Aurreko Albisteak

BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK BIGARREN URTEZ BERTAN BEHERA ITXI BEHARKO DABE IRAILAREN 25ERAKO IRAGARRITA EGOAN DEIADAR MENDIEN EGUNA

Bilbao

· Ekitaldi jentetsu honetan parte hartzen daben personen segurtasuna eta osasuna lehenetsiko ditue aurten be Bizkaiko Batzar Nagusiek.

· XVII. edizinoa 2022ko irailera edo urrira aldatuko da.

(Bilbon, 2021eko irailaren 7an). Deiadar Mendietara egiten dan igoerak beste urte bat itxaron beharko dau. Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak, Mahaiaren bileran, gaur jakinarazo deutse Batzarretako Taldeei irailaren 25ean Gorbeian egitekoa zan Deiadar Mendien Egunaren XVII. edizinoa 2022ra aldatu behar dala, koronabirusak eragindako pandemia dala eta gure lurraldeak bizi dauen egoerarengaitik.

Mendi martxa klasiko horren bultzatzaile moduan, Bizkaiko Batzar Nagusiek uste dabe pandemiak azken asteotan izan dauen bilakaereak, positiboa izan arren, ez dauela berme osoa emoten oraindino be bost deiadar tontorretako batean alkartzen diran ehunka mendizale batzeko.

Osasun-erakundeei eta urtero Bizkaiko tradizionoakaz egiten dan hitzordu hori antolatzen laguntzen daben mendi-klubei egindako kontsulten ostean hartu da erabagia. Beste edozein konsiderazinoren ganetik, Bizkaiko Batzar Nagusiek ekitaldi herrikoi honetan parte hartzen daben personen segurtasuna eta osasuna lehenetsi ditue.

Tradizinoak dinoen moduan, Gorbeiak orain dala bi urte Ganekogortako gailurrean egindako hitzorduaren lekukoa hartu eban –igaz bertan behera geratu zan–, lehenago Solluben, Oizen edo Kolitzan egin zan moduan.

Bizkaiko Batzar Nagusiek, erakundea barriro beharrean hasi osteko 25. urteurrena zala eta 2004an martxan jarritako tradizinoari jarraipena emonez, ohitureagaz jarraitu gura eben, urriaren 3an Gorbeian adarrotsa zabalduz, oraingo honetan Lemoako Ganzabal mendi taldearen laguntzeagaz. Covid-19aren eragina dala eta, Batzarrek Bizkaiko “gailurrera” egindako deiak urtebete itxoin beharko dau. 2022eko irailean edo urrian izango da.