REMENTERIAK ESAN DAUENEZ "GUZTIEK BAZTERTU DABE ZEOZER ETA GUZTIEK IRABAZTEN DABE" EKARPENEN LEGEAREN GANEKO AKORDIOAN
- Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak agerraldia egin dau Bizkaiko Batzar Nagusietan, Eusko Jaurlaritzari ekarpen ekonomiko handiagoa egingo deutson Ekarpenen Lege barria onartzeko lortutako akordioa azaltzeko
- Talde Berezia-PPBk esan dau Bizkaia “galtzen” aterako dala, “baliabide global gitxiago” izango ditualako. Elkarrekin Bizkaiak aukeratutako metodoa kritikau dau, “ez dalako oso gardena eta antidemokratikoa dalako” eta “beheranzko ziklo ekonomikoetan udalen finantziazinoa murriztu” egingo dala uste dau. Eta EH Bilduk informazino gehiago eskatu dau, udalen finantziazinoa “bermatzen” ez dauen “funtsezko aldaketa bako” akordio baten erespide teknikoak ezagutzeko.
(Bilbon, 2021eko garagarrilaren 16an). Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia Bizkaiko Batzar Nagusietan izan da gaur, Euskadiko erakundeen artean Ekarpen Legea eguneratzeko lortutako adostasuna azaltzeko. Eusko Legebiltzarrean onartu ezkero, Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiek eta udalek erreferentziazko esparru egonkorra eukiko dabe datozan bost urteetarako aurrekontuak egiteko. Batzar Nagusietako taldeen aurrean berak erabagita egindako agerraldian, Rementeriak azpimarratu dau ez dala “aldaketa sakonik izan”, Bizkaitik eskatzen zan moduan, eta azpimarratu dau akordioagaz “guztiek baztertu dabela zeozer eta guztiek irabazten dabela”. Legeak lehenengo aldiz sartzen dau “toki mailaren ikusgaitasuna”, eta hori ez zan beren beregi jasoten hamarkada batez luzatu dan 27/83 Legean.
Aldaketen funtsezko elementu moduan, Rementeriak honeek aitatu ditu: Eusko Jaurlaritzak bere gain hartutako eskumen barriei erantzuteko koefiziente bertikalak eguneratzea (% 70,04tik % 70,81era); toki-erakundeentzako gitxieneko finantzaketea bermatzea (gitxieneko % 39,23ko ehunekoa); eta lurraldeen arteko koefiziente horizontalak kalkuletako metodologia finkatzea. Ildo horretan, hiru aldundiek uste dabe gaur egun indarrean dagon legean jasotako metodologia egokia dala, lurralde bakotxeko BPGaren eta esfortzu fiskalaren arteko erlazinoan oinarritua. Bizkaiaren kasuan % 50,19koa da.
Alderdi horreen artean, aitatutakoez gain, Egokitzapenerako Funts Orokorra % 1,45eraino igo izana, Eusko Jaurlaritzak Gizarte Zerbitzuen Funtsari 15 milioi gehiago emon izana eta Energia Elektrikoaren Ekoizpenaren ganeko Zergaren bilketea koefizienteetara egokitzea baztertu izana be azpimarratu ditu, doikuntzaren mende egoan zuzeneko zerga bakarra, batez be Bizkaian jasoten dana.
Emondako datuen ostean, Batzar Nagusietako oposizinoko taldeek aurreakordioa kritikau dabe. Amaya Fernandez PPBren bozeroalearen ustez, “Bizkaiak galdu egin dau eta ez dauka lidergorik”, eta “agerian geratu da Foru Gobernuak bizkaitarren interesak defendiduteko daukan ezintasuna”. Bizkaia “lehen baino okerrago geratzen da”, haren berbetan; izan be, Eusko Jaurlaritzara “baliabide gehiago” bideratuko dira, haren aldeko koefiziente bertikala ia 8 hamarren igon dalako, eta horizontalak, barriz, % 50,39an jarraitzen dau.
Beste alde batetik, Elkarrekin Bizkaiak akordioa lortzeko aukeratutako modua kritikau dau. “Gardentasun gitxi, opakutasuna edo metodo antidemokratikoa” berbak erabili ditu Israel Escalante batzordekideak, eta “herritarren parte-hartze handiagoa” eskatu dau, eta baita beste baremo batzuk be, ez BPGa bakarrik, lurralde bakotxaren ekarpenaren ehunekoa kalkuletako. Halaber, uste dau lege barriak “beheranzko ziklo ekonomikoetan udalen finantzaketea murriztuko” dauela.
EH Bilduk uste dau udalek ez dabela negoziazinoetan parte hartu eta Eudelen ez dala erabateko adostasunik egon, Dirubideen Euskal Kontseiluak atzo akordioa aho batez berretsi eban arren. Arantza Urkaregi batzordekideak “baliabide gehiago” eskatu deutsez udalei, eta “erespide teknikoak” ezagutu gura izan ditu informazino gehiago izateko; izan be, “akordioak lortzeko garaiz gagoz”: Azken emaitzaren inguruan “Bizkaiko EAJk irabazten dauela” ikusten dau.
Beste alde batetik, Foru Gobernua babesten daben talde biek balioa emon deutsie akordioa lortzeko egindako ahaleginari; izan be, “albiste ona da udalentzat” eta Eusko Jaurlaritzak “10 milioi euro gehiago” emongo ditu gizarte zerbitzuak finantzetako, Jose Alberto Alvarez Castejon sozialistak nabarmendu dauenez. Bestalde, Jesus Lekerikabeaskoa bozeroale jeltzaleak esan dau erakunde “guztiek” ontzat emon dabela akordioa, eta horrek ez dauela “funtsezko aldaketarik” ekarri, aurreko legea “hain txarra ez” zala adierazota.
Agerraldia amaitzeko, ahaldun nagusiak, PPk alde batetik Bizkaia galtzen ari dala esateak eta, bestetik, EH Bilduk Bizkaiko EAJk irabazten dauela esateak “kontraesana” dala azaldu dau. Lurralde baten errentea eta esfortzu fiskala zehazteko baremorik fidagarriena BPGa dala argitu ostean, “kontua ez da irabazleak edo galtzaileak ezartea”, adierazo dau. Foru Gobernuko arduradun nagusiak Ekarpenen Legeak maila instituzional bakotxean daukan garrantzia azpimarratu dau, Gasteizko Gobernuarentzat batez be. Banatu beharreko diru-sarrerek Eusko Jaurlaritzaren gastuen “% 92,5”, foru-aldundien “% 86,2” eta toki-erakundeen “% 49,5” finantzetan ditue. Horrek esan gura dau “hori barik, Eusko Jaurlaritzak ezin dauela bizi” eta tokiko erakundeek finantziazino gaitasun “oso garrantzitsuak” dituela.
ARAUZ BESTEKO PROPOSAMENA
Beste alde batetik, batzordeak atzera bota dau Elkarrekin Bizkaiaren arauz besteko proposamen bat, Aldundiari bere proiektu barrietan (Energy Intelligence Center, Nagusi Intelligence Center, Bay of Biscay, Bay of Care, Bizkaia Talent, Bike Intelligence Center) lurraldeko hizkuntza koofizialak erabili daizala eskatzeko, “gero bere argitalpenak, informazinoak edo azterlanak modu estrategikoan erabilten dituanean beste edozein hizkuntzatara itzultzeko aukerea baztertu barik”. Ekimenak Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Talde Berezia-PPB alderdien kontrako botoa eta EH Bilduren abstentzinoa jaso ditu.