ESKUALDEKO PLAN ESTRATEGIKOEK 277 MILIOIKO INBERTSINOA AURREIKUSTEN DABE HIRU URTEAN, EZKERRALDEA, MEATZALDEA ETA ENKARTERRI BARRINDARTZEKO
- Aldundiak Bizkaiko Batzar Nagusietan aurkeztu ditu Eusko Jaurlaritzagaz batera garatuko diran Ezkerraldea-Meatzaldeko eta Enkarterriko Eskualdeetako Plan Estrategikoetan (EPE-PEC) jasotako proiektu “traktoreak”
- Ekonomia Sustatzeko Sailak Bizkaia Orekan Sakonduz programaren balantzea egin dau
- Eup! Plataformak beste “523” saltoki ditu atxikitzeko prozesuan.
(Bilbon, 2021eko garagarrilaren 12an). Ainara Basurko Ekonomiaren Sustapenerako foru diputatuak agerraldia egin dau gaur goizean Bizkaiko Batzar Nagusietan, bere ekimenez, Eusko Jaurlaritzagaz batera gauzatutako Eskualde Plan Estrategiko (EPE-PEC) bitan dagozan proiektu “traktoreak” ezagutzera emoteko. Proiektu horreetako bat Enkarterrirako da, eta 65.772.248 euroko inbertsinoa aurreikusten dau, eta bestea Ezkerraldea-Meatzalderako, 211.575.071 eurokoa. Bien artean, EAEko erakundeek 277,3 milioi euro jarriko ditue 2021-2023 aldirako eskualde “behartsu” horreetan.
Proiektuak partaidetza-prozesu baten bidez –“36 bilera”– aukeratu dira, eta eskualde bakotxeko eragile ekonomiko, sozial eta instituzionalek esku hartu dabe, Eusko Jaurlaritzaren, foru aldundien eta ikututako eskualdeetako udalen artean (talde “eragilea” osatzen daben erakundeak) egin diran planak gauzatzeko prozesuaren bidez. Proiektu horreek arlo honeei jagokez: ekonomiaren suspertzea, enpleoa eta prestakuntzea, gizarte-kohesinoa eta zerbitzu publikoak, uriaren eta ingurumenen berroneratzea, eta lurraldearen egituratzea eta jasangarritasuna.
Metodologia “parte-hartzailea” eta plan biak egiteko gauzatu diran faseak errepasau ostean, Basurkok hamar urteko epean gauzatu gura diran dozena bat proiektu “traktore” aitatu ditu. Halanda be, erakunde biek hitzartutako zenbateko ekonomikoa datorren hirurtekoari jagoko. Aldundiak, 2025ean proponidutako planen gauzatzearen ganeko “tarteko hausnarketea” aurreikusten dau.
Enkarterriko kasuan, 6 proiektu “traktore” nabarmentzen dira. Basurkok FEVEko trenaren eraldaketea eta BI-630 errepideko lau tarte hobetzea aitatu ditu Enkarterriko elementu egituratzaile moduan. Bigarren proiektuak turismo eta kultur aktiboen arteko loturea aurreikusten dau. Hezkuntzaren arloan, San Viatorren LHko heziketa-ziklo barriak sartzea aurreikusten da. Planak, banda zabal ultralasterra eskualdeko leku guztietara zabaltzea eta 5G teknologia hedatzea be aurreikusten dau. Enpresa-egiturari jagokonez, enpresa-espazioak sortzea aurreikusten da, eta, zehatzago esanda, Elkartegi barri bat eskualdean, eta Enkarterrin bioekonomia bultzatzea, basogintza-sektorean oinarri bioteknologikoa izango dauen zentro teknologiko baten bidez.
Ezkerraldea-Meatzaldearen kasuan, eskualdeko programak beste dozena erdi proiektu traktore aurreikusten ditu. Erakunde biek, eskualdeko parke teknologikoa eta Energy Intelligence Center (EIC) izenekoa garatzeko konpromisoa hartzen dabe, eta baita gailu medikoetarako zerbitzuak eta osasun-sektoreko enpresa-parke bat “epe ertainean” eregiteko konpromisoa be. Lurzoru kutsatuak berreskuratzea izango da enpresa-espazioak garatzeko beste apustu handietako bat. Jarduketa integralak egingo dira egoera zaurgarrian dagozan auzoetan; Bilbo-Muskiz C2 linea eguneratu egingo da; eta ondare industriala eta itsasadarra balioztatu egingo dira, Erandio-Barakaldo oinezkoen pasabidearen bidez.
BIZKAIA OREKAN SAKONDUZ
Bizkaiko Batzar Nagusietako Ekonomiaren Sustapenerako Batzorde berean, eskualdeko lehiakortasuna eta oreka bultzatzeko Bizkaia Orekan Sakonduz (BOSz) proiektuaren azken barrikuntzen errepasoa egin dau foru diputatuak. “Eskualdeen arteko lankidetza-sarea” da, eta helburu estrategiko honeek ditu: “arretea industria eta zerbitzu aurreratuetan jartea, toki-garapeneko eragileen lehiakortasuna garatzea eta ekonomia sustatzeko politikak eskualdeen berezitasunetara egokitzea, eta maila anitzeko gobernantzea artikuletea”, azaldu dau Basurkok.
Eskualde mailako lehiakortasuna sustatzeko programa horrek 2020an izan eban eragina laburbiltzeko esan behar da “onuradun izan ziran 24 erakundek aurkeztutako 47 ekimen” babestu zirala, 936.736 euroko aurrekontuagaz. Ekonomiaren Sustapenerako Sailak aurton “996.000 euro” erabili ahal izatea aurreikusten dau, % 6,4 gehiago. Inpaktuaren letra txikiak “nazinoartekotzeko 3 merkataritza-xede birtualetan parte hartu daben 20 enpresa” aitatzen ditu. Barrikuntzaren arloan Indartuz programa Digitala landu da “7 agentziakaz, 370 enpresatara helduz”, eta “barritzen ari ez ziran enpresetan 40 barrikuntza-profil” garatu dira, eta baita “barrikuntza-dinamika edegiak be, 8 enpresagaz”. Horrez gain, “eskualdeko 3 gida eta katalogo” egin dira, eta “58 enpresagaz lankidetzarako B2B plataforma bat” sortu da. Ganera, “30 enpresa traktoreri baino gehiagori” laguntzea eta bisitak egitea aurreikusten da.
Basurkok Bizkaiko eskualde bakotxaren eta martxan jarri diran ekimenen erradiografia egin dau, enpresa egituraren azterketea barne hartzen dauen azterlana, hain zuzen be. Eta eskualdeen artean alde handiak dagoz. Nabarmenena eskualde bakotxak enpleoa sortzeko daukan gaitasunagaz dauka zerikusia. Txorierri 100 biztanleko 158 lanpostu sortzeko gai dan bitartean, Enkarterrik 8,5 lanpostu baino ez ditu sortzen.
Batzar Nagusietako Oposizinoko taldeek eskualdeko lehiakortasun politika horreek lantzen jarraitzeko deia egin deutsie Aldundiari; izan be, datuek “erakusten dabe eskualdeen artean desoreka handiak” dagozala eta “kasu batzuetan handitu” egiten ari dirala, Iker Rahona EH Bilduko batzordekideak azaldu dauenez.
BESTE GAI BATZUK
Bizkaiko Batzar Nagusiek, Elkarrekin Bizkaiak proponiduta, atzera bota dabe Urdaibaiko egoera sozioekonomikoaren ganean egin dauen ikerketea aurkezteko Ramon Zalloren agerraldia, kontrako 10 botogaz eta aldeko 5 botogaz. Batzar Nagusietako taldeek, agerraldia Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarako Batzordean egitea eskatu dabe.
Batzorde berean, Sestao Bai industria-parkearen egungo egoeraren, Muruetako ontziolaren lekualdaketaren, eta Eup! Plataforma digitalaren ganeko ahozko hainbat erantzun-eske egin dira. Aldundiak BBKgaz batera sortu dauen plataformari jagokonez, Basurkok adierazi dau daborduko “227” saltoki dagozala atxikita, eta une honetan beste “523” saltoki dagozala atxikimendu hori gauzatzeko bidean; horreetatik “176k” kontratua sinatuta daukie eta “347” kasutan prozesua “aurreratuta” dago.