Aurreko Albisteak

FORU ALDUNDIAREN VI. BARDINTASUN PLANAK EMAKUMEEK "ABIAPUNTUKO BALDINTZA BERBERAK" EUKITEA BERMATU GURA DAU

  • Teresa Laespada Enplegu, Gizarte Inklusio eta Berdintasunerako foru diputatuak 14 programa, 32 helburu eta 150 neurri biltzen dituan lau urterako bardintasunezko jarduketa-plan bat aurkeztu dau Bizkaiko Batzar Nagusietan

(Bilbon, 2021eko garagarrilaren 13an). Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Kontsejuak bagilaren 30ean onartu eban Bizkaiko Emakumeen eta Gizonen Bardintasunerako seigarren Plana (2021-24), eta gaur Teresa Laespada Enplegu, Gizarte Inklusio eta Berdintasunerako foru diputatuak Batzar Nagusietako taldeei aurkeztu deutse Bizkaiko Batzar Nagusietako batzorde batean. 119 orrialdeko dokumentu luzeak jarraipena emoten deutse eremu horretako foru-jarduketei azkenengo hamarkada bitan, eta datozan lau urteetarako, 14 programa, 32 helburu eta 150 neurritan zehaztutako “ibilbide-orri” bat ezarten dau. Programak lau ardatzetan egituratzen dira: Gobernu ona, ahalduntze feminista, bardintasuna garapen jasangarrian eta indarkeria matxista bako bizitza.

Laespadak 2000. urtean, lehenengoa onartu zanetik, bardintasun politiketan egindako foru ibilbidearen errepasoa egin dau. Bide horrek gaur aurkeztutako seigarren planagaz jarraitzen dau. Erreferentzia nagusia, parte-hartze prozesu “luze” baten ostean Bizkaiko Batzar Nagusietan onartutako Emakumeen eta Gizonen Bardintasunerako 4/2018 Foru Araua da.

Seigarren plana, aurreko planak ebaluetako prozesuaren, egoeraren diagnostikoaren eta egungo egoeraren azterketaren emaitza da. Enplegu, Gizarte Inklusio eta Berdintasuneko Foru Sailak bultzatuta, Foru Aldundiko beharginek eta emakumeen alkarteek hartu dabe parte, Bizkaiko Emakumeen Partaidetzarako Kontseiluaren bitartez.

Bizkaiko Foru Aldundiak bardintasunaren arloan gauzatzen dituan ekintzen eta politiken abiapuntua desbardintasuna “egiturazkoa” dala da, eta beharrezkoa dala egitura hori apurtzea eta emakumeek “abiapuntuko baldintza berberak” izatea eskubideak, boterea edo baliabideak eskuratzeko orduan, eskubide horreek baliatzeko eta kontroletako beharrezkoak diran baldintzez gozetako legitimazinoa be badaukiela ahaztu barik. Beraz, aurreko ekimenetan moduan, Bardintasunerako seigarren Foru Planak “Bizkaian emakumeen eta gizonen arteko benetako bardintasun eraginkorra lortzeko beharrezko baldintzak bermatu gura ditu”.

Hori egiteko orduan, Covid-19ak sortutako krisiak markautako egungo egoerea be hartu da kontuan, pandemiak eragin desbardina daukalako emakumeengan eta gizonengan. Datuek erakusten dabe emakumeek eta neskek arrisku handiagoa daukiela krisi honen ondorio negatiboen aurrean. Horregaitik, plan honetan larrialdiak aztertzeko beharra eta erakundeek eta adituek emoten dituen gomendioei erantzuteko beharra gehitu dira, egungo egoerak emakumeen eta gizonen arteko abiapuntuko desbardintasunak eragin ez daizan.

Planean adierazoten diran helburuetako batzuk honeek dira: konpromiso politikoa, genero-ikuspegia beharginen kudeaketan, lan-prozeduretan, lurralde-garapenean, sailen arteko eta erakundeen arteko koordinazinoa, emakumeen ahalduntzea maila indibidualean eta kolektiboan, mobimendu feministaren ahalduntzea, zainketen ekonomia feminista, emakumeen autonomia ekonomikoa hobetzea, ikerketa, koordinazinoa eta erreparazinoa sustatzea eta indarkeria matxistaren ganeko balioak aldatzea. Seigarren Foru Planaren plangintza EAEko emakumeen eta gizonen bardintasunerako seigarren planagaz lerrokatzeko, laneko lau ardatz ditu: Gobernu ona, ahalduntze feminista, bardintasuna garapen jasangarrian eta indarkeria matxista bako bizitza.

Batzar Nagusietako taldeek emakumeen eta gizonen bardintasuna lortzeko politika publikoak martxan jartea babestu dabe. Talde Berezia-PPBren ordezkariak adierazo dauenez, “behar bada emakumeak, hor kanpoan, ez dira hain pozik egongo” Foru Gobernuaren lanagaz, eta planak proponiduten dituan 150 neurriak kuantifiketako eskatu dau, “kontrol handiagoa” eroateko eta lana eta familia bateragarri egiteko neurri gehiago ezarteko. “Batez be horrek arduratzen gaitu”.

Elkarrekin Bizkaiako Eva Maria Cabornerok nabarmendu dau aurreko plana “ondo gauzatu” dala beste plan batzuakaz alderatuta, eta “% 88ra” heldu dala, Laespadak aurretik baieztu dauenez, eta dokumentuak jasoten dituan neurrien “epeak betetea zelan bermatuko dan” eta urtero planaren ebaluazinoak egin ahal izango diran galdetu dau. “Tarteko ebaluazino bat eta azkenean beste bat izango dira”, erantzun dau Laespadak.

EH Bilduk bosgarren eta seigarren planen artean igarotako denporea kritikau dau. Plana “berandu” heldu da; izan be, azken planaren aplikazinoa 2019an amaitu zan, eta “tartean”, politika sozialetan eragina izan dauen pandemia bat egon da. Arantza Urkaregi batzordekideak, ganera, ekonomia eta giza baliabide gehiago eskatu ditu sail batzuetako bardintasun politiketan, Gizarte Ekintzan, Ogasunean edo Kulturan, besteak beste, “programa gehienak” Laespadak zuzentzen dauen sailean daukielako eragina.

Foru Gobernua babesten daben taldeek –Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak– bat egin dabe seigarren bardintasun planaren onarpenagaz eta martxan jarteaz. “Desbardintasunakaz amaitzeko politika publiko guztiak zuzentzeko beharra partekatzen dogu”, esan dau Berta Campo sozialistak, eta “emakumeen ahalduntzean eta indarkeria matxistaren kontrako burrukan” aurrera egiten jarraitzeko “beste pausu bat” dala gaineratu dau.