ALDUNDIAK EZ DAU BIZKAIKO EKINTZAILETZA ZENTROAN JATETXE BAT JARTEKO EZELANGO ESKAERARIK JASO
- Elkarrekin Bizkaiak, Bizkaia Dorreko solairuetako batean ostalaritza-lokal bat jarteko “legezko egokitzapena” ete dagon galdetu deutso Elixabete Etxanobe Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuari Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako Batzordean.
- Batzarretako taldeek “beharrezkotzat” jo dabe gaur Bizkaiko Batzarretan eztabaidatu dan Urduñako lau alkate-auzoen hautaketea arautuko dauen Foru Arauaren proiektua.
(Bilbon, 2021eko irailaren 14an). Gaur goizean Bizkaiko Batzar Nagusietan egin dan Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako Batzordean, Elixabete Etxanobe Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak Elkarrekin Bizkaiari erantzun deutsanez, Aldundiak ez dau Bizkaiko Ekintzailetzaren Nazinoarteko Zentroa egongo dan instalazinoetan ostalaritza-lokal bat jarteko“ezelango” eskaerarik jaso. Gai horren ganean berba egitea ez jagokon arren, “gardentasunaren mesedetan”, diputatuak baieztu dauenez, “Administrazino honek eta bere menpeko erakundeek ez dabe aurrera egin ostalaritza jarduera bat Bizkaia Dorrearen ezelango egoitzatan ezarteko jarduera administratiboetan”.
Erantzunaren ostean, Israel Escalante Elkarrekin Bizkaia taldearen ordezkariak, berretsi egin dau “kontratuaren gehigarrian” aukera hori agertzen dala, eta eskatu dau argitzeko, ostalaritzako azpiegitura hori zehaztu ezkero, Aldundiko beharginei soilik emongo leuskien zerbitzua ala jente guztiari edegita egongo litzateken. Azken aukera horrek, bere eretxiz, “luxuzko jatetxe bihurtuko leuke, haren kokapena kontuan hartuta”. Modu berean, gai horren inguruan erabagiteko ardurea daukan erakundearen inguruan galdetu deutso diputatuari. Aldundia, Azpiegiturak edo enpresa esleipenduna izango litzateke. “Taberna-jatetxe bat edegiteko tramiterik ez da egin”, esan dau barriro Etxanobek.
ALKATE-AUZOETARAKO FORU ARAUA
Beste alde batetik, Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako Batzordeak, formea emon deutso Bizkaiko Lurralde Historikoan udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko toki-erakundeetako alkateak hautatzeko Foru Arauaren proiektuaren testuari. Entitate horreek guztiak Urduñako Urian dagoz. Osoko bilkurak onartu ezkero, Belandiako Lendoñogoitiko, Lendoñobeitiko eta Mendeikako kudeatzailea aukeratzeko moduari eragingo leuskio arauak. Horreen artetik, biztanle gehien daukazan herriguneak berrogeta hamar bat bizilagun daukaz.
Foru arau proiektuak, besteak beste, lau gune txiki horreen ordezkaria aukeratzeko modua ezarten dau. Bozketa sekretua egingo litzateke, foru eta udal hauteskundeakaz batera, baina hautestontzi desbardinetan.
Batzordean hamar bat aldaketa egin dira 19 artikuluren testu arauemoilean, gehienak Bizkaiko Talde Berezia-PPk proponidutakoak. Besteak beste, Amaya Fernandez talde horretako bozeroaleak nabarmendu dauenez, ez da alkate-auzoen izenik aitatzen, etorkizunean aldaketarik egongo balitz be, ezta arau horren eragina jasoko leuken Foru Aldundiaren egungo saila be. Beste aldaketa bat egitea lortu dabe, hautatutako personak uko egiten badeutso, hilten bada edo ezintasun-egoerara igaroten bada ordezkoa egon daiten. Hurrengo hautagai bozkatuenak zuzenduko leuke alkate-auzoa.
Batzarretako ganerako taldeek, barriz, ez dabe onartu herritarren proposamen bat, hautatuak izateko hautagaitza politiko bategaz joateko beharra ez izateko, eta zerrenda edegiak ezarteko. Hori Lege Orokorraren kontra doa, Foru Gobernua babesten daben taldeen berbetan. Fernandezek azaldu dauenez, Araban egiten ari dira hori, eta auzitegiek ez dabe “ezelango arazo” juridikorik jarri.
Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek beste aldaketa bat egin dabe arau horretako artikuluetako batean; izan be, hautagairik ez dagon toki-erakunde txikietan, auzotar bakotxak izen bat idatzi ahal izango dau boto-paper batean “hautesle izaera daukien eta hautaezintasun-kausetan sartuta ez dagozan personen artean” kargua beteko dauena aukeratzeko.