ALDUNDIAK "HIRU HILEAN BEHINGO" KONTROLAK EZARRI DITU AGINTALDIKO BIZKAIA EGITEN PLANA EBALUATZEKO
- Elixabete Etxanobe Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak, legegintzaldi honetako ibilbide-orriaren jarraipenaren eta ebaluazinoaren kontrolaren inguruan erantzun deutso Elkarrekin Bizkaiari Bizkaiko Batzar Nagusietan
(Bilbon, 2021eko garagarrilaren 29an) Aldundiak “hiru hilean behin” egiten dau bere agintaldiko planaren kontrola, Elixabete Etxanobe Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan Elkarrekin Bizkaiak egindako galderei erantzunez baieztu dauenez.
Foru-erakundeak Bizkaia Egiten planaren “jarraipena egiteko sistematika argia” jasoten dau. Diputatu Nagusiaren Kabinetearen esku dagon Estrategia Digitalaren eta Korporatiboaren Kabineteak koordinetan dau, foru-sailetako “talde teknikoek” egiten daben informazino-txostenaren bidez. Informazino hori “urtero” argitaratzen da foru gobernuaren gardentasun-kanalean. Foru Gobernuaren politiken “barri emotea” dakar, “informazino argiagaz”, eta zerbitzu publikoaren “ardurea” da, “Gobernuaren ekintza neurtzen eta erabagiak hartzen laguntzen dauelako”, nabarmendu dau Etxanobek.
Diputatuak gogorarazo dauenez, Aldundiak, Garapen Jasangarriko Helburuakaz (GJH) bat datozan 120 jarduketa ezarten ditu Bizkaia Egiten bere estrategian; ekintza horreek hiru ardatzen inguruan egituratzen dira (kostaldea, itsasadarra eta Bizkaia berdea) eta lau esparrutan gauzatzen dira: enpleoa eta jarduera ekonomikoa sortzea eta hobetzea, personak eta aukera-bardintasuna, mobikortasuna eta jasangarritasuna, eta kudeaketa modernoa eta edegia.
Israel Escalante Elkarrekin Bizkaiako ordezkariak zalantzan jarri dau barne kontrol hori, eta horren atzean lan hori egiten dauen aholkulariren bat ete dagon galdetu deutso diputatuari. Modu berean, kexau egin da “2020ko abenduko” datea dauen azkenengo txostenean ez dagolako 2030 Agendaren ganeko aitamenik, ezta “GJHak beteten diran ala ez” be ez dalako aitatzen. Etxanobek azpimarratu dauenez, agintaldiko planaren betete-mailaren kontrola baliabide “propioakaz” gauzatzen da.
87/2021 FORU DEKRETU ARAUEMOILEA
Bilkura berean, diputatuak iragarri dau Bizkaiko Foru Aldundian xedapen orokorrak egiteko prozedura arautzen dauen 87/2021 Foru Dekretu Arauemoilea “urriaren 18an” sartuko dala indarrean, eta, 23. artikuluan oinarrituta, Batzar Nagusietako taldeei arau-dokumentazino “osoa” bialdu behar jakela, bai foru-arauakaz jasoten dana, bai foru-dekretu arauemoileetan jasoten dana. Arantza Urkaregi EH Bilduko batzordekidea pozik agertu da aldaketa horregaz, izan be, bere taldeak “askotan” eskatu behar izan ditu testu arauemoileakaz batera doazan txostenak.
Beste puntu batean, dekretu barriari jagokonez, Urkaregik Aldundiari eskatu deutso justifika daiala, gitxienez, zergaitik ez diran sartu generoaren araberako eraginaren aurretiazko ebaluazino-txostenak zenbait testu arauemoiletan. Etxanobek argitu dauenez, txosten horreek Foru Gobernutik datozan proiektu eta dekretu arauemoile “guztietan” sartzen dira, transposizinokoetan izan ezik, ez daukagulako horreetan “arautzeko eskumenik”. Txosten horreek ez egoteak ez dau esan gura dekretuaren idazketan “akatsa” dagonik, “arauen ganeko teknika kontua da”.
AHOLKULARITZA-ENPRESAKAZ EGINDAKO KONTRATUEN ZENBATEKOAK
Beste alde batetik, Aldundiak eta foru-erakundeek 2011. urteaz geroztik aholkularitza-enpresakaz dituen “lizitazinoen” zenbatekoaren ganean Elkarrekin Bizkaiak ahoz egindako galderari erantzunez, diputatuak urtez urte zerrendatu eta kuantifikau ditu kontratazino horreek Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako Batzordean, kontratu txikiak zenbaketan sartu barik.
Foru Gobernuagaz egindako lizitazinoei jagokenez, “BEZagaz” esleitutako zenbatekoak 2014ko 266 milioien eta igazko 371 milioien artean dagoz. Foru-erakundeek esleitutakoei jagokenez, zenbatekoak txikiagoak dira: 2014ko 417.000 euro baino gehiagotik hasi eta eta 2019ko 1,4 milioi baino gehiagora. 2021ean, orain arte, Aldundiak “164.477.365 euroko” lanak esleitu deutsez aholkularitza enpresei, eta foru erakundeek 130.680 eurokoak. Hori bai, 2020an, foru erakundeek “27.827.430 euroko” balioa euken kontratuak esleitu ebezan.