BATZAR NAGUSIEK EZ DABE ALDAKETARIK ONARTU BIZKAIKO MOBIKORTASUN-AGINTARITZAREN OSAKETAN
- Bizkaiko Talde Berezia-PPk, 2017an sortutako erakunde arteko organu horren kontsejuan Eudeleko ordezkari bat eta Batzar Nagusietako talde bakotxeko kide bat sartzeko beharra planteau dau, Elkarrekin Bizkaiaren eta EH Bilduren babesagaz
- Agerraldi batean, “2023ko urtarrilean” Gasteiz Forondako eta Loiuko aireportuakaz lotuko dala adierazo dau Miguel Angel Gomez Viar Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko diputatuak.
- La Unionek kudeatzen dituan Gasteiz eta Bilbo arteko lineen tarifak “neurriz kanpo” igon dirala salatu dau EH Bilduk.
(Bilbon, 2021eko irailaren 28an). Bizkaiko Batzar Nagusietako Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Batzordeak, pandemia hasi ostean kide guztiakaz egiten dan lehenengoak, baztertu egin dau Talde Berezia-PP Bizkaia taldeak aurkeztutako “oposizino-proposamena”. Proposamen hori Bizkaiko Mobikortasun Agintaritza sortzeko erakundeen arteko hitzarmenari osoko zuzenketa moduan eztabaidau da, zehatzago esanda, partaidetza-organuaren osaketea aldatzeko.
Eduardo Andrade ordezkari popularrak lurraldeko garraio publikoan parte hartzeko organu horretan Bizkaiko udalerrien ordezkari moduan Eudeleko ordezkari bat egotea eskatu dau, berbeagaz baina boto barik, eta baita Bizkaiko Batzar Nagusietan ordezkaritzea daukan alderdi politiko bakotxeko ordezkari bat be. Hitzarmen barrituaren testua aldatzeko proposamenak oposizinoko ganerako taldeen (Elkarrekin Bizkaia eta EH Bildu) babesa izan dau, eta Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak kontra agertu dira. Ekimena atzera bota dabe, kontrako 8 botogaz eta aldeko 6gaz.
Hitzarmenaren testuan adierazoten danez, Bizkaiko Mobikortasun Agintaritza Eusko Jaurlaritzaren, Aldundiaren beraren eta Bilboko Udalaren arteko lankidetzarako organua da, Bizkaiko garraio publikoaren arloko “politika publikoak bateratzeko”. Lankidetzarako organu horrek “beharrezkoak edo komenigarriak diran eginkizun guztiak” garatu ahal izango ditu bere helburua beteteko; besteak beste, garraio publikoko zerbitzuak eta azpiegiturak planifiketea eta koordinetea, edo Tarifak Integretako Sistema eta Txartel Bakarra ezartea.
Gaur egun, lau urtean behin barritu behar dan hitzarmen eguneratuan oinarrituta –lehenengoa 2017an sinatu zan–, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazinoko hiru ordezkarik, Bizkaiko Foru Aldundiko hiru ordezkarik, Bilboko Udaleko ordezkari bik eta Bizkaiko Garraio Partzuergoko ordezkari batek osatzen dabe. Artikulu batean ezarten danez, garraio kolektiboa daukien udalek onartuak izateko eskaerea egin daikie, eta horrek oposizinoaren kexak eragin ditu; izan be, aho batez, lurraldeko beste udal batzuen eta batzarretako taldeen parte-hartzea eskatu dabe; jeltzaleentzat eta sozialistentzat, barriz, organuaren egungo osaketea “nahikoa” da.
Foru Gobernua eusten daben taldeentzat, “borondatezko” parte-hartzea daukan organu horretan “diran guztiak dagoz eta dagozan guztiak dira”; izan be, garraio publikoaren arloan eskumenak dituen administrazino “guztiek” hartzen dabe parte, Jose Alberto Alvarez Castrejon sozialistak azaldu dauenez, eta beste batzuk sartzeko atea zabalik itxi da.
Oposizinoko taldeen artean, Eduardo Andrade popularrak organua “Bizkaiko errealidadeari lotuago” egotea eskatu dau, eta garraio publikorik ez baina populazino dentsidade “handia” daukien beste udal batzuei be parte hartzeko aukera emotea, Getxori, adibidez. Eva Maria Cabornero talde moreko ordezkariak kritikau egin dau emakumeek organu barriaren bileretan daukien presentzia hutsa. Eta EH Bilduko Raul Mendezek, barriz, faltan bota dau metro- edo tren-geltokiak dituen eta erabiltzaile kopuruarengaitik nabarmentzen diran udalerrien parte-hartzea, eta baita organu horren zeregin nagusietako bat oraindino gauzatu barik egotea be: txartel bakarra ezartea. “Bost urte daroaguz aurrerapausurik emon barik”, kritikau dau.
GASTEIZ-BILBO LINEAREN GANEKO AGERRALDIA
Miguel Angel Gomez Viar Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko foru diputatuak, Gasteiz eta Bilbo arteko autobus-lineen kudeaketa kooperatiborako Arabagaz sinatutako akordioaren eta zerbitzuen murrizketarengaitik eta urteko txartela ezabatzeagaitik erabiltzaileek egindako salaketen ganeko azalpenak emon ditu gero, EH Bilduk eskatuta. Koalizino abertzaleak, gaur egun La Unión-ek kudeetan dauen linea hori lizitetako mahai gainean jarteko Aldundiak hartu eban konpromisoaren, autobus-linea horreen kudeaketa bateraturako aurreproiektuaren, ganean galdetu dau.
Diputatuak azaldu dauenez, bere sailak ez dau Arabako eta Bizkaiko uriburuak lotzen dituen lineetako bonuen ganeko eskumenik, joaneko txartelaren ganeko ahalmena baino ez dauka, eta hori “izoztu” egin da, enpresak urteko bonuaren berreskurapena “aztertzeko prest” jarraitzen dauen arren; izan be, bonu hori oso gitxi erabilten zalako baztertu zan, bidaien % 5 baino gitxiagotan. Telelana, online klaseak eta pandemiak eragindako ziurbakotasuna dira, enpresa emakidadunak adierazo dauenez, erabiltzaileek beste garraio-bonu batzuk, hilerokoa, hiruhilekoa edo 60 bidaiakoa, hain zuzen be aukeratzearen atzean dagozan errazoiak. Gauzak aldatzeko, Bizkaiko eta Arabako Foru Aldundiak kontzesino barri bat prestetan ari dira uriburu biak lotzeko, eta horri lurralde bien arteko linea barri bat gehitu gura deutse, “2023ko urtarriletik aurrera” Gasteiz Forondako eta Loiuko aireportuakaz lotuko leukena.
EH Bilduko Raul Mendez “kezkatuta” agertu da Aldundiak “ez daukalako kontrolik” egungo kontzesinoaren tarifa-sistemaren ganean, eta Bizkaiko eta Arabako Foru Gobernuak “inplika daitezala” eskatu dau, etorkizunean holango “neurribako” igoerarik gerta ez daiten. Azkenak, bere berbetan, igazko udan izan ziran, “% 5ekoak” hileroko txartelean –“12,66 euro gehiago”–, eta “% 10ekoak” hiruhileko eta 60 bidaiatako bonuetan; horrek “64 euroko” eta “70 euroko” aparteko kargea dakar ohiko erabiltzaileentzat, hurrenez hurren.