Aurreko Albisteak

MAEZTUREN "LIRIKA ETA ERLIJIOA" LANA GERNIKAKO BATZAR ETXERA ITZULI DA

Gernika

  • Margolari gasteiztarraren 9 metroko triptiko monumentala hainbat hilebetez egon da ikusgai Guggenheim Museoan, “Bilbo eta pintura” erakusketaren barruan, zaharbarritze lanen ostean.

(Gernikan, 2020ko irailaren 8an). Gustavo de Maezturen (Gasteiz, 1887-Lizarra, Nafarroa, 1947) triptiko monumentala zazpi hilebetez egon da Bilboko Guggenheim Museoan, “Bilbo eta pintura” erakusketan, eta gaur itzuli da bere jatorrizko lekura: Gernikako Batzar Etxeko Beiratearen Aretora.

Bilbora eroan baino lehen, hiru panelak zaharbarritu ebezan, eta, beraz, Maeztuk obrari emon eutsan jatorrizko kolorea foru hiribilduan ikusteko interes handiagoa sortu da orain bere ohiko lekuan. “Lirika eta Erlijioa” izenburua daukan lanak, dramatismo bereziko gertaera historiko bat gogorarazoten dau: “Aintzaren Zapatuko Galernea” izenez ezagutzen dan ekaitza, 1878ko apirilaren 20an Bermeoko berrehun arrantzale baino gehiago hil ebazana.

1922an, sorkuntzarako kezkak bultzatuta, Gustavo de Maeztuk sinbolismoz betetako proiektu artistiko handi bat asmau eban, eta haren helburua irailean Gernikan Eusko Ikaskuntzaren Hirugarren Kongresua zala eta ikusgai jartea zan. Teknika artistikoaren menderatzaile bikaina, hiru hilebeteko epean amaitu eban hasiera batean “Tierra vasca” izena euki eban triptiko-erretaulea. Lan horregaz Gustavo de Maeztuk euskal bizitzaren eta jardueren alegoria egin gura eban. Arrantzale batzuk lehorrera heldu ziranean, herritarrek heriotzaren aurrean sentidu eben kommozinoa jaso eban.

Gernikako erakusketea amaituta, azaroan Bilboko Filarmonikako areto nagusian izan zan ikusgai triptikoa. Abenduaren 26an, lagun talde handi batek harpidetza batean parte hartzeko eskatu eutsen Bilboko Udalari eta Bizkaiko Foru Aldundiari, obra erosi eta «Museoan edo Hiribilduko Etxea» izenekoan jarteko. Azkenik, 1923ko bagilaren 25ean, triptikoa Bizkaiko Foru Aldundiaren Jauregian geratu zan, bigarren solairuko galerietako batean.

Gaur egungo kokalekuan, Gernikako Batzar Etxeko Beiratearen Aretoan, Maezturen margolanagaz batera hainbat objektu historiko dagoz, J.M. Iparragirrerena izan zan gitarrea, “Gernikako Arbola” ospetsua abesteko erabilten ebana, besteak beste. Gaurtik aurrera, Gustavo de Maezturen lan orijinala ikusteko aukerea izango dabe bisitariek. Urte honetan haren ordez erreplika bat egon da.

Lirika eta Erlijioa, 1922

Olioa mihise gainean

300 x 130 cm (ezkerreko panela)

300 x 250 cm (panel zentrala)

300 x 130 cm (eskumako panela)