Aurreko Albisteak

BATZAR NAGUSIEK EZ DABE ONARTU HONDARTZETARA DOAZAN ZERBITZUEN MAIZTASUNA HOBETZEA ETA ORDUTEGIA GAUEKO 10AK ARTE LUZATZEA

  • Bizkaiko Batzarretako Garraio eta Mugikortasun Jasangarrirako batzordeak ez dau onartu Gernikatik eskaintzen dan Bizkaibuseko anezka-zerbitzua Ispasterrera eta Eara zabaltzeko eskatzen eban EH Bilduren arauz besteko proposamena

(Bilbon, 2021eko garagarrilaren 20an). Bizkaiko Batzar Nagusiek ez deutsie Bizkaibusek hondartzetara eskaintzen dituan maiztasunak hobetzea eskatu beharko Aldundiari, ezta lurraldeko hareatzaren bategaz lotzen daben zerbitzuen ordutegiak gaueko 10ak arte luzatzea be. Eskaera horreek EH Bilduren arauz besteko proposamen batean jasoten ziran, eta Busturialdeko eta Lea Artibaiko eskualdeetarako garraio publikoa hobetzeko eskaeraren bat be jasoten zan. Bizkaiko Batzarretan gehiengoa daukien Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek atzera bota dabe proposamena. Elkarrekin Bizkaia taldeak ekimenaren zati bat babestu dau eta Talde Berezia-PPB taldea abstenitu egin da.

Koalizino abertzalearen berbetan, Bizkaiko hainbat udalerritan garraio “arazo” bat dago hondartza egunetan, Bizkaibusek eskaintzen dauen zerbitzuak “maiztasun txikia eta oso ordutegi mugatuak” ditualako. Zigor Isuskizaren berbetan, “preminazkoa” da “erabagi bat hartzea”, hondartzen denporaldia bagilaren 1ean hasi zalako eta Lea Artibaiko eta Busturialdeko udal batzuk Aldundiagaz hartu emonetan jarri diralako hainbat hondartzarako soluzinoak bilatzeko, Lagan, Laidan edo Kanalan, besteak beste. Zerbitzua indartu ezkero, “aparkalekuen arazo larriak arindu egingo litzatekez”.

EH Bilduren ekimenak, ekimena modu bereizian bozkatzea eskatu dauen Elkarrekin Bizkaiaren babesa izan dau. Bertan, lehenik eta behin, hondartzetarako Bizkaibus zerbitzua “gitxienez, 22:00ak arte” luzatzea eskatzen zan. Bigarrenik, Bizkaibuseko maiztasunak oro har hondartzetara “jente gehien joaten dan orduetan” hobetzea eskatzen zan. Eta, azkenik, hirugarren puntu batean, Gernikatik Ispasterrera eta Eara eskaintzen dan Bizkaibuseko anezka-zerbitzua luzatzeko eskatzen zan.

Talde morea ez dago ados hondartzetatik itzultzeko zerbitzua orokorrean gaueko 10ak arte luzatzeko eskaereagaz, ez dabelako hori beharrezko ikusten linea guztietan. Emilio Lobato batzordekidea bat etorri da koalizino abertzaleagaz, eta esan dau uda heltzen danean arazoak “oso nabarmenak” dirala kostaldeko beste leku batzuetan. Bizkaiko hainbat kalatan zerbitzua indartzeak trafikoa, aparketearen arazoa eta erabiltzaile asko ibilgailu pribaduetan iristeak sortzen dauen kutsadurea “murriztu” egingo leuke.

Beste alde batetik, Foru Gobernua eusten daben Batzarretako Taldeek esan dabe ez dagola zerbitzua indartzeko beharrik, autobusen ordutegiak “azterketa teknikoetan” oinarrituta ezarten diralako. Jose Alberto Alvarez Castejon Sozialistaren eretxiz, egun askotan meteorologiaren menpe dago, eta hori aurreikustea “gatxa” da. Ikerketen arabera, barriz, gaueko 9etatik aurrera hondartzetako garraio-eskaria “txikiagoa” da. Ispasterrerako eta Earako zerbitzua hobetzeari jagokonez, udalerri biek Bizkaiko antzeko beste udalerri batzuen “pareko” ordutegiak ditue.

Batzuetan, “salbuespenen bat egon daiteke”, baina ordutegiak azterketa teknikoetan oinarrituta dagoz, Unai Lerma jeltzalearen berbetan. Ganera, Gobernuko kideakaz bat egin dau, eta esan dau eguneko azken orduetan zerbitzua zabaltzea ez dagola “justifikauta”; izan be, “zerbitzu gehienak gaueko bederatzi eta erdiak aldera amaitzen dira” eta “bidaiari gitxien dituenak izaten dira”.

Beste alde batetik, Talde Berezia-PPB taldeko batzordekideak (abstenidu egin da) uste dau pandemia agertzearen ondorioz jenteak garraio publikotik “iges” egiten dauen garai batean eskaintza zabalagoa eskatzea “kontraesana” dala. Eduardo Andrade popularra kexau egin da udan Bizkaiko hondartzetan “aparkalekuak kentzen” aritzen diran udalak dirala eta.

ALDUNDIARI EGINDAKO GALDERAK

Beste alde batetik, Bizkaibusen bizikleten erabileraren inguruan EH Bilduk egindako galdera bati erantzunez, Miguel Angel Gomez Viar Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko foru diputatuak bizikletagaz bidaiatzeko araudia argitu deutse taldeei. Aireporturako autobusetan, ibilgailu artikulauetan eta “ataripea” daukien uriarteko autobusetan eroan daiteke, baina, oro har, ezin da bizikleta plataformara igo, barruko espazioak hartzen ditualako, eta, ondorioz, garraioaren eukierea murrizten dauelako, eta, batez be, istripu bat gertatu ezkero segurtasun bako elementu bihurtzen dalako.

Bestalde, ahozko beste erantzun-eske baten bidez, Talde Berezia-PPBk Basurtuko Auzo Elkartearen eskaera helarazo dau; Bilboko Autonomia kaleko 63. zenbakiko geltokian autobuserako markesina bat jartea eskatzen da, izan be, puntu horretan ibilgailu bereziak eta eskolako garraioa be gelditzen dira. Diputatuak azaldu dauenez, eskaerea, geralekua baimentzeko eskumena daukan Bilboko Udalari egin behar jako. Puntu horretan, diputatuak azaldu dau ez dagola Bizkaibuseko bezeroentzako itxaroteko altzaririk, autobusek puntu horretan bidaiariak “itzi” baino ez dituelako egiten, eta “ez dalako inor autobusera igoten”.

Bilbo-Gasteiz lineako autobus-zerbitzuaren eskaintzan izan diran eta erabiltzaileek “behin eta barriro” salatu daben “murrizketaren” ondorioz, Popularrek horretarako errazoien eta arazoa konpontzeko hartu gura diran neurrien inguruan galdetu dabe. Bagilaren 28an, uda zala eta maiztasuna aldatu zanean, bidaiariak lurrean geratu ziran, diputatuak onartu dauenez, baina egoerea hurrengo egunean konpondu zan. Diputatuak adierazo dauenez, lineak bere bidaien “ia erdia” galdu dau aurtengo lehenengo seihilekoan, 2019ko epe beragaz alderatuta.