Aurreko Albisteak

ARGIZAIOLA 2021 SARIA, URTEKO ARGAZKIRIK ONENAK, BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAN DAUKIE HITZORDUA

  • Euskadiko argazki-lehiaketen lehiaketak bere arrastoa itxi dau barriro Bizkaiko Batzarretako egoitzaren hormetan, Euskadiko dozena bat sariren irabazleek aurkeztutako 174 irudien arteko aukeraketa bategaz –hogeta hamar argazki inguru–.

(Bilbon, 2021eko urriaren 4an). Bizkaiko Batzar Nagusien Bilboko egoitzako erakusketa-aretoak Argizaiola Sariaren 41. edizinoko hiru argazki sarituak erakutsiko ditu datorren urriaren 29ra arte, eta baita lehiaketa entzutetsu horretara aurkeztutako beste argazki batzuen aukeraketea be. Lehiaketaren ezaugarri nagusia, lehiaketa antolatzen dauen Euskadiko Argazki Alkarteen Federazinoak konbidauta baino ezin dala bertan parte hartu da.

Argizaiola 2021 Sariaren erakusketea gaur inaugurau da Bilbon (Hurtado de Amezaga kalea, 6). Hogeta hamar irudi inguru batu ditu, eta bertan izan dira Ana Otadui Batzar Nagusietako Lehendakaria, Juan Armentia Argazki Alkarteen Euskal Federazinoko presidentea eta aurtengo Argizaiola Sariaren irabazleak: Eva Franco, aurtengo Argizaiola saria, “Maskarada sisters” lanarekin, eta Oskar Manso eta Imanol Zubiaurre accesitak jaso dituenak.

Igaz pandemia zela eta izandako geldialdiaren ostean, Argizaiola Saria “indarbarrituta itzuli da, kalitate handiko irudiakaz, euskal argazkigintzaren erakusgarri bihurtuta”, esan dau Otaduik beste lehiakide batzuek lagunduta etorri diran hiru irabazleei sariak emoten hasi aurretik.

Bilboargazki Bilboko Nazinoarteko Argazki Jaialdiaren barruan dagon erakusketak hainbat gairen ganeko argazki sorta bat (29) batzen dau. Euskal Herriko Argazki Alkarteen Federazinoak antolatzen dau lehiaketa, eta Euskadin egiten diran dozena bat lehiaketatan aintzatespena lortu daben argazkilari ezagunek hartzen dabe parte. Aurton, lehiaketa honeek izan dira aukeratutakoak: Lux Splendida (Gasteiz), Kirol Argazki Lehiaketa (Bergara), Gipuzkoa Nazioarteko Saria (Donostia), Legazpi Hiria (Legazpi), Indalecio Ojanguren (Eibar), Tolosa Hiria (Tolosa), Zumaia Hiria (Zumaia), Nikolas Lekuona (Ordizia), Igartza Saria (Beasain), Photoka Saria (Gernika), Ramon Serras (Zarautz) eta Irun Hiria (Irun).

Argizaiola 2021 Sariak, azkenean, sariketa horreetan parte hartu daben 41 egileren 174 lan batzea lortu dau. App Storen eta Google Playn ARGIZAIOLA 41 dobako aplikazinoa deskargauta ikusi daitekez Euskadin urte gehien daroazan lehiaketako argazki guztiak.