Aurreko Albisteak

BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK BARRIRO EKIN DEUTSE LEGEBILTZARREKO JARDUERARI, DONEJAKUE BIDEAREN ETA PETRONORREKO ERTEAREN GANEAN EZTABAIDATUZ

Bilbao

  • Ekonomia Sustatzeko Batzordeak, urte Xacobeoan Bizkaiko Batzar Nagusiek Foru Aldundiari Donejakue Bidea bultzatzeko eskatu deioen Talde Berezia-PP Bizkaiaren arauz besteko proposamen bat ezetsi dau.

  • Bizkaiko Batzar Nagusiek atzera bota dabe, baita be, EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak Petronorri enplegu-erregulazinoko espedientea kentzeko eskatzeko ekimen bateratu bat, justiziak “justifikazinorik bakotzat” jo dauelako 354 langileri maiatzean apliketan hasi jaken erregulazino-espedientea.

(Bilbon, 2021eko irailaren 9an). Bizkaiko Batzar Nagusiek ikasturte parlamentarioari berrekin deutse gaur, Ekonomia Sustatzeko Batzorde bategaz, eta bertan arauz besteko proposamen bi eztabaidatu dira. Alde batetik, oposizinoko taldeek Bizkaiko Donejakue Bidea bultzatzea eskatzen eben, eta, bestetik, Aldundiak, Petronorri, maiatzean apliketan hasi zan ERTEa kentzeko eskatzea gura eben.

Gai-zerrendako lehenengo puntuan, Bizkaiko Talde Berezia-PPk, arauz besteko proposamen batean, Donejakue Bidea Lurraldetik igarotean “sustatzeko eta bultzatzeko” kanpaina bat egitea defendidu dau. Kanpaina horretan, Iparraldeko edo Kostaldeko Bideak eta Bide Ahaztuak edo Donejakue Bide Zaharrak bat egiten dabe. Testuak beste eskari bat jasoten eban, Lurraldetik igarotean ibilbide horreen seinaleztapena “barritzeko eta indartzeko”.

Elkarrekin Bizkaiaren hainbat zuzenketa-eskeren bidez, ekimena osatu egin zan, sustapen-ekintza horreek udalakaz eta “Donejakue Bidearen lagunen hainbat alkartegaz” lankidetzan egin eitezan, eta hirugarren puntu bat gehitu zan, Bizkaiko Bidea hobetzeko eta egokitzeko lanaren “berrikusketa” bat egiteko asmoz, Batzar Nagusiek 2014. urtean adierazo ebenaren gainean, talde morearen berbetan, esku hartzeko behar zehatzak atzemoteko.

Batzarretako talde guztiek batera defendidu dabe Donejakue Bidea “aktibo garrantzitsua” dala garapen ekonomikorako eta lurraldean aberastasuna sortzeko, kultur ondarea balioesteko eta turismo jasangarria garatzeko, besteak beste. Halanda be, Batzar Nagusietako Eusko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek uko egin deutse azken testuari, kultur proiektu honen “lidergoa”, hareen ustez, Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailarena izan behar dalako, erakundeen arteko lankidetza indartzeari kalte egin barik.

Lan bateratu horren barruan, Foru Gobernua osatzen daben taldeek, turismoko “aktibo garrantzitsu” hori erabilita Gasteizko Gobernuak Bizkaiko erakargarritasuna hobetzeko Gobernu Zentralaren aldetik jasoko dituan “5,5 milioi euro” aitatu ditue, Victor Trimiño sozialistak gogorarazo dauenez. Aldundiak, ganera, Bidea bultzatzeko hainbat neurri aurreikusten ditu daborduko, Mikel Bagan jeltzaleak ganeratu dauenez, Bizkaiko mendi-ibiliak eta ondare erlijiosoa sustatzeko tokiko erakundeen ekintzak babesteko foru dekretu bat, beste batzuen artean.

PETRONOR

Petronorreko ERTEak 354 behargini eragiten deutse maiatzaren 3tik aurrera, eta ikasturte politiko barriko lehenengo saioan bere lekua izan dau Bizkaiko Batzarretan, EH Bildu eta Elkarrekin Bizkaia taldeek batera aurkeztutako arauz besteko proposamen baten bidez, besteak beste, “personen, ingurumenaren eta instalazinoen segurtasunagaitik” berau kentzeko eskatu dabe.

Oraingoan, Talde Berezia-PP Bizkaiak bat egin dau Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeakaz, Petronorri eskaera hori egitea atzera botateko. Enpresa horrek erregulazino-espediente bat aurkeztu eban, eta, proposamena egin dabenek gogorarazo dabenez, Bilboko 8. Lan-arloko Epaitegiak “justifikazino bakotzat” jo eban. Foru Gobernua babesten daben taldeek “legezko bideak” errespetetea defendidu dabe, hau da, negoziazino kolektiboa eta alderdien arteko alkarrizketea eta akordioa, enpleoa babestea “lehentasunezko” helburua izan behar dauen soluzino bat lortzeko, Trimiñoren berbetan.

Petronorreko ERTEak, hasiera batean, urrian eukan iraungitze-data, baina Mikel Baganek batzordean adierazo dau “uste dauela”, joan dan astelehenean, irailaren 6an, ezagutu zan epaia behin-behinean betez, “irailaren 8tik aurrera ERTE barruan egozan behargin guztiak desafektauko dirala”.