Aurreko Albisteak

BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK GERNIKAN HASI DITUE ONDAREAREN GANEKO JARDUNALDI INKLUSIBOENAK

  • Bizkaiko Batzar Nagusiek bat egin dabe Ondarearen Europako Jardunaldiakaz, eta aldi baterako erakusketetara eta ondarera bisita gidauak egin ditue, desgaitasuna daukien personei egokituta.

  • Jarduera bietan sarrera mugatua da eta aldez aurretik erreserbau behar da.

  • Lehenengo jarduerea gaur egin da Gernikako Batzar Etxean.

(Gernikan, 2021eko urriaren 2an). Bizkaiko Batzar Nagusiek Ondare Jardunaldiak hasi ditue gaur Gernikan, modu berezian zentzumen-dibersidade funtzionala daukien personei zuzendutako jarduera bategaz. Bisitariak Gernikako Batzar Etxean zehar ibili ahal izan dira eta berau ezagutu, Batzar Nagusietako egoitzako teknikari batek eta zeinu-mintzairaren interprete batek lagunduta.

Aurtengo “Ondare irisgarria eta inklusiboa” programaren bidez, Bizkaiko Ondarearen Europako Jardunaldien sarea osotzen daben persona, entitate eta erakunde guztiei konbitea egiten deutsee Bizkaiko Batzar Nagusiek, alkarrizketarako eta ekintzarako esparrua zabaltzeko eta askotariko audientziakaz konektetako, gure ondarearen aurkezpenean eta interpretazinoan betidanik baztertuak izan diran taldeakaz alkarreragiteko topaketak sustatuz.

Hurrengo bisita didaktikoak honeek izango dira:

EULALIA ABAITUAREN EMAKUMEAK ZALOAREN ESKUTIK (ABELLANEDA)

Abellanedan dagon Enkarterrietako Museoa 1934an inaugurau zan. Garai haretan Eulalia Abaitua bizirik egoan oraindino, gitxi ikusitako gizartearen parte bati, emakumeena, argazkiak ateraten jakin eban emakumea. 60 urte geroago, 1994an, Museoak bere hirugarren “barrinaugurazinoa” ospatu eban, eta Zaloa, denpora luzez ikusezin bihurtutako beste kolektibo bateko kidea, Down Sindromedun personena, beharrean hasi zan bertan. Orain biak batuko doguz eta Zaloaren eskutik “Eulalia Abaituaren emakumeak” erakusketea bisitauko dogu eta begirada posible bat baino gehiago dagozala ikusiko dogu.

Eguna eta ordua: urriak 9, zapatua, 11:00etan.

Izena emoteko: https://www.enkarterrimuseoa.eus/home/index.asp

“EULALIAK IKUSIKO BAGINTU: ASKOTARIKO EMAKUMEAK GAUR EGUNGO BIZKAIAN” JARDUNALDIA (ABELLANEDA)

Bisita gidau biez gain, Enkarterrietako Museoak Eulalia Abaituaren irudiaren inguruko jardunaldia antolatu dau. Eulalia Abaitua, XX. mende hasierako emakumeen unibersoa erretratau eta egunerokotasunaren esentzia jaso eban euskal argazkilaritzaren aitzindaria izan zan. Kultura anitzeko topaketa batean, hainbat emakumek Eulaliaren beharraren inguruko hausnarketea egingo dabe, bere beharrean hautemoten dan euskal emakumeen unibersoa barriro definiduz eta gaur egungo Bizkaira eroanez. Eulaliak ikusiko bagintu femeninotasunaren zer irudi islatuko leuke bere obran? Zelan ikusten dogu geure burua XXI. mendeko emakumeok Eulaliaren obran?

Eguna eta ordua: urriak 16, zapatua, 11:00etan.

Izena emoteko: https://www.enkarterrimuseoa.eus/home/index.asp