GERNIKAKO BATZAR ETXEAK, BISITAK ERREGULETAKO ETA EUKIEREA KONTROLETAKO DOBAKO SARRERA-SISTEMA DIGITALA ESTREINAU DAU
- Batzar Nagusien egoitzaren barrualdea ezagutu gura dabenek sarrera digitala eskuratu beharko dabe jjggbizkaia.eus webgune instituzionalean edo Bizkaiko Batzarretako sarreran jarritako totem batean.
- Gaurtik, astelehenetik, aurrera, erreserbak online egin daitekez, eta bihar, martitzena, uztailaren 20a, beharrezkoa izango da sarrerea eukitea Gernikako Batzar Etxera sartzeko.
- Bizkaiko Batzar Nagusien eraikin barruko lekuak ezagutzeak dobakoa izaten jarraituko dau; dana dala lorategi-ingurua tiket hori barik bisitau ahal izango da.
- Pandemia eta osasun-neurriak dirala eta, orain arte Batzar Etxearen barruko guneak itxi egin behar izan dira, baina ez Gernikako Arbolea dagon kanpoko eremua.
(Gernikan, 2021eko garagarrilaren 19an). Bizkaiko Batzar Nagusiek, Gernikako Batzar Etxea bisitetako sarbidea online kontroletako sistema bat instalau dabe. Gaurtik aurrera erreserbak online egin daitekez. Bihartik aurrera Batzar Nagusietako egoitzea bisitetea erabagiten dabenek QR kodea daukan online sarrera bat eskuratu beharko dabe, ezelango kostu barik, Batzar Etxeko gune interesgarrienetara sartzeko. Helburua, lurraldeko arkitektura-moltso bisitauenetako bat dan foru egoitzaren barruan personen joan-etorria antolatzea eta eukierea mugatzea da.
Sarbide-sistema elektroniko barriak Bizkaiko Batzarretara sartzen diran persona kopurua eta barruan egiten daben denporea kontrolauko ditu. Bisitariek gehienez 45 minutu izango ditue bisitea egiteko. Modu berean, orduko 22 lagunentzako eukiera mugea egongo da, eta noranzko bakarreko ibilbide batek ordenauko dau personen joan-etorria foru egoitzaren barruan; ibilbide hori osoko bilkuren aretoan hasi eta Gernikako Arbolan amaituko da, Batzar Nagusietako beste instalazino batzuetatik igaro ostean (Beiratearen Aretoa, liburutegia, lehendakariaren bulegoa…).
Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak aurkeztu dau gaur goizean tiketing sistemea, eta, azpimarratu dauenez, pandemiak foru egoitzako gune batzuk ixtera behartu dau, osasun errazoiak dirala eta. Pandemia indarrean egon dan denpora hori baliagarria izan da sarbide-formula bat diseinetako, prestetako eta instaletako, “Bizkaiko txoko bisitauenetako bat ezagutzera hurbiltzen diran personen kontrol handiagoa izateko. Bizkaiko hirugarren esparru historiko-kultural bisitauena da, Guggenheim eta Arte Eder museoen atzetik. Bisitarientzat erosotasun eta segurtasun plusa izango da.”
Sartzeko tiketa Batzar Nagusien webgunearen bidez eskuratu ahal izango da, “home” atariko atal nabarmen batean edo foru-eraikinaren sarreran bertan dagon totem batean. Batzar Etxearen barruan be informazino-panelak eta QR kodeak instalau dira, aretoen eta ondare-elementuen azalpen zehatzakaz. Bost hizkuntzatan kontsultatu ahal izango dira (euskeraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez eta alemanez).
Sistemak Gernikara gerturatzeko eguna eta ordua aukeratzeko aukerea emongo deutso bisitariari, Datuak Babesteko Legeak ezarten dauen moduan tratauko diran datu pertsonal batzuk sartu ostean. Banakako edo taldeko sarrerea, paperean inprimiduta edo gailu mobikor batean deskargauta, daukien personek, aukeratutako orduko lehenengo 15 minutuetan joan beharko dabe hitzordura, sartu gura badabe. Joaten ez badira, sarrera libre geratuko da beste persona bat sartu daiten.
Gernikako Batzar Etxea Bizkaiko eraikin bisitauenetako bat da. 2019an, erregistro osoa egin zan azkenengo urtean, 162.675 personak bisitau eben Euskadiko demokraziaren eta askatasunen sinboloari babesa emoten deutsan Gernikako Arbolea, hau da, aurreko urtean baino % 7,2 gehiago. Bisitarien heren bat atzerritarrak izan ziran, baina gehienak beste autonomia erkidego batzuetakoak izan ziran, batez be Kataluniakoak (19.123), Madrilgoak (15.286) eta Andaluziakoak (11.812). Bizkaiko Batzar Nagusiak euskal herritarren artean be erakargarriak dira, ia 30.000 sarrera lurralde historikoetakoak izan ziralako. Esan daiteke urte horretan Bizkaia bisitau eben hamar turistetatik bat (1.613.185 sarrera, Bizkaiko Aldundiaren Turismo Behatokiaren arabera) Gernikako Batzar Etxera joan zala, eta horrek gure Batzar Nagusien egoitzak jentea erakarteko daukan ahalmen handia erakusten dau.