BATZAR NAGUSIEK, GERNIKAN ETA ABELLANEDAN EGIN DIRAN JARDUERA IRISGARRI ETA INKLUSIBOAKAZ HURBILDU DABE EUREN ONDARE BALIOTSUA
- Bizkaiko Batzar Nagusiek bat egin dabe Ondarearen Europako Jardunaldiakaz, eta aldi baterako erakusketetara eta ondarera bisita gidauak egin ditue, desgaitasuna daukien personei egokituta.
- Jarduera bietan sarrera mugatua da eta aldez aurretik erreserbau behar da.
(Bilbon, 2021ko irailaren 21ean). Bizkaiko Batzar Nagusiek bat egin dabe, aurton be, Foru Aldundiak koordinetan dituan Ondarearen Europako Jardunaldiakaz, Gernikako eta Abellanedako egoitzetan egingo diran hainbat jardueragaz. Desgaitasun fisiko edo sentsoriala daukien personen parte-hartzea bilatzen dabe, hareen eukia kolektibo horrentzat egokituta.
Aurtengo “Ondare irisgarria eta inklusiboa” programaren bidez, Bizkaiko Ondarearen Europako Jardunaldien sarea osotzen daben persona, entitate eta erakunde guztiei konbitea egiten deutsee Bizkaiko Batzar Nagusiek, alkarrizketarako eta ekintzarako esparrua zabaltzeko eta askotariko audientziakaz konektetako, gure ondarearen aurkezpenean eta interpretazinoan betidanik baztertuak izan diran taldeakaz alkarreragiteko topaketak sustatuz. Holan, jarduera didaktiko honeek antolatu dira hurrengo hiru zapatuetarako:
ESKUAKAZ BERBETAN (GERNIKA)
“Eskuakaz berbetan” Gernikako Batzar Etxetik egingo dan ibilbide gidaua da, jente guztia integretea eta ez bereiztea helburu dauena. Jarduera horrek plaza mugatuak ditu eta entzumen-dibersidadea daukien personek hartu daikie parte, baina baita Bizkaiko Batzar Nagusien eta bere egoitza nagusiaren historia ezagutu gura dauen edozeinek be. Horretarako, Batzar Etxeko teknikari bat eta zeinu-mintzairaren interprete bat egongo dira.
Eguna eta ordua: urriak 2, zapatua, 11:15ean
Izena emoteko: https://ondareabizkaia.eus/jarduera-erreserbatzea/
EULALIA ABAITUAREN EMAKUMEAK ZALOAREN ESKUTIK (ABELLANEDA)
Abellanedan dagon Enkarterrietako Museoa 1934an inaugurau zan. Garai haretan Eulalia Abaitua bizirik egoan oraindino, gitxi ikusitako gizartearen parte bati, emakumeena, argazkiak ateraten jakin eban emakumea. 60 urte geroago, 1994an, Museoak bere hirugarren “barrinaugurazinoa” ospatu eban, eta Zaloa, denpora luzez ikusezin bihurtutako beste kolektibo bateko kidea, Down Sindromedun personena, beharrean hasi zan bertan. Orain biak batuko doguz eta Zaloaren eskutik “Eulalia Abaituaren emakumeak” erakusketea bisitauko dogu eta begirada posible bat baino gehiago dagozala ikusiko dogu.
Eguna eta ordua: urriak 9, zapatua, 11:00etan.
Izena emoteko: https://www.enkarterrimuseoa.eus/home/index.asp
“EULALIAK IKUSIKO BAGINTU: ASKOTARIKO EMAKUMEAK GAUR EGUNGO BIZKAIAN” JARDUNALDIA (ABELLANEDA)
Bisita gidau biez gain, Enkarterrietako Museoak Eulalia Abaituaren irudiaren inguruko jardunaldia antolatu dau. Eulalia Abaitua, XX. mende hasierako emakumeen unibersoa erretratau eta egunerokotasunaren esentzia jaso eban euskal argazkilaritzaren aitzindaria izan zan. Kultura anitzeko topaketa batean, hainbat emakumek Eulaliaren beharraren inguruko hausnarketea egingo dabe, bere beharrean hautemoten dan euskal emakumeen unibersoa barriro definiduz eta gaur egungo Bizkaira eroanez. Eulaliak ikusiko bagintu femeninotasunaren zer irudi islatuko leuke bere obran? Zelan ikusten dogu geure burua XXI. mendeko emakumeok Eulaliaren obran?
Eguna eta ordua: urriak 16, zapatua, 11:00etan.
Izena emoteko: https://www.enkarterrimuseoa.eus/home/index.asp