerako” daukien eskubidea kontuan hartuta egingo dau, aurrez aurreko arretari muzin egin barik, “aurreko Errenta kanpainan sortutako arazoak saihesteko”, alderdi moreak zehaztu dauenez.
Ganera, hiru talde horreek akordio batera iritsi dira erdibideko beste zuzenketa-eske bat onartzeko. Horren bidez, aukera-bardintasunerako politika publikoakazko konpromisoa indartu daiala eta diskriminazinoaren kontra burruka egin daiala eskatzen jako Aldundiari, Aniztasunaren eta Gizarteratzearen Lehenengo Planean jasoten dan moduan. Helburua Foru Gobernuak politika inklusiboagoak garatzea da.
Beste alde batetik, EH Bilduk erdibideko beste zuzenketa-eske bat aurrera ateratea lortu dau, Euzko Abertzaleen eta Euskal Sozialisten proposamena oinarri hartuta. Bertan, enpleoko politika aktiboak indartzeko eskatzen jako Aldundiari, emakumeek Bizkaiko lan-merkaduan jasaten daben bereizketa horizontala eta bertikala desagertuarazoten laguntzeko. Horretarako, sare ekonomikoaren barruko sentsibilizazino-neurriak hartuko dira, eta baita Bizkaiko neska gazteen artean STEAM bokazinoak eta karrerak sustatzeko neurriak be. Zuzenketa-eskeak eskaintzetan eta sektore publikoko kontratuetan bereizketa horren kontrako neurriak sartzea be jasoten dau.
Foru Gobernua eusten daben talde biek lehiakortasuna eta lurralde orekea indartzeko beharra be planteau dabe, tokiko merkataritzarako Eup! erosketa ataria bultzatuta eta Bizkaia Orekan Sakonduz ekimena indartuta. Azkenik, koalizino abertzaleagaz negoziautako erdibideko zuzenketa-eskeak hirugarren puntu bat dauka, Foru Sektore Publikoaren Kontratazino Agirietan jasotako Klausula Sozialen eukia eta aplikazinoa barrikusi daitezan.
Ganera, Bizkaiko Talde Berezia-PPk Batzarkideen aho bateko adostasuna lortu dau Aldundiak Merkataritza Bonuaren udazken-neguko kanpaina bat martxan jarri daian.
ONARTU EZ DIRAN PROPOSAMENAK
Beste alde batetik, Bizkaiko Batzarrek oposizinoaren dozena bat proposamen baztertu ditue. Popularrek Europako Funtsen jarraipena egiteko organu bat sortzeko ekimenak ekarri ditue eztabaidara, Batzar Nagusietako taldeek eta gizarteko eragileek parte hartu daien (kasu honetan, Elkarrekin Bizkaiagaz erdibideko zuzenketa-eske baten bidez adostuta); AP-8ak, MHEak eta Artxandako tunelek dituen diru-laguntzen araubide bera AP-68an apliketea; zergen beherapen selektiboa eta eraginkorra ez dan gastuaren barrikuspena; eta Lana, Familia eta Bizitza Pertsonala bateratzeko plan bat ezartea.
Elkarrekin Bizkaiak halan eskatu dauen arren, Aldundiak ez dau bere gobernu-ekintzan sartu beharko Azpiegiturak foru-soziedadeak kudeautako 15 egoitza-zentro berreskuratzea, Soziedadeen ganeko Zergaren salbuespenak kentzea eta Ondarearen ganeko Zergan aberastasun handien ganeko % 5eko tasa ezartea (EH Bildugaz adostuta), eta ez dau diru-laguntzen ganeko lerro barri bat gaitu beharko eraikinen birgaitze energetikorako eta komunidade energetikoak sortzeko.
Ingurumenari jagokonez, Foru Aldundiaren auto-hornidura energetikoan pausuak emotea eskatu dau EH Bilduk, 2030ean % 100era iristeko, eta udalei baso autoktonoak sortzeko laguntzak emoteko eta agroekologiarako diru-laguntzak bideratzeko. Horrez gain, ez dabe behar besteko babesik izan fiskalidadearen ganeko eztabaidea bultzatzeko Zerga-politikaren ganeko Foro bat sortzeko, Batzarretako Taldeen parte-hartzeagaz. Koalizino abertzaleak “ahalik eta lasterren” Sarratuko intermodala eregiteko konpromisoa eskatu dau, metroaren 5. linea eregiteko lehenengo pausu modura, alderdi moreagaz akordioa lortu ostean aldatu dan testu bategaz. Horrez gain, metroaren 4. linearako Errekalderako eta hegoaldeko auzoetarako egindako parte-hartze prozesuaren emaitzea errespetetea eskatu dau.