Aurreko Albisteak

BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK ETORKIZUNEKO GARRAIO PUBLIKOA DEFINIDUTEKO AZTERKETA-BATZORDE BAT SORTZEA ONARTU DABE

  • Osoko bilkurak aho batez onartu dau Bizkaiko Garraioaren 2018-2028ko Plan Estrategikoaren eukia aztertzeko batzorde berezi bat sortzea.

  • Bizkaiko Batzar Nagusiek Europako zenbait zuzentaraura egokitu dabe zerga-araudia, merkataritza elektronikoaren salmenten BEZari jagokonez.

  • Osoko bilkurak, aholkularitza-enpresen kartelaren kasua dala eta Aldundiak barruko ikerketa bat edegi daian EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak aurkeztu dituen mozinoak baztertu ditu.

(Gernikan, 2021eko garagarrilaren 14an). Gernikan gaur egin dan ikasturte politikoko Bizkaiko Batzar Nagusien azkenengo osoko bilkurak, aho batez onartu dau, “Bizkaiko Garraioaren Plan Estrategikoa 2018-2028” izeneko lan-dokumentua aztertzeko azterketa-batzorde bat sortzea. Foru Aldundiko Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Departamentuak joan dan martiaren 29an aurkeztu eutsen Batzar Nagusietako taldeei.

Foru Gobernua babesten daben talde biek –Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak– proponidu dabe batzorde hori sortzea, Batzar Nagusietako taldeek eta beste gizarte- eta enpresa-eragile batzuek plan horri “ekarpenak” egiteko aukera izan daien. Helburua garraio publikoaren ahalik eta eredu onena barriro definidutea da, eta, horretarako, batzordeak osoko bilkurari erespen bat aurkeztu beharko deutso bere ondorioakaz, eratzen danetik sei hilebeteko epean.

Azterlanak lurraldeko garraio publikoaren egungo egoeraren diagnostikoa egiten dau, hiru ikuspegitatik: ekonomikoa, teknikoa eta juridikoa. Bizkaiko Garraio Partzuergoak proponiduta, kanpoko aholkularitza enpresa batek egin dau txostena, eta garraio mota guztien gabeziak, gainjarteak edo bikoiztasunak aztertzen ditu, baina “ez dau Foru Gobernuaren erespidea islatzen”, bultzatzaileek azaldu dabenez.

Oposizinoko taldeek “atsegin handiz” jaso dabe lantalde horren sorrera, izan be, plana “beharrezkoa eta lehentasunezkoa da garraio publikoaren egungo egoerea kontuan hartuta”, esan dau Emilio Lobato Elkarrekin Bizkaia taldeko kideak, eta eragile sozialek azken dokumentua “aberasteko” “aukera ona” dala esan dau. EH Bilduk, plana “oso berandu” iritsi dala kritikau ostean, batzordeagaz bat egingo dau “txartel bakarra, bizikletea –planeko ahaztu handia–, genero-ikuspegia edo garraio publikoaren optimizazinoa eta hobekuntzea” gaiakaz lotutako “ekarpenak” eginez, Raul Mendezek aurreratu dauenez.

MERKATARITZA ELEKTRONIKOAREN BEZ-A

Bizkaiko Batzar Nagusiek, Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak, Elkarrekin Bizkaia eta Talde Berezia-PPB taldeen aldeko botoakaz eta EH Bilduren abstentzinoagaz, foru araudia apirilaren 27ko 7/2021 Errege Lege Dekretura egokitzeko Foru Dekretu Arauemoilea onartu dabe. Errege Lege Dekretua, balio Erantsiaren ganeko Zergari (BEZ) buruzko hainbat betebeharren inguruan Europako zuzentarau batzuk (2017/2455 eta 2009/132) txertatzera etorren.

Batzordeak legegintza-proposamen bat aurkeztu eban 2016. urtearen amaieran, mugaz gaindiko merkataritza elektronikoaren BEZa modernizetako eta sinplifiketako. Proposamen horren oinarriak honeek ziran: urrutiko salmenten Batasunaren araubidea erreformetea, telekomunikazino-, irrati- eta telebista-zerbitzuei eta bide elektronikoz emondakoei aplikatu beharreko leihatila bakarraren mekanismoa zabaltzea, eta Batasuneko eta Batasunetik kanpoko hornitzaileentzako tratu- eta tributazino-bardintasuna.”

ONARTU EZ DIRAN MOZINOAK

Beste alde batetik, osoko bilkurak oposizinoak aurkeztutako bost mozino baztertu ditu. Talde Berezia-PPBk hainbat neurri defendidu ditu mozino berean (erreforma fiskala, industria-eredua aldatzea, enpresak sortzeko arau-esparru barria eta peajeen politikea aldatzea), Bizkaia inbertsinorako eta jarduera ekonomikorako “erakargarriagoa” izan daiten. Hainbat errazoirengaitik, proposamenak ez dau Batzar Nagusien babesik jaso.

Beste alde batetik, Elkarrekin Bizkaiak mozino bi ekarri ditu osoko bilkurara. Batean, talde moreak aholkularitza enpresen kartela moduko kasuak saihesteko neurriak hartzea defendidu dau, izan be, gai horrek zigor ekonomiko handiak eragin ditu Aldundiarentzat lan egin daben aholkularitza enpresetan. Hori dala eta, EH Bilduk bere mozino propioa aurkeztu dau.

Talde morearen ekimenean, besteak beste, honeek eskatzen jakozan Aldundiari: barruko ikerketa bat hastea, “probautako iruzurra” euki daben lizitazinoetan aurkeztutako lanak erabilteari iztea, eta zehatutako enpresak auzitara eroatea. Talde Berezia-PPBk 2018ra arteko foru-kontratazinoen “probautako 14 egitateen” errepasoa egin dau. Azken horreek Merkaduen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren (MLBN) ebazpenean adierazoten dira.

Beste alde batetik, EH Bilduren mozinoan be barruko ikerketa bat eskatzen zan, Bizkaiko foru sektoreko erakundeen balizko inplikazinoa ezagutzeko eta zehatutako aholkularitza enpresakaz kontratu txikiak saihesteko. Koalizino abertzaleak foru kontratazino publikoa aldatzeko proposamena egin dau, Aldundiko beharginak lizitazinoez arduratzeko eta kontratazinoak prozedura edegiaren bidez eta lan baldintza “duinak” bermatuko dituen klausula sozialakaz egiteko.

Ekimen biak baztertuta geratu dira, jeltzaleek eta sozialistek kontrako botoa emon dabelako. Talde horreek biek kritikau egin dabe funtzionario batzuek zehatutako enpresakaz adostasun-delitua egin izana adierazotea, CNMCren ebazpenetik “Aldundiaren aldetik ezelango anomaliarik ondorioztatzen ez danean”. Lehiaren “gaitzespenak” enpresei eta Administrazinoari eragiten deutse.

Barruko ikerketa bat martxan jarteari jagokonez, talde biek “zuhurtzia” eskatu dabe, lehiak gaia ikertu dauen arren prozesua “ez dalako amaitu”. Estaduko Kontratazinoaren Aholku Batzordea da orain zehatutako aholkularitza-enpresek etorkizuneko lehiaketa publikoetan parte hartzearen ganean ebatzi behar dauena. Eta kontratazino publikoaren gaur egungo mekanismoa defendidu dabe, prozedura edegia dalako Aldundian “gehien erabilten dana”.

URDAIBAIKO GUGGENHEIM ETA HIDROGENOA

Modu berean, beste mozino baten bidez, Urdaibaiko Guggenheim museoa handitzeko etorkizuneko proiektua Bizkaikoa enpresa-erakunde publikoaren barruan integretea eta proiektuaren lan akademiko eta ikerketa ardatzen kudeaketea, “modu esklusiboan”, EHUren esku egotea defendidu dau Elkarrekin Bizkaiak. Ekimenean Busturialdea-Urdaibai eskualdeko udal “guztiek” proiektuaren erabagietan parte hartzea eskatzen da.

Foru Gobernua babesten daben taldeek, barriz, ekimen pribaduagazko “lankidetzaren bidearen” alde egin dabe, eta, kasu honetan, “ez dabe arazorik ikusten Guggenheim Fundazinoagaz batera joateko”. Ez dabe posible ikusten Bizkaikoak erakundeak proiektua kudeatzea, erakunde hori “guztiz” Aldundiaren esku dagozan museoez arduratzen dalako. Udalen parte-hartzeari jagokonez, “hori egiten ari dira eta egiten jarraituko da”, adierazo dau Jesus Lekerikabeaskoa bozeroale jeltzaleak.

Azkenik, EH Bilduk etorkizuneko energia-proiektu handien agendan dagon gaietako bat ekarri dau Batzar Nagusietara: hidrogenoa. Mozinoan, Aldundiari 6 hilebeteko epean bakarrik hidrogeno berdean oinarritutako Plan Estrategiko bat egiteko eskaria egitea eskatzen zan, eta eragile ekonomiko, sozial eta politikoakaz prozesu “parte-hartzaile” bat martxan jarteko, plan hori egiteko eta adosteko.

Foru Gobernua babesten daben taldeentzat plan hori daborduko existiduten da –Hidrogenoaren Euskal Estrategia–, eta gaur egun “112 erakunde publiko edo pribaduk” parte hartzen dabe bertan, “34 proiektugaz”, “1.300 milioi euroko” inbertsinoagaz eta “1.340 lanpostu zuzen” sortuz, Jesus Maria Ortiz sozialistak azaldu dauenez. Fase “mailakatu” bat egongo da, hidrogeno % 100 berdea lortzeko azken helburura iritsi arte.