USANSOLO HERRIAK GAUR EGUN GALDAKAOKO AUZOA DANAREN SEGREGAZINOAREN ALDE EGITEKO ESKATU DEUTSE BATZAR NAGUSIETAKO TALDEEI
- Bizkaiko 113. udalerria sortzearen alde egiten dauen talde horretako ordezkaritza bat Batzar Nagusietako Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarako Batzordera joan da
- Herri plataformak alderdi politikoei jakinarazo deutsenez, Usansolok Foru Arauaren “baldintza guztiak” “hasieratik amaierara arte” beteten dituala egiaztatzen dauen memoria aurkeztu jako Foru Aldundiari
- Beste agerraldi batean, Trianoko abeltzainek “guztientzako” konponbidea eskatu deutsie Aldundiari, eta baita Zugaztieta inguruan segurtasun juridikoagaz bazkatzeko araudia be, bagilean laugarren epaiketea irabazi ostean.
(Bilbon, 2021eko garagarrilaren 30an). Usansolo Galdakaoko udalerritik bereiztearen aldeko plataformak Bizkaiko Batzar Nagusietara jo dau gaur, segregazino prozesuaren egungo egoerea azaltzeko. Usansolo Herria taldeko ordezkaritza batek agerraldia egin dau gaur Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarako Batzordean, eta Bizkaiko Batzar Nagusietan ordezkaritza daukien alderdi politikoek Usansoloren eta Galdakaoren arteko banaketak ekarriko leukezan ondorio ekonomiko, juridiko eta praktikoak zehatz-mehatz jasoten dituan txostena ontzat emon daiela eskatu dau.
Bizkaiko udalerrian gai hori ebazteko sortutako Batzorde Mistoak garagarrilaren 14an egin eban azkenengo bilerea, eta Usansolo Galdakaotik banantzeak ekarriko leukeenaren ganeko memoria onartu eban, gehiengo osoz. Agiriak Bizkaiko Lurralde Mugaketen ganeko Foru Arauaren 41. artikuluan ezarritako baldintza “guztiak” beteten dirala egiaztetan dau, Monika Mena Usansolo Herria taldeko bozeroalearen berbetan.
1988an hasitako desanexino saiakeren errepasoa egin dau Menak. Hainbat saiakera egin eta 2012an Bizkaiko desanexinoak “debeketan” ebazan foru-arau bat onartu ostean, araudi hori 2015ean aldatzeak Galdakaoko auzo horretako bizilagunen aspaldiko asmoa berreskuratzea ahalbidetu eban; izan be, erabagia “gehiengoak” babestu eban 2014ko azaroaren 23an egindako herri-kontsultan, baiezko “1.964” botogaz.
Aldaketa horreen ondorioz, Galdakaon azkenengo legegintzaldi honetan sortutako batzorde misto batek justifikazino-memoria bat egin dau, foru-araudiak agintzen dauen moduan. Memoria hori “daborduko” emon jako Aldundiari, eta, “laster”, espero dabe Udalak Galdakaon ikusgai jartea, jente aurrean jarteko aldia beteteko.
Usansolo Herria taldearen berbetan, batzorde mistoaren txostenak foru arauaren baldintza “guztiak” beteten ditu “hasieratik amaierara arte”. Desanexinoa “ekonomikoaren aldetik bideragarria” izango litzateke, horren eragina jasoko leukien bizilagunen kopuruaren ganeko informazinoa, ondasunak eta zorrak esleitzeko proposamen bat, ikututako lanpostuen zerrenda bat eta Bizkaiko 113. udalerria zer izango litzateken zehazten dauen kartografia bat “koordenaduen zerrenda eta guzti” jasoten dituan dokumentu batek erakusten dauenez, Menak aurreratu dauenez.
Prozedurak oraindino maila batzuk gainditu behar ditu. Foru Aldundiaren oneritxiaren ostean, Galdakaoko osoko bilkurak txostena onartu behar dau, eta, horren ostean, Usansolon beste herri-kontsulta bat egingo litzateke. Prozesua amaitzeko, Foru Gobernu Kontsejuak onartu beharko leuke, batzorde juridikoak erespen bat egin beharko leuke eta, azken pausu moduan, Bizkaiko Batzar Nagusiek onartu beharko leukie. Usansolo Herria taldeko bozeroalearen eretxiz, “denporak errespetau ezkero, ebazpena legegintzaldi honetan bertan sartu ahal izango da”. Usansolok “gaiztasunak, trabak eta borondate faltea” izan ditu 33 urtetan, baina prozesua amaitzeko “borondate politikoa” dagola azpimarratu dau.
Biztanle kopurua izan daiteke desanexinoa lortzeko oztopo nagusia. Foru araudiak, Bizkaiko Batzar Nagusiek onartutako aldaketa baten ostean, barruti bat independentea izatea ahalbidetzen dau, betiere 2.500 bizilagun baino gehiago baditu, baina ez Gobernu zentralak, harek 5.000 izatea eskatzen dau eta. Eta orain arte Galdakaoren esku egon dan auzoa atalase horren azpitik geratzen da, udalak berak emondako datuak kontuan izanda.
EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak argi eta garbi babestu dabe edegitako prozesua, eta Usansoloko herritarren borondatea errespetauko dabela iragarri dabe, “demokrazia zuzenean sinisten dogulako”, esan dau Bea Ilardia koalizino abertzaleko bozeroaleak. Ganerako taldeak (Talde Berezia, Euskal Sozialistak eta Euzko Abertzaleak) zuhurrago agertu dira eta txostena ezagutu arte itxoin gura izan dabe; halanda be, desanexinoaren alde agertuko litzatekez, baldin eta legea beteten bada eta herritarren borondatea desanexinoaren aldekoa bada.
LARRATZEKO ESKUBIDEA TRIANON
Modu berean, José Antonio Quintana Linaza, oraingoan, Javier Ugartegaz eta Koldo Fuentesegaz batera, Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarako Batzordera joan da barriro Trianoko abeltzainak ordeztuz, larratzeko eskubideari jagokonez Trianoko mendietan edegitako gatazkan izandako azken barrikuntzen barri emoteko, eta, zehatzago esanda, Bilboko Administrazinoagazko Auzien hirugarren Epaitegiak oraintsu emondako erabagiaren barri emoteko.
Laugarren aldiz, epaitegiek errazoia emon deutse abeltzainei, Zugaztieta inguruan Foru Aldundiak abereak eroateagaitik, eta Quintanak “zuhurtasuna” eta “guztiontzako konponbidea bilatzeko” eskatu deutso Foru Aldundiari. Dana dala, kexau egin da “tristea eta tamalgarria” dalako justiziak errazoia emon ostean, “ordezkari politiko batzuek” hartu gura be ez dituelako. “Batzuetan diktadura gordin eta gogor baten pean bizi garala dirudi”, esan dau. Halanda be, Javier Ugartek baieztu dau “hartu-emon laburrak” izan dituela zuzendaritza barriagaz, egoerea konpontzeko.
Abeltzainek mendia arautzearen alde egin dabe, eta 2011. urtean inplikautako alde guztiakaz (Aldundia, Abanto-Zierbenako, Ortuellako eta Trapagarango udalak eta abeltzainak) lanerako edegi zan mahaia barriro aktibetako eskatu dabe, “erakunde koordinatzaile neutral” batek Trianoko mendietako larrak eta inguruko ganerako aisia- eta jolas-jarduerak kudeatu daizan.