Aurreko Albisteak

TURISMOA BARRIRO ITZULI DA GERNIKAKO BATZAR ETXERA, ETA 8.448 BISITARI IZAN DIRA HILABETE BITAN

  • Batzar Etxea gehienezko bisitari kopurura heldu da egun gehienetan jentearentzat barriro zabaldu zanetik, hau da, garagarrilaren 20tik.
  • Garagarrilaren 20tik irailaren 15era bitartean, 8.448 pertsonak bisitau eben Gernikako Arbolea, % 13 atzerritarrak.
  • Enkarterrietako Museoak bikoiztu egin ditu 2020ko zifrak.

(Gernikan, 2021eko irailaren 20an). Gernikako Batzar Etxea bere ohiko itxurea hartuz doa apurka-apurka, eta udaldian barriro be bete da bisitariz. Garagarrilaren 20an inaugurau eben tiketing sistemeak 8.448 lagunen sarrerea zenbatu dau irailaren 15era arte.

Gernikako Arboleak bisitarien arretea bereganatu dau barriro be, eta, Euskadiko eta beste Autonomia Erkidego batzuetako herri eta urietatik etorritako personak ezeze, beste herrialde batzuetakoak be erakarri ditu, gehienak Europakoak. Bizkaiko Batzar Nagusien egoitzea bisitetako erakutsi daben interesa dala eta, eguneko ezarritako gehienezko bisitari kopurua (154 persona) bete egin da udako egun gehienetan.

Batzar Nagusien egoitza ezagutzera hurbildutako personen % 83 Euskal Herritik kanpokoak dira. Uda honetan, beste autonomia erkidego batzuetatik (5.923 persona) eta atzerritik (1.136) etorritako bisitariz bete dira Batzar Etxea eta haren inguruak. Turismo hori garaiotan familiako turismoa da batez be.

Estaduko beste leku batzuetatik hurbiltzen diran bisitarien artean katalanak dira nagusi (1.817), ostean madrildarrak (1.279) eta valentziarrak (840). Atzerriko bisitariei jagokenez, Europako herrialde handiak dira oraindino be igorle nagusiak. Frantziatik eta Alemaniatik etorri dira zenbatutako 1.136 atzerritarretatik gehienak, baina Estadu Batuetako herritarren etorrerea be antzeman da.

2021EKO UDAKO BISITARIAK (GARAGARRILAREN 20TIK IRAILAREN 15ERA)

JATORRIA

PERSONAK

EUSKAL HERRIA

1.389

BIZKAIA

1.000

BESTE ERKIDEGO BATZUK

5.923

ATZERRITARRAK

1.136

GUZTIRA

8.448

Garagarrilaren 20tik aurrera, Gernikako Batzar Etxea bisitatu gura dauenak erreserba bat eskatu behar dau webgunearen bidez edo Batzar Nagusien egoitzan bertan instalautako totem baten bidez, eukierea mugatua dalako. Sistemak sarrera bat emoten dau, doban, Batzar Etxeko interes handieneko barrutietara sartzeko. Helburua, Batzar Etxe barruko barrutietan personen fluxua antolatzea eta eukierea mugatzea da.

Bisitariek gehienez 45 minutu ditue bisita egiteko. Gehieneko eukierea 22 personakoa da orduko, eta norabide bakarreko ibilbidea egin behar da Batzar Etxe barruko personen fluxua antolatzeko; ibilbide hori osoko batzarren aretoan hasi eta Gernikako Arbolan amaitzen da, Etxe barruko beste leku batzuetatik igaro ostean (Leiarpeko Aretoa, liburutegia, Lehendakariaren bulegoa…).

ENKARTERRIETAKO MUSEOA

Abellanedako Enkarterrietako Museoak be egin dau balantzea. Udako hilebeteetan bikoiztu egin da bisitarien kopurua, eta 1.381 bisitari izan ditu bagiletik eta abuztura bitartean. Persona gehienen jatorria bertokoa eta beste autonomia erkidego batzuetakoa izan da, eta atzerriko turismoaren aktibazinoa antzeman da, Frantzia, Alemania, Belgikakoa… Eta Latinoamerikatik be etorri dira,, batez be Mexikotik eta Paraguaitik, euretariko asko herri hareetara joandako euskaldunen ondorengoak.