Aurreko Albisteak

REMENTERIAK LA AVANZADAREN ERABATEKO ESTALDUREA ETA BIZKAIAN BIZIKLETA ELEKTRIKOAK MAILEGUAN LAGATEKO SISTEMEA IRAGARRI DITU

  • Legealdiko Politika Orokorraren ganeko osoko bigarren bilkuran, Unai Rementeria ahaldun nagusiak azaldu dauenez, proiektu handien artean, Frantziako Tourraren etorrerea, Gernikako Guggenheim Museoa eta datorren urteko irailean Bizkaia Torrea edegitea dagoz.

  • Aldundia bariku honetatik, urriaren batetik, aurrera itzuliko da aurrez aurreko “erabateko” lanera.

  • Oposizinoak erreforma fiskala eskatu dau, eta “makillajetzat” jo dau ahaldun nagusiak egindako selfiea.

  • Aldundiak Bilboko AHTren lurpeko soluzinoan esku hartu daiala eskatu dau Euskal Sozialistak taldeak.

(Gernikan, 2021eko irailaren 29an). Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak proiektu barriak martxan jarriko dirala iragarri dau gaur Gernikako Batzar Etxean egin dan Politika Orokorreko osoko bilkuran; besteak beste, La Avanzada guztiz estaltzea eta, udalen laguntzagaz, lurralderako bizikleta elektrikoak maileguan lagateko sistema bat martxan jartea. Pandemia hasi zanetik osoko bilkuran musuko barik egin dauen lehenengo berbaldian, Rementeriak proiektu handien artean Guggenheim Gernika Museo barria eta 2023an Frantziako Tourra hona ekartea nabarmendu ditu. Dana dala, azken puntu horregaz erlazionauta datorren urtetik aurrera “Bizkaia horiz tindatu” gura da, hainbat ekimen eginez.

Pandemiak markautako saioan, gaixotasunak ekonomian, hil diran personengan eta foru kudeaketan izan dituan ondorioak errepasau ditu Rementeriak. Azken puntu horretan, egoitzetako adinekoen eta senitartekoen eretxiagaz geratu da: “8,06” puntu emon jakez egoitzetako foru-zerbitzuei, eta “% 7,18” covid-aren aurreko kudeaketeari. Kanpoko eretxi horreen artean, Fiskaltzak emondakoa be kontuan hartu behar da; izan be, 2020ko bere memorian, giza baliabideetan eta baliabide materialetan foru-erakundearen ahalegina “saiatua eta berezia” izan dala nabarmendu eban. Ganera, “hunkituta” oroitu ditu gaixotasuna jasan daben 136.085 personak eta 2.581 hildakoak.

Etorkizun hurbilari jagokonez, Rementeriak “baikortasun” mezua helduarazo gura izan dau, “gaur, orain urtebete baino hobeto gagoz eta datorren urtean hobeto egotea espero dot”, eta, horren ostean, urte bi honeetako selfie bat atera dau. Konpromisoen “% 35” beteta eta “% 49” martxan, agintaldiaren erdialdean ekimenen “% 16” oraindino hasi barik dagozan arren. Oraindino gauzatu bakoen artean, ahaldun nagusiak behin eta barriro aitatu dau gizarte-ekintzaren hobekuntzea, iraupen luzeko zainketen plana martxan jarrita (Etxetik, egoitza txikiak, eskualdeetako zentroen sorkuntza eta beharginen prestakuntzaren aldeko apustua), edo belaunaldi barriko banda zabala hedatzea, lurraldeko “8.191” etxebizitza sakabanatutara eroateko. Gaur egun, “144” etxebizitza dagoz entxufauta, eta Gobernu zentralagaz akordioa lortu da proiektuaren bigarren fasea finantzetako.

Bere kudeaketaren errepasoan, Bizkaiko merkataritzari laguntzeko Eup! Proiektuan be gelditu da, hainbat datu emonda. “344” saltoki dira online salmentarako plataformari atxiki jakozanak “7.800” produktugaz. Halanda be, atariak “heldutasuna lortzeko denpora gehiago” beharko dauela ohartuarazo dau, Gabonetan beste “327” saltokik ekimenagaz bat egingo daben arren.

Energia-trantsizinoa bultzatzeko proiektuei jagokenez, Rementeriak iragarri dau Iberdrolagaz garatzen ari dan Sare Elektriko Adimendunen Zentroak “urriaren 5ean” zabalduko dituala ateak, eta “2022ko irailean” gauza bera egingo dauela Energy Intelligence Center izenekoak, hidrogeno-korridoreari lotutako proiektu horretan lekua eskatu daben “puntako 11 enpresagaz”. Datorren beste edegiera batek Nagusi Intelligence Centerrekin dauka zerikusia. Datorren urriaren 13an edegiko da Urduliz Torrean.

AZPIEGITURAK ETA BIZIKLETEA

Aldundiak lurraldeko azpiegiturak hobetzeko beharrean jarraituko dau datozan urteetan. “2023ko udabarrian” Supersur errepidea amaitzea aurreikusi dau, eta bertan egongo da geldialdi bako free-flow bidesari-sistemea daukan Bizkaiko lehenengo errepidea. Nahiko lehenago, “2022ko azaroan”, Leioan, 60 milioi euroko inbertsinoa eskatuko dauen La Avanzada osorik estaltzeko proiektua prest izatea espero dau. Ganera, Aldundiak ez deutse uko egingo Sollubeko tunelei, baina lehenago Bidebieta-Sollubeko gaina hobetuko da, 35 milioi euroko erreserbeagaz, hurrengo agintaldian. Metroa Galdakaogaz lotzeari jagokonez, Rementeriak ez dau busti gura izan. 350 milioiko inbertsinoa gauzatzea “oso gatxa da, baina ez dot baztertzen. Baliteke errealidade izatea”, esan dau.

Hurrengo urte bietarako beste apustu handietako bat bizikleta da. Rementeriak proiektu “giltzarri” bi aitatu ditu: bizikleta elektrikoak maileguan lagateko sistema bat martxan jartea, udalakaz alkarlanean. Proiektua guztiz definiduta dago, Barik txartelagaz eta garraio publikorako konexinoakaz erabili daiken sistema bategaz. Bigarren proiektua auzoetan, garraio publikoan eta hurbileko guneetan “bizikletak gordetako aparkaleku seguruak” instaletea da. Lehenak Getxon, Leioan, Durangon eta Zornotzan egingo dira, “2023a baino lehen”. Puntu horretan eragingarria izango da Frantziako Tourraren helmuga izatea 2023an. Hiru etapa Euskadin barrena. Bizkaia munduari erakusteko. Baina lurraldea “horiz tindatu” gura dau urtebete lehenago, antolakuntzagaz eta udalakaz egindako sustapen-ekimenen bidez.

Rementeria eskualdeetan zentrau da. Onuradunetako bat Urdaibaiko Erreserbea izango da, Guggenheim Gernika Museoa instalauta. “Garai barriko lehengo museoa” “ona” izango da museoarentzat, Gernikarentzat, ekonomiarentzat eta kulturarentzat. Kultur errefortzu horri handitze bi gehituko jakoz: Arte Ederren Museoan eta Euskal Museoan.

EGUNEROKO JARDUNAREN KUDEAKETEA

Aldundiaren erronka nagusiak “egunero persianea altxatzea” izaten jarraituko dau, hau da, eguneroko jardunaren kudeaketea. Bariku honetatik aurrera, Aldundia erabateko aurrez aurreko beharrera itzuliko da, eta zerbitzu horreetan “laster” beste bat sartuko da: bideo-dei bidezko arretea, daborduko bide telematikoen bidez egin daitekezan “450 izapideetako” edozein egiteko. “Gertuko” arretari laguntzeko, eskualdeko hiru Gertu bulego barri zabalduko dira Mungian, Markinan eta Igorren.

Bere berbaldian, Rementeriak fiskalitatearen arloan egindako aurrerapenen errepasoa egin dau, zerga-helburuen “baremazinoagaz”, Bizkaiko fiskalitatea Garapen Jasangarrirako Helburuakaz lerrokatzeko. Ganera, Itun Ekonomikoa defendidu dau. Beste batzuek “pribilegiotzat” joten dabe, baina “diru-bilketea % 11 jaisten danean, inor ez dator gu erreskatetera” esan dau. Araudiari jagokonez, legegintzaldi honetan onartu diran eta, besteak beste, “enpresetan 650 milioi euroko likidezia sartzeko” balio izan daben 15 dekretuak aitatu ditu. Hori dala eta, neurri horreek “salbatzaile” bihurtu dira enpresa txiki eta ertainentzat.

Azken zatian, baso bizidunaren proiektu barriaren, bertako basoak landatzeko inbertituko diran 5 milioien edo eukaliptoaren landaketan luzamendua onartzeko foru araudian aldaketa bat egitearen ganeko berbak izan ditu. Rementeriak bere Gobernuak energia berdearen alde egindako apustua azpimarratu dau. Foru eraikinek kontsumidutako energiaren % 100 berdea da eta “47 autobus hibrido” eta beste gas-ibilgailu batzuk erosi dira Garbikerren flotarako.

Zorretan geratu diran puntuen artean, hainbat “belarri-tiraldi”. Bat kolektiboa: kartoi eta beiraren birziklatze-maila gitxitu izana, urte amaierarako Getxon, Berritxun eta Igorren 3 konpostaje-planta instalauko diran arren. Eta kritika bat bere kudeaketeari, aurreko Errenta kanpainan, zergadunei “buruhausteak” eragin izanagaitik. Ezarpena urte bi atzeratuko dan Batuz sistema barriaren aurrerapena. Dana dala, 2022ko urtarriletik Ogasunagazko hartu-emonetarako sistema barria erabilten daben enpresentzat zerga-pizgarriak egongo dira, % 15eko murrizketea PFEZaren eta Soziedadeen zerga-oinarrian.

BATZAR NAGUSIETAKO TALDEAK

Ordubeteko etenaldiaren ostean, Amaya Fernández Bizkaiko Talde Berezia-PPren bozeroaleak emon deutso hasierea batzarretako taldeen txandari, eta covid-19ak kaltetutakoak gogora ekarriz hasi dau berbaldia, ostean, Batzar Nagusietako ganerako taldeek egin daben moduan. Fernandez andreak esan dau Rementeriak bere kudeaketan egon diran “arazoei iges egiteko” erabili dauela gaixotasuna eta ez dauela “ezer” esan Bizkaiko oinarriak indartzearen ganean. Fernandezek, diagnostikoa osatzeko, beste datu batzuk emon ditu: jaiotza-tasaren jaitsierea, Euskadiko per capita BPGren tasarik txarrena, langabezia-tasarik txarrena, 69.528 lanbako abuztuan, pobrezia-arriskuan dagozan personen ehunekorik altuena edo industriak lurraldean pisua galdu izana (% 41etik % 16,5era).

Horrez gain, zergak ez jaistea eta bidesariak ez kentzea eta Galdakaoko metroaren proiektua “lurperatzea” kritikau ditu Fernandezek. Bizkaiko Torrearen esleipenari jagokonez, “erridikulutzat” jo dau, eta Ekarpenen Legea onartu izana kritikau dau, “Eusko Jaurlaritza gehiago eta Bizkaia gitxiago” dakarrelako. Europako Funtsak banatzeko proposamen barria be kritikau dau.

Errealidadearen beste argazki bat egin ostean, familia eta lana uztartzeko politika erabakigarrietan arretea jartea eskatu dau Fernandezek, eta baita zergak jaisteko erreforma fiskala egitea eta ostalaritzari eta merkataritzari laguntza gehiago emotea be. Talde Bereziko batzarkideak eskua luzatu dau, ekonomiaren susperraldirako “Bizkaiak behar dituan erreforma sakonak” lortzeko, Rementeriak emondako datuakaz talka egiten dabela esanez. Ahaldun nagusiaren berbetan, diru-sarrerak 2019koen ia parekoak dira gaur egun eta esportazinoen igoerea “% 31,7koa” da. Foru enpleo planek “3.293” lanpostu sortu ditue, horreetatik “919” mugabakoak.

Beste alde batetik, Eneritz de Madariaga Elkarrekin Bizkaiako bozeroaleak uste dau datuek agerian ixten dabela arazoak “endemikoak” dirala, eta matxismoak, egiturazko langabeziak, aldi baterako kontratazino gehien dituan lan-prekarietateak, klima-larrialdiak, zaintza-sistemaren arazoak edo pobrezia “estrukturalak” dakardazan arazoak aitatu ditu. Rementeriak zuzentzen dauen Foru Gobernuaren “erantzunik eza” be “aldaezina” dala esan dau de madariaga andreak.

Alderdi morearen bozeroaleak kritikau egin dau foru arduradunak iraganeko proiektuei “hautsak kendu” izana, eta Elkarrekin Bizkaiak legegintzaldian egin dituan eta Aldundia babesten daben alderdiek baztertu dituen proposamen batzuk gogoratuarazo deutsaz: zorpetzea handitzea pandemiaren eraginari aurre egiteko, merkataritzarentzako zuzeneko laguntzak, zerga-erreforma bat diru-bilketa handitzeko, edo gaiztasunak dituen personentzako gitxieneko diru-sarrerak. Foru Gobernuaren “berezko ezetza” kritikau dau, izan be, “14 arau proposamenetatik” bakarra babestu dau eta oposizinoaren arauz besteko lau proposamen bakarrik onartu ditue. Egoitzen kudeaketea kanpora ateratea eta adinekoak zaintzeko egoitzetan egiten dan apustu publiko-pribaduaren aurrean “herrialdeak amore emotea” izan dira legegintzaldiaren erdialdeko beste “baina” batzuk. Horrez gain, “eufemismotzat” jo dau atzo Gobernu Kontseiluak Ekonomia suspertzeko onartu eban foru araua.

Juan Otermin Euskal Sozialistak taldeko bozeroaleak, bere taldeak zerbitzu publikoen alde egiten dauen apustua aitatu dau, “ate joka daukaguzan erronkei berme osoz aurre egiteko”. Bizikleta elektrikoen maileguen proiektua nabarmendu dau, eta eztabaida “zintzoa” eskatu dau AHTa Bilbon lurperatzeko prozesuan aurrera egiteko. Rementeriak kudeaketa-agindu baten alde egin dau azpiegitura hori Euskadin eta hiru uriburuetan garatzeko. Eta Oterminek erantzun dauenez, “erakunde eskudunen artean adostu daitekezan kudeaketarako formuletatik harago, azpiegitura horrek dakarren apustu estrategikoan erakunde guztiak inpliketearen alde egiten dogu, baita Aldundia be, eta azpiegiturea Bilbon lurpetik sartzea ziurtatuko dauen eztabaida sosegau eta zintzo bati ekin gura deutsagu”. Eztabaida horretan garraiobidearen erabilera be landu beharko da, Bilboko geltokia amaituta egon ez arren.

Bea Ilardia EH Bildu taldeko bozeroalearen esanetan, Rementeriaren selfiea “desenfokauta eta makillajez beteta” dago. Bere berbaldian, gaiztasunak jasaten ari diran personak, baserritarrak edo bardintasun-politikak ahaztu ditu. Pandemiak “agerian itxi dau bizitza erdigunean jarri behar dala, merkaduen eta enpresen mozkinen gainetik”, eta, horregaitik, bere taldea zerbitzu publikoak indartzearen alde agertu da. Deitoratu egin dau enpleo publikoak soilik adinekoentzako egoitza-plazen “% 2,5” kudeatzea, eta desgaitasunen bat daukien personentzako egoitza-plazen “% 86,5en” kudeaketea esku pribaduetan egotea, alde batera itxita, baita be, inkestautako personen “% 44k” ikuskapen gehiago egitea eskatzen dabela. Ilardiak nabarmendu dauenez, Euskadi osorako sistema sozial “bakarra” sortu behar da, “Osakidetzaren antzera”.

Azpiegiturei jagokenez, ibilgailu pribaduaren erabilerari mesede egiten deutsan foru estrategia kritikau dau. Gobernu hau mobikortasun jasangarriagaz ez dagola erakusten dau horrek. Supersur eregitearen alde agertu da foru-gobernua “Bolintxu suntsituz”, eta metroa Galdakaora zabaltzea “ez da lehentasuna” Aldundiarentzat. Aldundiak ez dau enpleo duinaren aldeko apustua be bermatzen. Aldundia soldatak parekatzeko beharrean inpliketako eskatu dau, egoitzetako beharginakaz hasi eta ganerako azpikontratakaz jarraituz. Zerga arloan, Covid Tasea ezartea eskatu dau Ilardia andreak, diru-bilketa handitzeko eta lurraldeari fiskalitate justua emoteko.

Azkenik, Jesus Lekerikabeaskoa Euzko Abertzaleak taldeko bozeroaleak esan dau Rementeriaren mezua ez dala “autokonplazientea” izan. Akatsak onartu dira, baina ezin da “dana txarto dagola” esan. “Dana ez da gura beste ondo egin”. Bere taldearen entzuteko politikak erreakzionetako gaitasunean gidau ditu eta, dana Aldundiaren meritua ez bada be, datuek egoera aldatu dala erakusten dabe. Orain 12 hilebete, langabezia “% 12,1ekoa” zan, eta gaur egun “% 11,4koa”; zerga-bilketea “% 18” jaitsi zan, eta aurton barriro be pandemiaren aurreko zifretara itzuli da; edo industria-ekoizpena suspertu egin da, “% 26,6ko” zifra negatiboetatik, “% 12,9ko” positiboetara pasauz.

Jeltzaleak oposizinoko taldeen jarrerea kritikau dau, pandemiaren garaian egoitzetako foru kudeaketari egindako kritikengaitik, kudeaketea “txarto” egin zalako, taldeen berbetan, senideek dinoena hori ez dan arren, Rementeriak emondako datuak ikusita, “8,06” puntugaz balorau ebelako egoiliarrei emondako arretea.