Batzar Nagusiek arau aldaketak onartu ditue zortzi zergatan, horreen artean PFGZ, Soziedadeak eta Ondarea

Ekonomia eta Ogasuneko batzordea
Gaur, barikuan, alkartu dan Batzar Nagusietako Ekonomia eta Ogasuneko batzordeak, Bizkaiko Lurralde Historikoko zortzi zergaren eremuetan egindako hainbat tributu aldaketa eta zuzenketa tekniko onetsi ditu. Horreen helburua, batez be terminologiari eta argitalpenari buruzko gaiak konpontzea eta beste lege batzuakazko erreferentziak eguneratzea da.
Onartutako aldaketek zerga honeen Arauei eragingo deutse: Pertsona Fisikoen Errentarena, Soziedadeena, Ez Egoiliarren Errentarena, Ondarearena, Ondare Eskualdaketa eta Egintza Juridiko Dokumentauena, Aseguru Primena, Ondasun Higiezinena eta Ekonomi Jarduerena.
Aldaketa garrantzitsuen artean, apliketako eremua zabalduz, prozedura judizial baten barruan ohiko etxebizitzea saltzetik sortutako ondare irabazietarako PFGZ-ren salbuespena be sartzea azpimarratu behar da, zordunaren eta zordunaren berme-jartzailearen ohiko etxebizitzea ordainean emotearen balizkoa sartuz. Ganera, bananduta dagozan zergadunen familia etxebizitzea transmitiduteko balizkoetan berrinbertsinoarengatiko salbuespenaren onura zabaltzea be aurreikusten da, etxebizitza hori transmisinoaren aurreko urte bietan ohiko etxebizitzea izan ez bada be. Horretarako, beharrezkoa izango da senar-emazte ohiaren edo egitatezko bikotekide ohiaren, eta ondorengo moduan kuota deduziduteko eskubidea emoten daben ondorengoen ohiko etxebizitzea izatea.
Tokiko tributazinoaren arloan, doikuntza batzuk egin dira OHZ-ren eta EJZ-ren Foru Arauetan, modernizazinoa eragiteko, Bizkaiko Foru Aldundiaren interneteko gunearen bitartez higiezinen erroldan eta Zergaren matrikulan sartzeko egon daitekezan tresnei jagokenez, beti be Datuen Babeserako Lege Organikoan xedatzen dana errespetauz.
FORU OGASUNEKO ERAIKINAREN "OSASUNA"
Saio berean, José María Iruarrizaga Bizkaiko Ogasuneko Foru Diputatuak agerraldia egin dau, EH Bildu taldeak eskatuta, Basurtuko Kaputxinos kalean dagoan Ogasuneko eraikinean beharginen eta bertara joan daitekezan herritarren osasunerako “hautemandako” arriskuei buruzko azalpenak emoteko. Agerraldiak, bere egunean Bilboko Erakustazokea jaso eban higiezinaren “osasunari” buruzko eztabaidea sortu dau.
Beharginek eta sindikatuetako ordezkariek euren lantokiari buruz egin dituen salaketak jaso ostean, “higiezinak ‘eraikin gaixoaren’ sintoma guztiak dituala, eta ez dagoala Foru Ogasuneko saila jasotzeko prestatuta” adierazo dau Irune Soto EH Bilduko bozeroaleak.
Zehatzago esateko, Sotok, Sail horretako behargin batzuek salatu dituen hainbat arazo aitatu ditu. Hori dala eta, Osalan, Mutualia eta Lan Ikuskaritza lanean hasi dira, ikuskapenak eta azterketak eginez. Horreen artean, “bulegoen klimatizazino txarra eta maila arruntaren ganetik dagozan elektrizidade estatiko balioak dagoz”. Bozeroale abertzalearen eretxiz, “baldintza txar horreek dirala eta, osasun arazoak agertu dira Foru Ogasuneko lantaldearen barruan, lipoatrofiak, adibidez”.
Bere erantzunean, “ez dagoala ingurumeneko gabeziarik ezta inolako arriskurik beharginen eta bisitarien osasunerako” adierazo dau Ogasuneko diputatuak. Iruarrizagak azpimarratu dauenez, higiezinak “aldizkako neurketak eta kontrolak jasoten ditu espezializautako enpresen aldetik, instalazinoen egoera ona eta bertan behar egiten daben eta bertara doazan pertsonen osasuna eta laneko segurtasuna bermatzeko”. Aldizkako ikuskapen horreetako batean “maila arruntaren ganetik egoan onddo eta bakterio mailea hauteman zala” onartu dau, baina hori, klimatizazinoko hodi sarea garbituz “konpondu” egin zala esan gau. “Dana dala, pertsonak dagozan lekuetan ohikoak diran mikroorganismo patogenoak dira, eta ez dira arriskutsuak osasunerako”, esan dau Diputatuak. Ganera, Foru Ogasuneko eraikinean aurrera eroandako hobekuntzarako jarduketak gogoratu ditu, estalkia eta lurra aldatzea, egoan plastikozkoaren ordez flotagarria jarriz, eta klimatizazino sistema barria instalauz. Denpora gitxi barru eserleku barriak be erosiko dira.
FAEA-REN LEKU ALDAKETEA
EH Bilduk eskatuta, baita be, Iruarrizagak Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia-Administrazino Epaitegiko (FAEA) beharginak gaur egun, Hurtado de Amezaga kalean, Bizkaiko Batzar Nagusien administrazino egoitzan, daukien lantokitik, San Mamesen dagoan Foru Ogasuneko eraikinaren, aurreko agerraldiaren protagonistea izan danaren, hirugarren solairura eroateari buruzko informazinoa emon dau.
Ogasuneko diputatuak adierazo dauenez, Aldundiko 40 beharginengan eragina eukiko dauen leku aldaketa horren helburua “zerbitzuak zentretea, sinergiak batzea eta baliabideak errentabilizatutea” da. Leku aldaketarako, bulegoen behin betiko erosketea egin behar jako Eusko Jaurlaritzari. Leku aldaketea kritikau ostean, eragiketa hori “ETB-ren estaldutako erreskatea ez ete dan” galdetu deutso Irune Sotok Diputatuari, baina Iruarrizagak ezetz erantzun deutso.
TXIROTASUN ENERGETIKOA
Ekonomia eta Ogasuneko batzordeak, Euzko Abertzaleak Taldeak (EAJ-PNV), Bizkaiko Lurraldeko pertsonen eta familien artean gertatu daitekezan “txirotasun energetiko” kasuei aurre egiteko aurkeztu dauen Arauz Besteko Proposamena onartu dau. Ekimen hori defendiduteko unean, EAJ-PNV taldearen bozeroale andreak “Euskadik daukan gizarte babeserako sistemea goraipatu dau, Sarreren Bermerako Errentaren eta Gizarte Larrialdietarako Laguntzen bitartez, batez be, horreei esker txirotasun kasu larriak saihestea lortzen dalako, txirotasun energetiko egoerak barne”.
Onartutako proposamena Gobernu Zentralean zentretan da, eta eskaerea egiten dau, Gobernu horrek txirotasun energetikoari aurre egiteko neurriak martxan jarri daizan, eta datozan hamarkadetarako Espainiaren eredu energetikoari buruzko “akordio handia” bilatu daian. Holan, Batzar Nagusiek eskaerea egin deutsie Madrilgo Gobernuari, “Diputatuen Kongresuan, premina osoz, ingurumenaren iraunkortasuna, energiaren autonomia, hornikuntzaren segurtasuna, bideragarritasuna eta lehiakortasun ekonomikoa kontuan hartuko dituan epe luzerako Energia Plana aurkeztu daian”.
Ekimena, EAJ-PNV taldearen sei botoakaz baino ez da onartu. Ganerako talde guztiak abstenidu egin dira.
Socialistas Vascos (PSE-EE) taldeak, gai beraren inguruan aurkeztu dauen Arauz Besteko Proposamena, barriz, ez da onartu. Proposamen horrek, “txirotasun energetikoari” aurre egiteko hainbat neurri jasoten ebazan, “energiarentzat eta urarentzat prezio sistema zuzenagoa” jartea, besteak beste. Proposamena ez da onartu, EAJ-PNV eta PP taldeek kontrako botoa emon dabelako. PSE-EE eta Bildu proposamenaren alde agertu dira.
Proposamen bien aurrean bakotxaren eretxia azaltzeko txandan, Eduardo Andrés PP-ko bozeroaleak, “gizarte politika hoberena enplegua sortzea dala” esan dau.
Amaitzeko, Ekonomia eta Ogasuneko batzordeak, PP-k aurkeztu dauen Arauz Besteko Proposamen bat onartu dau. Proposamen horren bitartez Batzar Nagusiek eskaerea egiten deutsie Bizkaiko Foru Aldundiari, Aldundiaren esku dagozan merkataritza soziedadeek uztailaren 5eko 15/2010 Legea bete daien, eta 30 egunetik gorakoa izango dan ordainketarako eperik euki ez daien”. Ekimena PP, EAJ-PNV eta PSE-EE taldeen aldeko botoagaz onartu da. EH Bildu abstenidu egin da.